Titulurik gabea, 85–065 zk. (Untitled, no. 85–065), 1985
Donald Judd
Titulurik gabea, 85–065 zk. (Untitled, no. 85–065), 1985
Aluminioa
30 x 120 x 30 cm
Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, Kunstmuseum Bern
© Donald Judd, VEGAP, Bilbo, 2016
“Laukizuzen asko dago munduan eta nik sortu dudana haietako bat besterik ez da. Ideia bezala existitzen da bakarrik laukizuzenaren ideia; erraza laukizuzenentzat eta zaila ideia gehienentzat.”. Donald Judd, 2000[1]
Donald Judd (Excelsior Springs, Misuri, AEB, 1928–New York, AEB, 1994) filosofia, arte ederrak eta artearen historia ikasi zituen New Yorken. 1940ko hamarkadan ekin zion bere ibilbide artistikoari pintura lantzen, arte-aldizkarietan kritikak idazten bizimodua ateratzen ari zen bitartean. 1950eko hamarreko urteen amaiera aldera, pinturarekin pozik ez eta, adierazpide berrien bila hasi zen, eta bereziki eskultura eta arkitektura izango ziren harrez geroztik garatuko zituen adierazpideak.
Juddek hiru dimentsioko artea ikertzeari ekin zion bitartean, bere belaunaldiko beste artista batzuk sakonagotik aztertzen hasi ziren artelanaren inguru fisikoa, haiek artelanaren osagaitzat hartua [2]. Artista haiek, artista minimalista deitu zitzaienak, forma geometriko sinplifikatuetan oinarrituta hasi ziren artelanak sortzen, material industrialak erabiliz eta artearen inguruko ideia tradizionalei desafio eginez. Minimalismoa, Espresionismo Abstraktuaren aurkako indar gisa sortu zen. Espresionismo Abstraktuak keinuan, intuizioan oinarritutako adierazpidea lantzen jardun zuen. Minimalismoak, berriz, materialak eta artelana antolatzeko moduak garatu zituzten, betiere espazioarekiko erlazioan. Hala, interakzio baten emaitza bihurtu zen artelana: objektuaren, ikuslearen eta kokatzen den espazioaren arteko interakzioa [3].
1980ko hamarkadan Juddek sortutako lanak minimalistatzat hartu zituzten, nahiz eta artistak ezeztatu mugimendu artistiko horren kide zenik. Etiketa hori ez zuen gustuko, mugimenduaren printzipio ugarirekin bat etorri arren, besteak beste, material industrialen erabilera, kolorearen, formaren, espazioaren eta materialaren purutasuna nabarmentzen duten lan abstraktuak sortzeko. [4].
Garai hartan, aluminiozko kaxa-sail bat eraikitzeari ekin zion Juddek, eta Titulurik gabea, 85–065 zk. dugu horitako bat: horman muntatzeko 1985ean Juddek asmatutako eskultura abstraktua. Kolore desberdinak eta neurri eta proportzio berdinak dituzten aluminiozko moduluez osatuta dago, kaxa irekien itxurarekin. Judden artelanen helburu nagusietako bat forma geometriko puruen erabilera zen. Forma horiek nabarmentzeko, artistak arreta berezia jartzen zuen kolorean, teknika industrialen bidez —termolakadura edo galbanizazioa— aplikatuta. Titulurik gabea, 85–065 zk. lanaren aluminiozko xaflak margotzeko erabilitako esmaltearen koloreak ez zituzten Juddentzat bereziki sortu, kolore industrialen karta estandar batetik aukeratu baitzituen artistak [5].
Bai Juddek bai beste artista minimalista batzuek uko egin zioten arteak norberaren ideiak jaso behar zituela eta artisten adierazpidea izan behar zuela defendatzen zuen ideiari. Horregatik, bere sentimenduak edo gogo-aldarteak adierazteko baino gehiago, espazioa mugarriztatzeko soilik erabiltzen zuen Juddek kolorea [6]. Dena den, artelanaren funtsezko osagaia zen beretzat koloreen justaposizioa: zorroztasun matematikoaz maneiatzen du kolorearen antolamendua, artelana era berezi batean koordinatuz, kolore-bloke angeluzuzenek eta kolore bereko unitateek kointziditu ez zezaten, elkarketa edo kontraste nabarienak saihesteko asmoz [7]. Labur esanda, multzo orekatu bat sortzeko inolako asmorik gabe banatzen zituen koloreak bere artelanetan.
Juddek nahiago izaten zuen bere estiloa eta lana “pentsamendu konplexuaren adierazpen soila” zirela esatea [8]. Artistak zioenez, bere piezak, “objektu espezifikoak” deitu ohi zienak, ez ziren ez pinturak ez eskulturak, objektu autonomo soilak baizik: euren izatea adierazten dute, ez dira beste edozer gauzaren irudia izateko sortuak [9]. Objektu horiek fabriketan sortzen zituzten material industrial arruntak erabiliz, aztarna pertsonalik ageri ez zezan. