Guggenheim
  • eu +
  • Community
Default image for educational_guide
Sarrera

Holandan ikusizko kultura funtsezkoa zen gizartean. Esan genezake begia autoerrepresentaziorako bitarteko nagusia zela eta ikusmenaren bidezko esperientziak autoezagutza modu behinena.1

1609an Hamabi Urteko Tregoa hitzartu eta Laurogei Urteko Gerra (1568-1648) aldi batez eten zuen Espainiak. Zuela gutxi independente ziren iparraldeko Probintzia Batuak (1581ean aldarrikatu zuten independentzia Probintzia Batuek, baina gerra amaiarazi zuen Westfaliako bakea sinatu arte ez ziren errepublika gisa -Zazpi Herbehere Batuen Errepublika- ofizialki osatu) merkataritza, literatura, zientzia aurrerabide eta migrazio gune bizi bihurtu ziren, bertara jotzen baitzuten nazio protestante berriak agintzen zuen tolerantzia bilatzen zutenek. Hegoaldeak, ordea, Habsburgotarren gobernu pean jarraitu zuen, beraz, aristokrazia katolikoaren eskuetan geratu ziren.

XVII. mendean zehar iparraldeko Probintzia Batuetan merkataritzaren, zientzien eta arteen goraldia izan zen -mundu osoan aitortu ziren- eta holandarrek euren nazio idenditatea eta harrotasuna taxutu zuten. Garai historiko horri Urrezko Aroa deitu zitzaion. Zazpi Herbehere Batuen Errepublika nabari zen bertan ernatu eta garatu zen ikusizko kulturak errepublikaren sinesmenak eta asmoak hezurmamitzen baitzituen. Hitzez gain, irudien bidez informazioa helarazten zuten objektuak nonahi zeuden: tapizak, mahai-zapiak, liburuak, lauzak, baita sortu eta hedatu ziren mapa eta atlas ugariak ere2.

Pintura-merkatuak gora egin zuen azkar. Elizaren edo gortearen aginduen mende egon beharrean, artistak gremioetan antolatuta zeuden eta euren lanak loraldian zegoen erdi-klaseari saltzen zizkieten. Izan ere, burgesek beharrak asetzeko baino diru gehiago zuten garai hartan. Paisaiak, natura hilak eta Holandako hiritarren egunerokoa jasotzen zuten ohitura-eszenak etxe eta negozio apaletako hormetatik zintzilik zeuden. Dirudunek hamar edo hamabost bat pintura izan zitzaketen jabetzan, baita grabatuak eta mapak ere, baina erdi-klaseko okinek eta zapatariek ere artelanak zituzten3. Hiritarrak aberasten ziren heinean, mihiseak handitzen ziren eta batzuk inbertsio gisa erosten ziren. Ikusizko kulturaren alderdi handi batek zientziari so egiten bazion ere, are alde handiagoak erlijioari begiratzen zion; baina Bibliako eszenak erakutsi beharrean, holandar artistek eguneroko agertokiak erabiltzen zituzten morala eta balore batzuk helarazteko eta hala, protestante onaren eredua azaltzeko. Erretratuak izan ezik, ez zen bestelako margorik aginduz eskatzen. "Artista gehienek estudioan zituzten pinturak saltzen zituzten"4, inoiz trukean. Holandar pintoreek xehetasunetan arreta berezia jartzen zuten, lanak dokumentazio zientifikoa balira bezala (eta batzuetan hala zen). Artistentzat garrantzitsuago zen, materialekin edo estiloarekin saiakerak egin beharrean, natura zen moduan gordetzea eta ematea.

Jan Vermeer van Delft-en Geografoa (1669) zehaztasun horren adibide da. Pinturak jasotzen duen gela geografo baten bizimodua aditzera ematen duten gaiez beteta dago: mapak, munduko bola bat armairu baten gainean, heltzen duen konpasa, unibertsoaren inguruko liburukiak eta esku pean duen liburua. Pintzelkadak ia ez dira nabari eta xehetasunak zehatzak dira5. Lana pintore baten bizitzaren analogia dela uste da; izan ere, artista batek perspektibaren zehaztasuna zaindu behar du, baina naturatik edaten du, eta horrexegatik altxatzen du burua geografoak: aztertzen ari den mapak une batez alboratu eta leihotik begira dago6. Era berean, iparraldeko probintzien nortasun berria islatzen duela irakur daiteke: geografoa zientzialaria da, aditua, ikasia, eta ikusizko kulturan zein independente bihurtu berri zen aberriko paisaian jakin-mina du.

Oharrak
1 Alpers, Svetlana: El arte de describir: el arte holandés en el siglo XVII, Hermann Blume, Madril, 1987, 28. or.
2 Ibid., 28-29. or.
3 Brenner, Carla; Riddell, Jennifer; Moore, Barbara: Painting in the Dutch Golden Age: A Profile of the Seventeenth Century, National Gallery of Art, Washington, 2007, 32. or. Erabilgarri www.nga.gov/education/classroom/dutch/dutch_painting.pdf helbidean (azken bisita: 2010eko abuztuak 16).
4 Ibid., 39. or.
5 Alpers, op. cit., 65-66. or.
6 Städel Museum: www.staedelmuseum.de/sm/index.php?StoryID=1&websiteLang=en

Galderak
  • Erakutsi ikasleei Vermeerren Geografoa, baina ez esan zein izen duen. Zenbat objektu ikusten dituzte? Zer dute komunean gaiok?
  • Guztion artean deskribatu pinturako gizona. Nolako arropa darama? Zer egiten du? Aintzat hartu haren jarrerara, begirada eta aurpegiera. Behaketa ondoren, asmatzen al dute zein ogibide duen?
  • Esan izenburua eta azaldu geografoa lurraren ingurune fisikoa eta gizakiaren habitata ikertzen duen zientzialaria dela. Haien ustez, zer adierazi nahi zuen Vermeerrek geografo baten lanaz? Hainbaten ustez, geografo hori artistaren analogia da. Alderatu geografo baten eta pintore baten bizimodua eta eginbeharrak.
  • Azaldu arteak leku adierazgarria zuela XVII. mendeko Holandako hiritarren egunerokoan. Etxe apaletan ere arteak erosten zuten eta hormatan jartzen zuten. Zer leku du arteak egungo gure bizimoduan? Nola kontsumitzen dugu?
  • Hausnartu honako aipu hau eta ondoren eztabaidatu: Artearen egungo nozioaren alde asko, artea nola kontsumitzen dugun aintzat hartuta, arte holandarrarekin taxutu ziren. Gizartean zuen rola ez da egungoaren oso bestelakoa […]7.

Oharrak:
7. Alpers, op. cit., 23. or.

Jarduerak

Ikusizko kultura

  • Adituek argudiatzen dutenez, XVII. mendeko holandar kulturan informazioa ikusizko baliabideen bidez hedatzen zuten, hots, pinturen, mapen edo grabatuen bidez. Egungo gizartean ere komunikazio bide nagusietako bat dira irudiak. Esan ikasleei egungo ikusizko kultura hausnartzeko. Zer bide erabiltzen ditugu ikusizko informazio hedatzeko? Zer mezu helarazten ditugu? Zer estilo edo teknika erabiltzen dira?
  • Proiektu honetan ikasleek egunerokoan ikusizko kultura nola azaltzen den ikertuko dute. Esan haien auzoko ikusizko kulturaren adibideak -haien ustez onenak edo interesgarrienak- biltzeko edo dokumentatzeko. Horma-irudiak, liburuxkak, jakien etiketak eta telebistako iragarkiak, adibidez, erabil ditzakete. Ikasgelan bildu duten dokumentazioaren inguruan eztabaidatu behar dute ikaskideekin. Honelako galderak egin behar dituzte: zer balore helarazten dituzte ikusizko kulturaren adibide horiek? Nork sortzen ditu? Zer asmorekin? Zer teknika erabiltzen dute? Zergatik? Azkenik, adibide horiek antolatu behar dituzte ikusizko kulturaren gainean dituzten ideiak aditzera emateko moduan. Ordenagailuak badituzue, PhotoShop moduko irudiak editatzeko programa bat erabil dezakezue eta konposaketak digitalki egin, eskaneatutako edo Internetetik hartutako irudiekin.
  • Beste ikerbide bat James Rosenquist-en lanak, Guggenheim Bildumen funtsetakoak, izan daitezke, ikusizko kulturan inspiratutako lanak baitira.


Erretratu metaforikoa

  • Vermeerren Geografoa laneko objektuek irudikatutakoa ulertzen laguntzen dute: ogibidea, interesak, bidaiak eta baloreak. Eskatu ikasleei autoerretratu bat egiteko; horretan hainbat gairen bidez euren interesen eta bizimoduaren berri eman behar dute. Zer objektuk aditzera ematen dute haien eguneroko jarduerak, interesak eta asmo profesionalak? Zein haien sinesmenak? Objektu horiez inguratuta euren burua margo dezaten animatu.