Ruth Asawa
2026.03.18 - 2026.09.13
Ruth Asawa (Norwalk, Kalifornia, 1926–San Frantzisko, Kalifornia, 2013) Bigarren Mundu Gerraren ondotik AEBk eman zuen sortzaile dohatsu eta emankorrenetako bat izan zen. Kalifornia hegoaldeko etxalde batean hazia, 1942an Asawa nerabea eta bere familia japoniarrak barneratzeko estatubatuar esparruetan kartzelatuak izan ziren. 1946an, Ashevilleko (Ipar Carolina) Black Mountain College ikastegi esperimentalean matrikulatzea lortu zuen.
Ikastegi hartako giro bizi eta sormenez beteak, baita Josef Albers bezalako irakasleen estimuluak ere, material arruntek (hala nola zigiluak, zuhaitzen hostoak, papera eta, geroago, alanbrea) sorkuntza artistikorako ematen zizkioten aukerak aztertzera bultzatu zuten. Bere lehen berrikuntzen artean, alanbrezko kiribilekin egindako eskultura zintzilikariak daude, forma sentsual eta gardenekoak, errepikapena, forma, itzala eta espazioa bezalako nozioak arakatzen dituztenak. 1949an, Asawa San Frantziskora joan zen bizitzera eta hiru dimentsioko lanak egiten hasi zen bere ekoizpena hedatzeko. Loreak, sustraiak, zuhaitzak edo nerbio-sistemak bezalako egitura organikoak iradokitzen dituzten pieza konplexuak osatzen zituen lotutako alanbrea erabiliz, eta bestelako lanak ere egiten zituen: urtutako brontze galbanizatuz sortutako piezak, pinturak, grabatuak zein marrazkiak. 1960ko hamarkadaren amaieran, Asawa oso ezaguna zen San Frantziskoko badian, bai eginak zituen arte publikoko enkarguengatik, bai arte-hezkuntzaren alde egiten zituen aldarrikapenengatik eta eskubide zibilen inguruko mugimenduetan zuen lidergoagatik. Asawaren lanarekiko estimua azken hamarkadetan asko hazi bada ere, atzerabegirako hau izango da museo batean egilearen ekoizpen bikain, askotariko eta berritzailearen alderdi guztiak barne hartuko dituen lehen erakusketa handia.
Aretoak: 103, 105
Komisarioak: Janet Bishop, Cara Manes; Geaninne Gutiérrez-Guimarãesekin batera
Egoitzak: San Francisco Museum of Modern Art, San Frantzisko; Museum of Modern Art, New York; Guggenheim Bilbao Museoa; Fondation Beyeler, Riehen/Basilea
Ruth Asawa
Ruth Asawa artista alanbrezko eskulturak sortzen, Kalifornia, Estatu Batuak, 1954ko azaroa
Artelana: © 2025 Ruth Asawa Lanier, Inc.
Eskaintza: David Zwirner
Argazkia: Nat Farbman/The LIFE Picture Collection/Shutterstock

