Ernesto Neto vision biologica del arte300x449

Artearen ikuspuntu biologikoa

Ernesto Netoren (Rio de Janeiro, 1964) lanak zeharkatu, bizi, sentitu eta baita usaintzeko ere sortutako lanak dira. Obrek eta ikusleak elkarri eragitean, ikusleak bere gorputza, zentzumenak eta adimena sentitu ditzake.

Ikuslea libre sentitzea da Netoren asmoa, jolas egin eta esperimentatu dezala, baina, aldi berean, artelanarekiko ardura eta errespetua eskatzen digu; izan ere, giza gorputza bezalaxe, artelanak hauskorrak dira eta ahalik eta kontu handienarekin hartu behar da.

Hori dela eta, zenbait aretotan sarrera mugatu egin da. Arren, ibilbidean barrena ikusiko dituzuen jarraibideak betetzea eskatzen dizuegu, haiei esker, esperientzia hobea izango duzuelako eta arteaz gozatuko duzuelako artelanen kontserbazioa arriskuan jarri gabe.

Jarraian aurkituko duzuen unitate didaktikoak Ernesto Netoren obrak erakusten duen artearen ikuspuntu biologikoa lantzen du.


ARTEAREN IKUSPUNTU BIOLOGIKOA

Erortzen den gorputz [Le corps] emea (Leviatán Thot-i dagokiona) [O corpo que cai (Le corps) fêwmea (de Léviathan Thot)], 2006

“Nire obran, elementu guztiak lotuta daude; harremanetan oinarritzen da nire lana. Beste zerbaitekin lotutako zerbait dago beti, eta, aldi berean, horrek beste batekin du harremana... eta harreman horietan agerian geratzen da konfiantza... Dantza bat da. Dantzan ari zarenean, agerian geratzen zara.” 1 Ernesto Neto

Ernesto Netoren (Rio de Janeiro, 1964) adierazpen artistikoa material, gorputz, emozio, sentimendu eta ideien etengabeko jarioan oinarritzen da. Jendea espazioarekin konektatzea da bere asmoa eta, era berean, espazioa emozioekin, izan ere, artistaren arabera, elementuen arteko konexio hau da bizi garen munduaren −hedatzeko asmotan, mugak gainditzeko etengabe luzatzen den munduaren− ezaugarri nagusia. 2

Ernesto Netoren planteamendu hedakor honek gaur egun Neurozientziatik edo garunaren azterketa biologikotik azaleratzen diren ideiak laburbiltzen ditu, hau da, gauza guztiak seinaleen bitartez interkonektatuta daude eta seinale horiek makineria guztia −alderdi molekularretik hasi eta ingurumenak eragindako asoziazio konplexuetaraino− martxan jartzen dute. Gure garunaren neurona-egiturak dira pertzepzioaren, emozioaren eta gure ekintzen oinarria, eta barreiatu egiten dira, modu korapilatsuan interkonektatutako liana bigun bat baso tropikal trinko batean bezala. Ernesto Netoren instalazioak neurona-arkitektura honen ikuspegi makroskopiko gisa uler daitezke, hots, emariaren eta plastikotasunaren kontzeptuaren metafora indartsu gisa. 3

Artistaren obrek, oro har, hedatzen diren eta interkonektatzen diren izaki bizidunengana hurbilarazten gaituzte; etengabeko mugimendua sortzen dute eta ikuslea bera mugimendu horren zati bilakatzen da. Obrak ez daude zizelkatuta, ez margotuta, eta ez dira irudi finkoak ere; etengabeko prozesuan dauden obrak dira.

Erortzen den gorputz [Le corps] emea (Leviatán Thot-i dagokiona) instalazioa sare erraldoi batek osatzen du, eta sare hori, bere aldetik, tamaina desberdineko gasaz eta nylonezko galtzerdiz eginda dago, barruan poliestirenozko bolak dituztelarik. Sabaitik zintzilik dauden galtzerdiek tutu-forma hartzen dute pisuaren eta grabitatearen mende daudelako; muturrek, ordea, erraboil-forma hartzen dute. Gure inguruan eta gure buruen gainean dabiltza penduluen moduan esekita. Pieza honek Museoaren Atrioko espazioa erabat eraldatzen du, izan ere, edukiak hartzen dituen areto soil bat izateari uzten dio eta espazio emozional bilakatzen da, bertan gauzatzen den esperientzia artistikoa ekintza multisentsorial bihurtuz. 4

