Dibujo mural 831 Sol Lewitt 300x234

Horma-irudia 831.zk

“Artista batek arte kontzeptualaren bidea hautatzen duenean, plangintza eta erabaki guztiak aldez aurretik hartzen direla esan nahi du, eta gauzatzea erabat mekanikoa dela. Ideia artea sortzeko makina bilakatzen da.”(1)

Sol LeWitt, Horma-irudia 831.zk (Forma geometrikoak), 1997. Akrilikoa horma gainean. Kokapen zehatzeko neurriak. Guggenheim Bilbao Museoa.

Sarrera

Sol LeWitt 1928an jaio zen Hartford, Connecticuten. Arte Ederretan lizentziatu zen Siracusako Unibertsitatean eta Koreako Gerran aritu zen artista grafiko gisa; ondoren, 1953an, New Yorkera jo zuen, hain zuzen, publikoa Espresionismo Abstraktua aitortzen hasi zen unean. Zenbait lanetan aritu zen bizirauteko, besteak beste, I.M. Pei arkitekto gaztearentzako lan egin zuen diseinatzaile grafiko gisa. Harreman horrekin asko ikasi zuen, LeWitt berak geroago idatzi zuen bezala: “Arkitektoak ez du pala hartzen zimenduak hondeatu eta adreiluak banan-banan jartzeko. Arkitektoa artista da oraindik ere”. 2

LeWitt eta haren lagunen aburuz, Espresionismo Abstraktua estilo mugatua zen eta ez zuen sormen aukera berri askorik eskaintzen. LeWitt forma geometriko sinpleak eta inpertsonalak erabiltzen zituzten artelanak lantzen hasi zen, eta oinarrizko lerro edo forma baten errepikapena eta aldaerak arakatu zituen, artelan konplexuak lortzeko bidean. Baina, agian, garrantzitsuena jarraibide sinpleetan oinarritutako artelanak sortzeko lan-metodoa garatu izana da; horrela, beste pertsona batzuek, eta ez artistak, gauzatu zitzaketen artelan horiek. Ikuspegi honen emankortasuna adierazten dute bere horma-irudien aberastasun estetikoak eta aniztasunak, artistak marrazki horietako bat ere landu ez arren. LeWittek artearen kontzeptua ez du objektu bakar eta preziatu gisa ulertzen. Horrela, bere artelanak sortzeko, eskema-zirriborro batean deskribatutako hasierako ideia da abiapuntua, zenbait jarraibiderekin batera, eta laguntzaile talde batek moldatzen ditu bere artelanak galerietako edo museoetako hormetan, artistaren jarraibideak zorrotz jarraituz. Jarraibide batzuk sinpleak eta argiak dira; beste batzuk, aldiz, ugariak eta korapilatsuak. Marrazkiak zuzenean galeria edo museo bateko horman jartzean, LeWittek marrazkia eta arkitektura bateratzen ditu, eta, aldi berean, bere iraunkortasunari, balioari eta kontserbazioari buruzko ideiak zalantzan jartzen ditu.

Lehen horma-irudi haiek arkatzez, koloretako arkatzez, klarionaz edo argizariz egin baziren ere, hurrengo hamarkadetan barrena tintak eta koloretako tinten urkoloreak (1980ko hamarkada hasieratik) eta pintura akrilikoa (1997az geroztik) erabiltzea agintzen zuten LeWitten jarraibideek, emaitza gero eta ausartagoak eta koloretsuagoak erdietsiz. Era berean, lehen lanetan lerro zuzenak eta kurbak soilik konbinatu zituen, baina gero eta forma eta irregularragoak eta alaiagoak lantzen hasi zen. “Hormen handitasuna aintzat hartuta, horien ezaugarri fisikoak baliatzen hasi beharra dago. Antzezpen-kutsuari eta alderdi dekoratiboari lotzea saihestezina da, eta artelana nabarmentzeko erabili beharko lirateke", azaldu zuen artistak. 3 Bi ezaugarri horiek —antzezpen-kutsua eta alderdi dekoratiboa— agerikoak dira Horma-irudia 831. zk (Forma geometrikoak) artelanean. LeWittek espresuki sortu zuen artelan hau 1997an Guggenheim Bilbao Museoko bigarren solairuko galeria zabal baterako (208. galeria), hain zuzen, Museoa inauguratu zen urte berean. Artistak pintura akrilikoa erabili zuen lehen horma-irudietako bat da artelan hau, eta gorri, urdin, laranja, berde, more eta gris tonu biziak eta saturatuak erakusten ditu. Forma geometriko irregular eta ebakiak tolestu egiten dira Frank Gehryk diseinatutako aretoaren horma kurbatu eta inklinatuarekin batera, eta pintura ingurune arkitektonikoarekin bat egin eta eraldatzen da.

1. Sol LeWitt, Andrea Miller-Keller, “Excerpts from a Correspondence, 1981–1983” lanean aipatua, in Susanna Singer et al., Sol LeWitt: Wall Drawings, 1968–1984. Stedelijk Museum, Amsterdam, 1984, 19. orrialdea.

2. eta 3. J. Fiona Ragheb, “Sol LeWitt”, in Nancy Spector (ed.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. edizio berrikusia. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Preguntas

Artelanak sortzeko moduaz genuen ikuspuntu tradizionala zalantzan jartzen dute Sol LeWitten metodoek. Aztertu ezazu Horma-irudia 831.zk artelana ikasleekin batera eta saia zaitez eskuinean ageri diren galderak erantzuten.

LeWittek artea sortzeko duen metodoa arkitekto baten metodoarekin alderatu zuen. Berak baieztatu zuenez: “Arkitektoak ez du pala hartzen zimenduak hondeatu eta adreiluak banan-banan jartzeko. Arkitektoa artista da oraindik ere”. Ikasleak LeWitten hausnarketarekin bat datoz edo ez? Beren erantzuna azaldu dezatela.

Artelan hori ez zuen Sol LeWittek burutu, laguntzaile talde batek baizik, artistak idatzitako jarraibideei jarraituz. LeWitten premisa da artea ideian datzala. Zuen ustez, garrantzitsua da artistak artelana marraztu edo margotzea, edo baliagarria da artistak artelana asmatzea eta beste batzuek gauzatzea? Nola aldatzen du artea sortzeko metodo honek artelan bat “originala” dela diogunean adierazi nahi duguna?

Artelan hau zuzenean margotzen da horman, eta, kasu askotan, erakusketa amaituta suntsituko da. Zein iritzi dute ikasleek denbora epe labur batean existitzeko eta ondoren suntsitzeko sortzen den arteari buruz? Geroago ezabatu egingo den marrazki batek zein neurritan jartzen ditu zalantzan artelan “original” baten modura ezagutzen dugunaren garrantzia eta balioari buruzko ideia tradizionalak?

Artelan hau leku desberdinetan behin baino gehiagotan “bir-sortu” ahal izateak funtsezko galdera bat egitera garamatza: Artelan bat bakarra izan behar da?