Guggenheim
Sarrera

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA

Munduko barreak (Las risas del mundo, 1999/2018)
Instalazioaren ikuspegia
37 ikus-entzunezko pantaila, metalezko egiturak eta binil-materiala
4 x 12,70 x 6 m
Esther Ferrer artxiboa
© Esther Ferrer, VEGAP, Bilbo, 2018
Argazkia: Erika Ede

Esther Ferrerrek (Donostia, 1937) proiektatzen dituen instalazioetako batzuk ez dira gauzatzen, bitarteko konplexuak edo espazio jakinak behar izaten direlako horretarako. Hala ere, artistak idazki, marrazki edo maketetan jasotzen ditu: “Espazio erreal batean egin ezin badut, ez da ezer gertatzen. Prozesua da niri interesatzen zaidana” [1].

Munduko barreak Bilboko Guggenheim Museoko erakusketa honetan gauzatu da lehen aldiz. Ikus-entzunezko pieza konplexua da; mapamundi handi bat da, eta 37 gailu elektroniko edo tableta hartzen ditu mapa horrek. Tableta horiek nazioarteko jatorri askotako gizon eta emakumeen, zahar eta gazteen, neskatila eta mutikoen aho irribarretsuen irudiak eta soinuak erreproduzitzen dituzte.

Ikuslea obra aztertzen doan heinean, aho bat ireki eta barrez hastea eragiten duen mekanismo bat jartzen da martxan; ikuslea aldentzen denean, ahoa itxi egiten da eta isilik geratzen da. Soinu-grabazio horien erreprodukzioa ikuslearekiko elkar ekintzaren ondorio da: bisitari bat hurbiltzen den unean aktibatzen da. Arte-objektu bihur daitekeen soinu-material iragankor gisa erabiltzen du barrea artistak. Ferrerrek soinu organiko eta natural bat bereganatzen du, barrea, eta denboran hedatzen du grabazioaren bitartez, aretoko espazioan ordenatzen du eta ikuslearen esku uzten du, hark obran zehar ibiltzeko bere modua aukeratzen duenean, era kontzientean edo ez kontzientean, erabakitzen baitu erreprodukzioaren ordena. [2] Instalazio osoa oinarritzen da barrearen soinuaren erabileran, ikuslearen esku-hartzetik abiatuta garatzen den musika-konposizio baten elementu gisa. Horri esker, artistak pieza honi buruz hitz egiterakoan “barre-kontzertu” espontaneoak deitu zituen horiek sortzen dira.

Hamarraldi askotan jardun zuen Ferrerrek musikariekin harreman estuan, hala nola Zaj taldeko bere kideekin (Walter Marchetti, Ramón Barce eta Juan Hidalgo); kolektibo hori 1960 eta 1970eko hamarraldietako Espainiako esparru artistikoko abangoardiakoenetako bat izan zen, eta urte luzez parte hartu zuen Esther Ferrer artistak talde horren kontzertu, jaialdi eta topeketetan. Zaj kolektiboaren proposamenek abangoardiako musika, poesia esperimentala eta performancea batzen dituzte. Talde honen performanceek testuingurutik ateratzen dituzte eguneroko bizimoduko ekintzak, eta Espainiar aurredemokratikoko adierazpen-mugak desafiatzen dituzte. John Cage artista iparramerikarraren eta musika zehatzaren eragin handia ere izan zuen Ferrerrek. Musika mota horrek modu isolatuan grabatutako soinuak erabiltzen ditu, musika-konposizioak sortzeko. Musika zehatza soinu bat testuingurutik ateratzea eta euskarri baten finkatzea ahalbidetu zuten gailuen agerpenarekin lotuta dago; horrela, soinu hori modu bereizian trata zitekeen eta manipulatu —moztu, itsatsi, gainjarri— eta, azkenean, eraldaketa-operazio horien ondoriozko soinuak behin betiko egitura konplexu batean konbinatu, entzumen-partitura gisa. [3] Musika zehatzak konposizio-planteamendu bat izendatzen du; planteamendu horretan, soinua, interpretatu beharrean, kanpoko objektu bihurtzen da, eta espazio-denbora errealitate propioa dauka, bere presentzia propioa. John Cage musikariaren sormen-ideiek eragina izan zuten Esther Ferrerren unibertso artistikoan; musikariari esker, mundu honetako edozein hots, baita isiltasuna bera ere, musika dela ulertu zuen. Instalazio honetan, barrea ia musika-tresna gisa erabiltzera bultzatzen ditu parte-hartzaileak Ferrerrek, eta gailuekiko ezartzen duen erlazioaren bitartez soinu-konposizio bat sortzen du.

Galderak

Eskaini iezaiozue minutu batzuk obran zehar ibiltzeari. Pantailetako barreak haietara hurbiltzen bazarete bakarrik entzun daitezke. Zein dira, zuen ustez, haien arteko aldeak? Nolabait taldekatu ahal izango bazenituzte, nola egingo zenukete? Zer adierazten dute barre ezberdinek? Zenbat barre mota sailka ditzakezue? Egin ezazue zerrenda txiki bat. 

Zein izan daitezke barreen eta mapamundiaren arteko loturak? Zergatik daude pantailak maparen gainean? Zuen ustez, instalazioa modu jakinen batean zeharka dezagula nahi al du artistak?

