Guggenheim
Sarrera

“Artea, nire aburuz, zentzurik ez duten gauzen eta zentzua duten gauzen arteko konexioa ezartzeko aukera bakarra da. Historia sinkronia moduan ulertzen dut, bai sumerioei buruz ari bada, bai Alemaniako mitologiari buruz ari bada. Nire ustez, historia zaharrak ez dira zaharrak inondik inora. Ezta Biblia ere. Biblia irakurtzean, gauza gehienak jada azalduta daude”.(1)

Bi ibaien lurra (Zweistromland), 1995. Emultsioa, akrilikoa, beruna, elektrolisiaren bidez lortutako gatza eta zinkezko xaflazko kondentsadorea mihise gainean, 416 x 710 cm.
Guggenheim Bilbao Museoa

Sarrera

Anselm Kiefer (Donaueschingen, Alemania, 1945) Bigarren Mundu Gerrako azken borroka baino hilabete batzuk lehenago jaio zen, eta, hazten zihoan heinean, gerra modernoaren ondorioak eta bere jaioterriaren zatiketa pairatu zituen. Zatitutako nazio baten berreraikuntzaren lekuko izan zen eta berritzearen aldeko borroka bizi izan zuen. Alemaniako mitologiaren eta historiaren arteko konexioak ikertzen jardun zuen artistak, bai eta horiek faxismoaren goraldian egindako ekarpena ere. Bere margolanetako askok —paisaia erraldoiak eta barrualde arkitektonikoak, sarritan lasto eta harean txertatuak— Alemaniako literatura eta politikaren ondarea dute aipagai, eta ugariak dira Nibelungoen kanta Erdi Aroko olerki epikoari edo Adolf Hitler (1889–1945) diktadore naziari egindako aipamenak. Hasierako proiektu bat burutzeko, 1969ko Okupazioak (Besetzungen) saila, hain zuzen, Kieferrek bere buruari argazkiak egin zizkion, Frantzia, Italia eta Suitzako kokapen desberdinetan agur nazia eginez. 1990eko hamarkada hasieran Frantzia hegoaldera lekualdatu zen eta, ordurako, artistaren ikonografia zabalduz joan zen, zibilizazioari, kulturari eta espiritualtasunari buruzko gai unibertsalagoak landuz. Horrela, alkimia, mito zaharrak eta Kabala hartu zituen iturritzat.

Kiefer Neoespresionismoaren —keinu bidezko pintzelkada bortitza ezaugarri duena— ordezkari nagusietako bat da. Ez da ohikoa kolore distiratsuak eta argiak ikustea bere artelanetan; bere irudiak atmosferikoak, lausoak dira, eta, maiz, ilunabarra irudikatzen dute, eta grisa kolore nagusi da. Tamaina handiko lanetan paleta ia monokromoa eta teknika mistoa konbinatzen ditu, horren baitan zenbait material tartekatuz: errautsa, igeltsua, haziak, lurra, lastoa eta berun-zerrendak. Materialen gaineko esperimentazioak sekulako garrantzia du Kieferren prozesu sortzailean. Hautatutako materiala gaiarekin konbinatzerakoan, esanahi sinbolikoa hartzen du. Bere artelanetan biltzen dituen objektuak haien identitate fisikoaz harago doaz, eta beren kasa mintzatzen dira, artistaren obsesioak asoziazio eta metafora aberatsen bidez agerian utziz. Hareak, loreek, adar lehorrek, lastoak eta burdinazko objektuek Kieferrek metamorfosiarekiko duen lilura erakusten dute. Beruna oinarrizko materiala da, bai bere ezaugarri fisikoengatik eta eraldatzeko gaitasunagatik, bai alkimiarekin eta Kabalarekin duen erlazioagatik.

Bi ibaien lurra (Zweistromland, 1995) margolana Tigris eta Eufrates ibaien arteko lurraz mintzo da, hain zuzen, bi ibaien ertzetan gizateriaren herri zaharrenetako batzuk finkatu ziren, zibilizazio mesopotamikoa kasu. Bestalde, lur hori Babilonia zaharra ere bada eta, bertan, idazketa asmatu zuten sumerioek K. a.IV. milurtekoan. Kieferren margolanak lur hori gogora ekartzen du, bai eta bertako zibilizazioak eta kultura idatziaren finkapena ere. Mihisearen eskuineko goiko aldean inskribatuta ageri den titulua hitz idatziaren aipamen gisa uler daiteke bere horretan, eta zibilizazioez eta aroez harago doan arrasto iraunkorra uzten du. Erregistroek ere kultura horien hondamendiaz eta gainbeheraz harago egiten dute, eta margolan honen bidez, horien iragana orain bilakatu dute. Bi ibaien lurra margolanaren aurretik izen bereko eskultura egin zuen; berunezko zenbait liburuk hitz idatziaren eta historiaren iraunkortasun sentipena transmititzen dute obra horretan. Berunezko liburuen erabilerarekin jarraituz. Kieferrek Paul Celanentzat (For Paul Celan, 2006) artelana sortu zuen loreek zeharkatutako liburu batzuekin, antzina emankortasunaren eta bizitzaren transzendentziaren sinbolo zirenak. Paul Celan (1920–1970) poeta eta saiakera-idazle judu errumaniarrari zuzentzen zaizkio. Mirariz lortu zuen Holokaustotik bizirik irtetea. Celanek bat egiten du Kieferren gai eta kezka askorekin: dolu eta malenkonia sentipena, eta memoria gizakiaren historiako traumak gainditzeko bide gisa gordetzeak duen garrantzia.

(1) Anselm Kieferren aipamena, Ein Gespräch: Joseph Beuys, Jannis Kounellis, Anselm Kiefer, Enzo Cucchi. Jacqueline Burckhardt-ek argitaratua. Parkett-Verlag arg., Zurich, 1986, 40. or.
López-Remiro, Miguel. “Anselm Kiefer”. Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman. Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo-TF Editores, Madril, 2009, 142-47. orr.
Spector, Nancy. “Anselm Kiefer”. Guggenheim Museum Collection: A to Z bilduman, ed. Nancy Spector. Hirugarren argitalpen berrikusia. Guggenheim Museum, New York, 2009, 164 or.

Galderak

Galderak
Egin ezazue artelan hau deskribatzen duten hitzen gaineko ideia-jasa.
Nola deskribatuko zenukete Kieferrek artelan honen bidez sortutako giroa? Nola sentitzen zarete artelana begiratzean? Zergatik? Pentsa ezazue paisaia horretan sartzeko aukera duzuela, nola sentituko zinatekete? Zergatik?

Zein material erabiltzen ditu Kieferrek? Egin ezazue materialen zerrenda eta deskribatu material bakoitzari lotutako ezaugarriak. Zergatik uste duzue Kieferrek material horiek hautatu zituela? Zuen ustez, zein motako erlazioa dute gaiarekin?

Zein hitz erabiliko zenituzkete mihisearen gainazala deskribatzeko? Eztabaidatu ezazue material batzuen erabilerak denboran zehar duen aldaketari buruz. Zergatik interesatzen zitzaion Kieferri materialen eraldaketa?

Beruna material oso malgua eta iraunkorra da, eta eraldatzeko aukera handiak eskaintzen ditu. Kieferrek Koloniako Katedraletik hartutako beruna erosi zuen, Bigarren Mundu Gerran katedrala suntsitu ostean katedrala zaharberritzeko material hura erauzi zutenean. Hitz egin materialaren ezaugarriei buruz. Gaur egun zertarako erabiltzen da beruna? Zuen ustez, zein konnotazio ditu berunak? Zergatik uste duzue material horrek Kiefer erakartzen zuela?

Eztabaidatu ezazue material honek artistaren lanetan duen esanahiari edo esanahiei buruz. Honako hau dio Kieferrek:
“Zinez atsegin dut katedral gotikoa berunez (material iragazgaitza eta argiaren aurrean iraunkorra) estalita egotearen paradoxa, berez, zeruarekin batzea bilatzen zuela kontuan hartuta. Atsegin dut berun hori, eraldaketak jasan dituelako, istorio ugari, aztarna ugari dituelako, eta tolestu daitekeelako: malgua da. Denborak gu moldekatzen gaituen bezala, denbora ere landu daitekeen materiala da.” 2

Historia berreraikitzea iraganeko zauriak sendatzeko eta horien aurrean leheneratzeko oso garrantzitsua dela uste du Kieferrek. Zergatik uste duzue iragana gogoratzea hain garrantzitsua dela Kieferrentzat? Antolatu Alemanian edo beste edozein herrialdetan gerrak izandako ondorioen inguruko mahai-ingurua, eta hitz egin gerrako oroitzapenek pertsonei eragiteko moduari buruz. Hitz egin ezazue iragana ezagutzeak duen garrantzi handiari buruz.

Zer iradokitzen dizue tituluak? Zein beste titulu jarriko zeniokete artelan honi? Zergatik? Artelanaren titulua ezagutzeak nola eragiten dio artelanaren pertzepzioari?

Margolanaren tamainak nola eragiten dio margolanak eragiten duen inpaktuari? Tamaina txikiagoa duela irudikatu. Nola eragingo lioke tamainak artelanaren inpaktuari? Zergatik uste duzue Kieferrek tamaina erraldoia hautatu zuela?

Anselm Kieferren elkarrizketa Bernarad Commentekin, “Cette Obscure claret qui tombe des ètoiles”, Art Press, Paris, 1998ko iraila, Anselm Kiefer-en argitaratua, erak.kat. , Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, Skira, Milan, 2007, 294–95. orr.

Jarduerak

Banatu ezazu ikasgela bi taldetan. Talde bakoitzak eraldatu daitezkeen eta denboraren poderioz metamorfosia jasan dezaketen hiru material hautatuko ditu. Buztina, loreak, belarra, zur-zatiak, plastikoa, lurra, harria, ura eta abar erabil ditzakete. Hausnartu ezazue hautatuko materialen inguruan: horien ezaugarriak, erabilerak, eta idatzi horri buruz. Material horiekin esperimentuak egin: kanpoan utzi klimak haiengan eragindako ondorioak behatzeko, eta, ondoren, barruan gorde. Aztertu aldaketak eta idatziz jaso; prozesu osoaren argazkiak egin. Zein material aldatzen dira gehien?

Erregistro-liburu bat sortu zuen oroitzapenak sinbolizatzen dituzten irudiak, objektuak eta materialak bilduz. Saiatu zaitezte liburuak denboraren igarotzea islatu dezan. Denbora iragan dela adierazteko, lehen jarduerako material higatu eta eraldatuetako batzuk erabil ditzakezue.