Instalazioko elementuen artean mugitzen garen heinean, gure sentimenduak espazioa partekatzen duten gainerako pertsonen emozioekin interkonektatu egiten dira. Ikusleak bezala, Atrioak ere artelanean parte hartzen du, baina ez tartean nahasten den zerbait ezezaguna balitz bezala, bertako partaide gisa baizik, aretoaren luzapen baten moduan.
Ernesto Netok etengabeko mugimendua balitz bezala ulertzen du bere obra, grabitatearen mende dagoelako: pisuaren ondorioz, lurrera erortzen da batzuetan; beste batzuetan, aldiz, kulunkatu egiten da kanpoko indar baten eraginez. Pisua, kontrapisua, tentsioa, oreka eta grabitatea elementu oso garrantzitsuak dira obra hauetan eta beste artista batzuen lanekin harremanetan jartzen dira. 5

Ernesto Netok eraikuntza biologiko utopikoa proposatzen du, bai eskulturari bai arkitekturari dagokionez, eta gorputzen eta espazioaren arteko konexioa finkatzen du. Gure gorputzak eskultura, arkitektura eta paisaia dira aldi berean. 6 Elkarren arteko harreman honetan, azala bereziki baliotsua da, gorputzen kanpoaldearen eta barrualdearen arteko muga baita. Kanpokoaren eta barrukoaren, gure kanpoko izatearen eta gure barruko kulturaren arteko borroka estutzen duen lerroa da. Harreman guztiek azal bat bestearekin harremanetan jartzeko unea dute abiapuntu. Artistikoki, dio Netok, azalean gertatzen da guztia. 7


AIPAMENAK:

1 “Intimacy” erakusketari buruz: Osloko Astrup Fearnley Museum of Modern Art. 2010eko irailaren 7a: http://vimeo.com/12637509

2 Ernesto Neto. The edges of the world. Interview (Min.: 0: 46):

3 Raphaela Platow, “El cuerpo que me lleva”, Ernesto Neto: naraman gorputza erakusketan, kat. erak. Bilbao; Guggenheim Bilbao Museoa eta Bartzelona: Ediciones Polígrafa, 2014. Ediciones Polígrafa, 2014.
4 Ibid., p. 2.
5 http://bombsite.com/issues/70/articles/2274
6 Ernesto Neto. The edges of the world. Interview

7 http://vimeo.com/27022187

Preguntas

Arretaz begiratu Erortzen den gorputz [Le corps] emea (Leviatán Thot-i dagokiona) obra eta deskribatu obra osatzen duten elementuak.

Zuen ustez, zein material erabili dira? Zein propietate dituzte material horiek? Zein sentipen transmititzen dute? Adjektiboak erabili horiek deskribatzeko.

Zer datorkizue burura sarearen forma ikustean? Zer datorkizue burura pendulu-forma horiek ikustean?

Ernesto Netoren obra Museoaren Atrioaren goiko aldetik erortzen da eta espazioan barrena barreiatzen da, eraikinaren arkitekturarekin konektatuz.

Atrioa bolumen makurrez betetako espazio argi eta handia da, eta bolumen horiek eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea lotzen dituzte beirazko gortina-horma erraldoien bidez. Erakusketarako espazioa ere bada, bai eta elkargunea ere. Zuen ustez, zein eragin du obra honek espazioan eta haren erabileran?

Ernesto Netoren aburuz, munduko gauza guztiak harremanetan daude. Zein harreman antzematen duzue sarearen eta pendulu-formen artean? Zerrenda itzazue horien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak.

Pentsa ezazue giza organismoan inspiratutako formak direla; gorputzaren zein atalekin lotuko zenituzkete? Aitzitik, paisaia izango balitz, zein motako paisaia litzateke? Adierazi paisaia horretan izango zenituzketen emozioak.

Pisua eta grabitatea oso elementu garrantzitsuak dira eskultura honetan. Nola irudikatzen duzue forma horien mugimendua piezaren inguruan mugitzen garenean?
Ernesto Netoren obretan, azalean abiatzen da bi gorputzen arteko harremana, eta azala bera da gorputzen kanpoaldea eta barrualdea bereizten dituena. Hausnarketa egin ezazue Erortzen den gorputz [Le corps] emea (Leviatán Thot-i dagokiona) obran azalak duen garrantziaz. Pentsa ezazue galtzerdien (nylonezko gasa) ordez beste materialen bat erabiltzen dela. Osatu zerrenda bat erabil zitezkeen bestelako materialekin eta zehaztu ezazue material horietako bakoitzak presioari, argiari, mugimenduari… nola erantzuten dion.