Guggenheim
The-Otolith-Group

Otolith Group 2000. urtean sortu zuten Kodwo Eshun (Londres, 1966) eta Anjalika Sagar (Londres, 1968) artistek, eta grabitatearekiko eta mugimenduarekiko sentikorra den eta orekaz arduratzen den barne-belarriko egitura batetik datorkio izena. Taldea jardunbide artistiko garaikideei buruz eztabaidatzeko plataforma bat da, eta filmak, instalazioak eta performanceak ekoizten ditu, zientzia-fikzioko istorioak eta hiru kontinenteren ondarea (bereziki Asia, Afrika eta Hego Amerikarena) sakon aztertuta. Bere jardunbidean, Otolith Groupek irudi garaikideekin eta artxibokoekin, soinu-grabaketekin, dokumentu-erregistroekin eta fikziozko narrazioekin egiten du lan, poesiaren, historiaren eta errealitatearen eta imajinazioaren arteko mugak lausotzeko asmoz. O Horizon film-instalazioa Visva-Bharati eskola modernoari buruzkoa da. Eskola hura 1921ean sortu zuen Rabindranath Tagore Nobel saridunak; hain zuzen ere, Indiako artean, literaturan, musikan eta hezkuntzan eragin nabarmena izan zuen aditu kosmopolitak. Pieza Mendebaldeko Bengalan kokatutako Santiniketan herrian filmatu zuten, bost urtez, eta Tagoreren ingurumen-pedagogiako uneak irudikatzen ditu, kantua, musika eta errezitala uztartzen dituzten azterlan eta zirriborro gisa, Tagoreren imajinarioa XXI. mendera ekarriz. Piezaren izena Santiniketanen inguruko azaleko lur-geruzatik dator. Geruza hura aldatu egin zen Tagorek flora-espezie berriak sartu zituelako eskola sortu zuenean. Ibilbide konplexu horiek aztertuz, filmak sakondu egiten du Otolith Groupek Antropozenoari buruz egiten duen ikerketan. Antropozenoa gaur egungo aro geologikoa da, non gizakien ekintza funtsezko aldaketak eragiten ari baita kliman eta ingurumenean.

The Otolith Group. O horizontea (O Horizon), 2018.
Ikus-entzunezko ekoizpeneko irudia. Artisteen eskaintza
©The Otolith Group