Bourgeois mama

Ama

Louise Bourgeois
Ama
(Maman), 1999 (2001ean galdatua)
Brontzea, marmola, eta altzairu herdoilgaitza
895 x 980 x 1,160 cm, Edizioa: 6 aletik 2.
Guggenheim Bilbao Museoa

“Armiarma amari oda da. Nire lagun hoberena zen. Armiarma baten modura, ama ehulea zen. Nire familiak tapizak zaharberritzen zituen, eta ama arduratzen zen lantegiaz. Armiarmak bezala, ama oso argia zen. Armiarmak gure adiskideak dira, eltxoak jaten baitituzte. Jakina da eltxoek gaixotasunak zabaltzen dituztela, eta, beraz, ez ditugu maite. Hortaz, armiarmek lagundu eta babestu egiten gaituzte, amak egiten zuen moduan”. —Louise Bourgeois[1]

Louise Bourgeois (Paris, 1911–New York, 2010) artista estatubatuar-frantsesa zen. Ibilbide artistiko bereziki luzea izan zuen arren, ia mende oso bat, arte-giroaren aitortza eskasa izan zuen 70 urte eduki arte. Bourgeois ezaguna da tamaina handiko eskulturak eta arte instalazioak egiteagatik, baina bere artegintzan aipatu beharrekoak dira pinturak, grabatuak eta performancea ere. Eskulturak intimoak dira batzuetan, monumentalak bestetan; gainera, horiek egiteko askotariko bitartekoak erabili zituen, adibidez, zura, brontzea, latexa, marmola eta ehuna.[2] Lan biziki pertsonalak eta autobiografikoak egin zituen eta, sarritan, haurtzaroko oroitzapen mingarriak azaleratzen zituen, aita ez baitzen fidela amarekin, eta amak, maitagarria izanagatik, utzi egiten zion.[3]

Ama (Maman, 1999) 2000ko maiatzean Tate Modern's Art Gallery Turbine Hall-en inauguraziorako aginduz egiteko eskatu zioten artistari; Bourgeoisen artelan handi eta ospetsuenetako bat da. Eskultura altzairuzko armiarma erraldoi itzel bat da, ia 9 metro garai dena. Badu zorro bat sabel azpian, eta marmolezko 10 arrautza ditu; bere sabelaldea eta bularraldea, brontze zimurrez eginda daude. Bourgeoisek sortu zuen armiarma-eskulturen serie bateko handiena da. Lehenengo aldiz 1947an tintaz eta ikatz-ziriz marraztutako irudi batean dago oinarrituta.[4] Bourgeois, orduantxe hasi zen armiarmak zirriborratzen, eta azkenera arte ere hala segitu zuen. 1990 erdialdera, baina, armiarmek garrantzia hartu eta ezinbesteko gai bihurtu ziren.

Frantsesezko Maman “ama” edo “amatxo” itzuli ohi da, ume batek amari deitzeko erabiltzen duen deia. Itxura beldurgarria duen arren, armiarma Bourgeoisek amari egiten dion gorazarre maitagarria da. Ama Bourgeoisek 21 urte zituela hil zen, eta tapizgilea zen. Armiarmaren bidez, amak artistaren baitan utzitako aztarna sakona erakutsi nahi izan zuen, bere amaren indarrari egiten dio erreferentzia, ardazketaren, ehuntzearen, heztearen eta babesaren metaforak baliatuz.[5]

Bourgeoisen armiarmak, gainera, ugalkortasuna adierazten du marmolezko arrautzen bidez, eta amatasunaren ideia anbiguo bat aztertzen du: animalia babeslea eta harraparia da aldi berean, amarauna kuskuak ontzeko eta harrapakinak lotzeko erabiltzen baitu; gainera, armiarmak indarra zein hauskortasuna gorpuzten ditu. Armiarmak begirunea eta izua eragiten gaitu, baina ahulezia ia hunkigarri bat ere antzeman dezakegu: horren handia denez eta horren hanka luze eta meheak dituenez, ematen du ezin dela zutik egon; halere, hankek kaiola- eta babesleku-lanak egiten ditu aldi berean (arrautzak gordetzen ditu).[6]

1. http://www.tate.org.uk/about/press-office/press-releases/tate-acquires-louise-bourgeoiss-giant-spider-maman
2. https://www.guggenheim-bilbao.eus/en/the-collection/works
3. Ibid.
4. http://www.tate.org.uk/art/artworks/bourgeois-maman-t12625/text-summary
5. http://www.tate.org.uk/about/press-office/press-releases/tate-acquires-louise-bourgeoiss-giant-spider-maman
6. https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/lanak/ama/

Preguntas

Erakutsi Ama (1999)

Begiratu arretaz eskultura honi. Zer ematen dizue atentzioa? Nola deskribatuko zenukete? Idatzi begiratzen diozuenean burura datozkizuen hitzen zerrenda bat. Konparatu zerrenda beste ikasle batenarekin. Zerrendako hitzak antzekoak edo desberdinak dira? Hitz egin zuen aukerei buruz.

Bourgeoisek hiru solairuko eraikin bat bezain altua den armiarma sortu zuen. Zuen ustez, zergatik bihurtu zuen armiarma txiki bat eskultura handi bat? Nola eragiten du tamainak armiarmari buruzko zure iritzian? Ama ingurutik eta azpitik ibiliz aztertzea da egokiena. Nola sentituko zinateke hori eginez?

Maman, “ama” edo “amatxo” da frantsesez; artelana Bourgeoisen amaren gorazarrea da, tapizgilea bera. Zuen ama adierazteko animalia bat aukeratu beharko bazenute, zein animalia aukeratuko zenuke? Zergatik? Zein ezaugarri dituzte zure amak eta animaliak elkarrekin?