Artetik: From the Art

Zer sentitzen duzu Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren aurrean jartzerakoan?
Besteek ere gauza bera sentituko ote dute obra berberari begira?
Berrikuntzarekiko eta edukien irisgarritasunarekiko konpromisoaren baitan, Museoak esperientzia digital aitzindari bat jarri du abian, Bildumaren bitartez beste bisitari eta artelan batzuekin konektatzeko aukera ematen duena. Museoko aretoetan gelditu, arretaz behatu eta artea ohikoa ez den modu berezian sentitzeko gonbidapena luzatzen duen esperimentu kolektiboa da.
Artea eta giza sentimenduak ditu abiaburu, elkarrengandik bereizi ezineko kontzeptuak biak ere. Urteak joan, urteak etorri, artelanek emozio andana transmititu eta piztu izan dute teknika, kolore eta material ezberdinen bitartez. Zer-nolako sentipenak eragiten ote dizkie hemen eta orain haiei so daudenei?
Instalazio honek Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma osatzen duten artelanen aurrean sentitzen dutena aztertzeko aukera eskaintzen die bisitariei. Arian-arian osatuz doan esperientzia digitala da, emozioen grafiko kolektibo bat sortzen duena jendeak erabili ahala. Gainera, bildumaren baitan antzeko emozioak pizten dituzten bestelako artelanak ezagutzeko aukera ere ematen du.
Proiektua Guggenheim Bilbao Museoaren eta Google Arts & Culture ekimenaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta Kaliforniako Unibertsitateko (Berkeley) zientzialariek arteari eta emozioei buruz egindako ikerketa du abiapuntu.
Esperientzia paregabea prestatu dugu zuretzat: zatoz eta senti ezazu artea Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarekin!