El pescador de lunas (El Pescallunes), 1949

Modest Cuixart, Ilargien arrantzalea (El Pescallunes), 1949

"Modest Cuixart-en pinturek beste eszena batzuetara garamatzate. Batzuetan, jaietako giroa eta prestidigitazioa gogora ekartzen digute. Misterioaren lilura erakusten digute."1

Modest Cuixart, Ilargien arrantzalea (El Pescallunes), 1949

Francisco Franco jeneralaren armadak eraso egin zion hautatu berri zen Fronte Popularraren gobernuari 1936an. Hasi egin zen Gerra Zibila, eta, hiru urtez, nazionalak eta errepublikanoak borrokatu ziren. Ehun milaka hildako eragin zituen, bai eta herriaren sufrimendua ere2. Ondorioz, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan gizartea eta kultura guztiz suntsituta zeuden, eta Europarekin eta beste herrialde batzuekin komunikazio-bideak eten edota oso kaltetu ziren; artistak zentsura eta zapalkuntza pean bizi ziren. Hartara, artista batzuek hainbat talde sortu zituzten, kultura-giroa indarberritzeko eta berreskuratzeko; era berean, gerra aurreko loturak, giro emankor-emankorrean sortutakoak, berriro hartu nahi izan zituzten. Garai hartako talderik garrantzitsuenetako bat Dau al Set izan zen3.

Dau al Set Kataluniako artistek eta idazleek osatutako taldea zen, baita izen bereko aldizkari bat ere. Katalanez "dau al set" "dadoaren zazpigarren aldea" esan nahi du, eta, dado batek sei alde baino ez dituenez, ezarritako mugetatik harago joateko asmoa zutela aditzera ematen digu izenak. Taldearen lotunea estilo surrealista izan zen: ametsetako irudiak eta literatura inkongruentea izan zituzten inspirazio-iturri.

Aldizkaria Modest Cuixart-ek (Bartzelona, 1925-2007) sortu zuen 1948an beste artista batzuekin batera, eta 6 urtez argitaratu zen. Aldizkariaren eragina mugatua izan zen; izan ere, ezkutuan banatzen zitzaion artean eta kulturan interesatuta zegoen elitearen zati txiki bati, eta 100 eta 200 ale bitarteko tiradak kaleratzen ziren. Nolanahi ere, artistentzat ideiak adierazteko bidea izan zen: hitzez zein irudiz baliatu ziren, alegia, saiakerak, poemak eta ipuinak eta artelanen erreprodukzioak argitaratu zituzten. Mugimendua eta aldizkaria erabili zituzten artistek akademiako arteari eta arte ofizialari aurre egiteko. Dau al Set garrantzi handia hartu zuen Katalunian, arte garaikidea bultzatu baitzuten eta arte-giroa suspertu baitzuten Gerra Zibil osteko kulturaren zapalkuntza garaian. Taldeko kideek Dadaismotik eta Surrealismotik edan zuten artelanak sortzeko, eta, batez ere, honako hauek eragin zieten: Max Ernst (1891-1976) eta Paul Klee (1879-1940) alemanak eta Joan Miró (1893-1983) katalana.

Cuixartek medikuntza ikasketak hasi zituen 1944an eta fakultatean izan zen 1946 arte; urte horretan erabaki zuen pinturan bakarrik jardutea. Bere lanetan ametsetako giroa, osagai magiko eta enigmatikoz betea, sortzeko geometria-irudiak, hala nola, izarrak eta geziak, eta asmatutako irudi eta paisaia bitxiak uztartu zituen.

1. Granell eta Guigon, Dau al Set, erak. kat., Museu d'Art Contemporani de Barcelona (MACBA), 148 or.

2. Solomon R. Guggenheim Foundation, hezitzaileen gida; Spanish Painting from El Greco to Picasso: Time, Truth, and History.

3. Fominaya, Álvaro Rodríguez. Ispilua alderantziz erakusketaren horma-testua, Bilbo 2012ko urtarrilaren 31tik irailaren 2ra ikusgai.

Preguntas

  • Begiratu arretaz Cuixarten lana. Ondo behatu, xehetasunak antzeman. Zer ikusten duzue? Zer irudi bereizten duzue? Zer ordu dela ematen du? Zergatik?
  • Cuixarten pinturetan ametsetako leku magikoak agertzen dira; horiek Dau al Set taldearen bereizgarri izan ziren. Pintura barrura sartzen zaretela imajinatu. Zer ikusiko, entzungo, usainduko eta sentituko zenukete? Nola sentituko zinatekete bertan? Gustuko zenukete? Zergatik?
  • Ametsetan bazeundete, amesgaiztoa ala amets gozo eta atsegina litzateke? Zergatik?
  • Zertan dabiltza irudiko bi pertsonaiak? Binaka, bien arteko elkarrizketa bat pentsatu behar dute ikasleek eta ondoren elkarrizketa idatzi. Zertaz hitz egiten dute? Nolakoak dira ahotsak? Elkarrizketa antzeztu behar dute, eta imajinatutako ahotsak imitatu. Giro-soinuak gehi ditzakete.