Ferrerrek adierazi zuen nahiko lukeela bisitariak bere “barre-kontzertu” propioa sortu ahal izatea. Kasu horretan, nolakoa izan liteke? Kontzertuari beste soinu batzuk gehitu beharko bazenizkiote, zer soinu aukeratuko zenituzkete? Zergatik? Nola zeharkatu nahiko zenukete instalazioa? Barre asko aldi berean entzuten saiatuko zinatekete? Edo batzuk bakarrik? Edo banan-banan ikusi eta entzungo zenituzkete? Zergatik?

Ferrerrek, bere lanaren berezko elementutzat jotzen du umorea. Bere sorkuntza gehienek dute umore-sen handia. Non ikusten duzue umorea obra honetan? Zergatik uste duzue duela gustuko artistak barrearekin lan egitea? Zer da barrea zuentzat? Zuen bizitzako zein alderdi lotzen duzue umorearekin edo barrearekin? Noizbait egin al duzue barre poztasuna ez den beste arrazoiren bategatik? Zer egoeratan izan da? Zer beste sentimendu erlaziona dezakezue jokaera horrekin? Bere obra alaitasunarekin edo beste sentimenduren batekin erlaziona dezagula nahi duela uste duzue? Arrazoitu zuen erantzuna.

Jarduerak

Barre-kontzertu bat

Bi edo hiru laguneko taldetan, asmatu eta muntatu ezazue Ferrerren instalazioan inspiratutako barre-kontzertu bat. Idatz ezazue barreari buruz, eta pentsatu zenbat barre mota dagoen: “untxi-barrea”, “barre faltsua”… Ondoren, atera zaitezte ahalik eta barre-lagin zabalena grabatzera: graba itzazue adin ezberdinetako pertsonen barreak leku ezberdinetan, soinu-gordailu edo -biltegi bat sortu arte. Behin hori sortu ondoren, taldekide guztiei gehien gustatzen zaizkizuenak aukeratu eta obra orijinal bat konposa dezakezue, soinu ezberdinekin musika-piezak ekoiztea ahalbidetuko dizuen software bat erabilita. Ondorengo aplikazioa erabilita esperimenta dezakezue: https://soundation.com/studio

Obra amaitzen duzuenean, jar iezaiozue izenburua eta erreproduzitu ikasgelan.

Sortu zuen instalazioa

Lehenik eta behin, pentsa ezazue nola aurkeztuko nahiko zenituzketen bildu dituzuen barreak instalazio batean, eta egin zirriborro bat. Bisita ezazue https://padlet.com webgunea, edo jaitsi aplikazioa tableta edo telefono batean. Padlet horma birtual bat da, eta askotariko edukiak gorde eta partekatzeko aukera ematen du: irudiak, bideoak, agiriak eta testuak. Edozein gailutatik eskura daitezke eduki horiek, modu pribatuan edo taldean erabiltzeko.

Sorkuntza-prozesuaren barruan, Ferrerrek bere instalazioen marrazkiak, maketak eta altxaera birtualak egiten ditu informatika-programak erabilita, gauzatu aurretik ikusi ahal izateko. Era horretan, muntatu aurretik sor daitekeen edozein arazo lan dezake. Padlet erabilita, Munduko barreen zuen instalazio propioa sor dezakezue. Argazkiak atera ditzakezue collage digitala lantzeko, sarean bila ditzakezue, edo plataforman bertan marraztu.

Aldizkarietako argazkiekin edo zuek sortutako marrazkiekin muntaia bat ere egin dezakezue, proiektua sinplifikatzeko.

[1] Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak erakusketaren entzuteko gida. Guggenheim Bilbao Museoa.

[2] Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak erakusketaren entzuteko gida. Guggenheim Bilbao Museoa.

[3] https://es.wikipedia.org/wiki/M%C3%BAsica_concreta

HIZTEGIA

Instalazioa: giro jakin batean esperientzia bat sortzen duen arte-generoa. Instalazioaren zati bakoitza besteekin erlazionatuta dago, baita horiek guztiak hartzen dituen espazioarekin ere. Askotan, ikusleak eta obrak elkarrekintzan egon daitezke, eta ikuslea obran edo instalazioan zehar ibil daiteke.

Musika zehatza: konposizio-planteamendu honetan, soinua —interpretatu beharrean— kanpoko objektu bihurtzen da, eta espazio-denbora errealitate propioa dauka, bere presentzia propioa. Musika zehatza soinu bat testuingurutik ateratzea eta euskarri baten finkatzea ahalbidetu zuten gailuen agerpenarekin lotuta dago; horrela, soinu hori modu bereizian trata zitekeen eta manipulatu —moztu, itsatsi, gainezarri— eta, azkenean, eraldaketa-operazio horien ondoriozko soinuak behin betiko egitura konplexu batean konbinatu, entzumen-partitura gisa

ESTEKAK

http://www.artecontexto.com/es/blog/esther_ferrer_entre_lineas_y_cosas.html
http://artishockrevista.com/2017/08/01/esther-ferrer-entrevista-ernesto-castro/
http://www.museoreinasofia.es/exposiciones/esther-ferrer

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA