Ideia artelanaren baitan
Sagarra (Apple), 1966
Sagarra letoizko xafladun plexiglasezko idulki gainean. Inskripzioa, irarria: SAGARRA
‘“Ideia’ artistak eskaintzen duena da, uhinak sor ditzan uretara jaurtitzen den harriaren modura. Ideia airea edo eguzkia da, edonork erabil dezake eta harekin ase daiteke, gorputzaren tamainaren eta formaren arabera… Jarraibideen pinturak ikusezina arakatzeko aukera eskaintzen du, hots, denbora eta espazioa kontzeptuaz harago dagoen mundua. Eta, orduan, jarraibideak desagertu egingo dira eta behar bezala ahantziko dira”. Yoko Ono. 1
Yoko Onoren (Tokio, 1933) obra hizkuntzan, musikan eta filosofian oinarritzen da. Artea ideia modura ulertzen du Onok eta, sarritan, hitzek edo ahoz emandako jarraibideek ekintza sorta martxan jartzen dute, artista ez ezik, ikuslea ere bizitzaren eta existentziaren inguruko galdera eta hausnarketetan murgilduz.
1962an Pinturak egiteko jarraibide batzuk (Instructions for Paintings) jarraibideak aurkeztu zituen eta ikusleak berak burutu beharreko zenbait ekintza fisiko edo mental proposatzen zituzten jarraibide horiek. Pintura bi funtzio bereizitan banandu zitekeela uzten zuten agerian jarraibideok: jarraibideak eta gauzatzea. Pintura amaituta dagoen zerbait bezala aurkeztu beharrean, bisitariei zenbait ekintza gauzatzeko gonbitea luzatzen zitzaien, era horretara, artelana osatu zezaten. Ikusleari, esaterako, Zapaltzeko pintura, 1960 negua margolanaren gainean ibiltzeko eskatzen zitzaion edo Ur tanta pintura, 1961 udazkena pinturaren gainean ura botatzeko2. Ikusleak artearen garapenean parte hartzera deitzen zituen arteak, estatikoa izan beharrean, artea eraldaketa, aldaketa eta hausnarketa baita.
1964an Grapefruit. A book of Instructions and Drawings (Pomeloa. Jarraibideen eta marrazkien liburua) argitaratu zuen Onok. Konposizio musikalak, pinturak eta ekintzak burutzeko jarraibideak jasotzen zituen argitalpen honek, eguneroko bizitzan entzuteko, ikusteko edo fisikoki ukitzeko esperientziak eragiteko pentsatutakoak. Esperientzia horiek, halaber, eguneroko ekintzetan islatzea zen asmoa. Askotariko hizkuntza baliabideak erabili zituen Onok jarraibide horietan, “forma minimoak izaten dituzte eta hitzen soinuak azpimarratzen dituzte, bai eta hitzen forma eta luzera ere, haiku japoniarraren antzekotasun argia agerian utziz”. Sarritan absurdura eta umorera ere jotzen du, eta jasotako prestakuntza musikala eta egindako filosofia ikasketak nabarmentzen dira. 3
Pinturak egiteko jarraibide batzuk mugarria izan zen 60ko hamarkada erdialdean arte kontzeptualaren garapenean. Garai hartan, ideiak artelana bera ordeztu zuen eta ideia hori gauzatzeko prozesuak hartu zuen garrantzia. Horrela, hizkuntza idatzia edo ahozkoa, matematikak edo numerologia eremu artistikoaren atal bilakatu ziren. 4
Ideiak gauzatzeko forma sinpleak dituzten eskultura objektuak ere erabiltzen zituen Yoko Onok batzuetan; modu industrialean sortzen zituen eta emozio zantzurik txikiena ere ezabatzen zien, zentzu horretan, eskultura minimalistaren zenbait ezaugarri bere eginez. Sagarra (Apple), 1966 obra plexiglasezko idulki baten gainean dagoen sagarrak osatzen du eta “sagarra” dioen letoizko inskripzioa irakur dezakegu bertan. Arte kontzeptualari jarraikiz, ideia eta artelana gauza bera dira. Objektuekiko hautematea desagertu egiten da, ideiek nagusitasuna hartuz. Edonola ere, ideia bat eta ikus daitekeen elementua elkarren ondoan jartzeak, irudia ahuldu beharrean, indartu egiten du eta haren botere poetikoa areagotzen du. 5
Bestetik, eguneroko objektu arruntak erabiltzeak Marcel Duchampen (Blainville-Crevon, Frantzia, 1887–Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1968) ready-made edo aurkitutako objektuaren planteamendua gogora ekartzen digu. Eguneroko objektuak testuingurutik ateratzean, artelan bilakatu zituen Duchampek. Onok proposatzen dituen esperientzietan etengabe gonbidatzen gaitu parte hartzera, batzuetan, ekintzaren bidez, beste batzuetan, hausnarketaren bidez, Sagarra, 1966 obran bezalaxe. Obra mota horiek norberaren barrualdera begira daude eta lasaitasunerako eta norbere burua ezagutzeko barne-desioak islatzen dituzte.
1988an, Apple, 1966 obraren brontzezko bertsioa burutu zuen, sagar freskoa solidotuz. 6 Hirurogeiko hamarkadan Onok brontzea saihesten bazuen ere, 80ko hamarkadatik aurrera garrantzia hartzen hasi zen bere obretan eta garaiaren egoera sozial eta psikologikoa islatzeko erabili zuen. Brontzea erabiltzeak artistak materialaren pisua eta solidotzeko ahalmena erabiltzeko grina duela adierazten du, gure garai materialistaren azalkeriarekin eta suntsikortasunarekin parez pare jarriz. 7
- Alexandra Munroe. “Spirit of YES: The Art and Life of Yoko Ono”. YES YOKO ONO, erak. kat. Japan Society Gallery, New York, (2000ko urriak 18–2001eko otsailak 14), 22. orrialdea.
- Ibid., 21.orrialdea.
- Ingrid Pfeiffer. “Bringing the World into Balance”. Yoko Ono. Half-A-Wind Show. A Retrospective, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa (2014ko martxoak 14–2014ko abuztuak 31), 27–28. orrialdeak.
- Munroe. “Spirit of YES: The Art and Life of Yoko Ono”. 24-25. orrialdeak.
- Ibid., 31.orrialdea.
- Achille Bonito Oliva. “The Interactive Field of Art”. YES YOKO ONO, erak. kat., Japan Society Gallery, New York (2000ko urriak 18–2001ko otsailak 14), 259. orrialdea.
- Ibid., 251.orrialdea.
Preguntas
Arretaz begiratu Sagarra (Apple), 1966 obrari eta deskribatu berau osatzen duten elementuak.
Sagarra asko erabiltzen den fruta da eta anekdota, ipuin, artelan, diseinu eta abarren protagonista izan ohi da sarritan.
Adibideren bat aipatu.
Zein ideiekin erlazionatu ohi da sagarra? Sagarra eslogan baten irudi gisa erabili beharko bazenu, zein ideia mota adieraziko zenituzke sagarraren bidez? Zergatik? Zein izango litzateke leloa?
Arretaz begiratu sagarraren kokalekua den idulkiari. Zein materialez egina dago? Deskribatu bere ezaugarriak. Zertan desberdinduko litzateke obra idulkia erabili beharrean Onok sagarra mahai baten gainean ipini izan balu?
Onok “sagarra” inskripzioa duen plaka jarri du. Zer berritasun ematen dio eskulturari inskripzioa duen plakak?
Landu ezazu, zure ustez, artelan batek izan beharreko balore edo ezaugarrien zerrenda.