Guggenheim
Andy Warhol | Autorretratua | Guggenheim Bilbao Museoa
Aurreko erakusketa

Pop artea 1960ko hamarkadaren hasieran sortu zen Estatu Batuetan. Dadaismoan sustraitutako artearen mugimendu hori hedapen handiko irudien munduan inspiratu zen. Izan ere, hortik datorkio izena. Hala, pop artisten inspirazio-iturriak iragarkiak, aldizkari merkeak, publizitateko panelak, pelikulak, komikien zerrendak eta erakusleihoak izan ohi ziren, eta iturri horietatik lortzen zituzten ondoren irudiak, umorez, graziaz eta ironiaz aurkezten zituztenak (baita batzuetan manipulatu ere). Herri kulturaren irudien erabilera hori kultura horren goraipamen edo kritika gisa har daiteke.

Aurkezpen honek hasierako urteetan pop arteak arrakasta izaten lagundu zuten artista estatubatuar batzuen artelanak bildu zituen, hala nola, hauenak: Jim Dine, Roy Lichtenstein, Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen, Robert Rauschenberg, James Rosenquist eta Andy Warhol. Erakusketan, Rauschenbergen lana gainerako pop artisten espresibitate txikiagoko produkziotik bereizita aurkeztu zen. Haiek ez bezala, Rauschenbergek pintzelkada espresionistak eta hainbat iturritan aurkitutako irudiak elkarren ondoan jarri zituen. Irudi horiek transferentzia-teknikaren bidez aplikatzen zituen mihisean edota serigrafia komertziala erabiltzen zuen, eta zenbaitetan objektuak ere gehitzen zituen, esate baterako, koladun edari freskagarrien botilak eta gasolindegietako seinaleak.

1960ko hamarkadaren hasieran Jim Dinek eta Claes Oldenburgek, beste batzuen artean, Espresionismo Abstraktuan keinuak eta subjektibotasunak duten inplikazioa eszenaratze lanetara eramaten zituzten, eta iskanbila handia eragin ohi zuten. Antzezpen haiek happening izenez ezagutzera eman ziren ondoren eta lehendik zeuden balore estetiko guztiak hautsi zituzten. Antzezpenen emaitza gisa objektuak sortzen zituzten, AEBko gizarte kontsumista aditzera ematen zuten hiriko hondakinetan oinarrituta. Geroago, Oldenburgek eskala handiko eskulturak eta proiektuak egin zituen Coosje van Bruggenekin lankidetzan. Harekin ezkondu zen 1977an.

Lichtensteinek komikien inprimaketa merkeen puntuzko trama imitatu zuen haren artelanetan; tradizioz "behe-mailakotzat" hartu izan ohi zen horretan oinarritu zen beraz. Warholek, beste pop artista batzuek bezala, egunkarietan, sustapenerako materialetan eta iragarkietan aurkitutako irudi inprimatuak hartu zituen gai gisa, eta obrak sortzeko serigrafia erabili zuen, erreprodukzio teknika masiboa alegia.

Pop artistek gutxiesten ziren gaiak erabiltzean, esate baterako, jende ospetsuaren inguruko kultua eta janari markak, AEBko kulturaren goraipamena egiten zuten, batzuen ustez; beste batzuen aburuz, berriz, "behe-mailakoa" besterik gabe, pentsatu gabe, hausnartu bate, onartu zuten.

 

Andy Warhol
Autorretratua (Self-Portrait), 1986
Serigrafiatutako tinta polimero sintetikozko pintura gainean mihise gainean
269,2 x 269,2 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Dohaintza, Anne eta Anthony d'Offay 92.4033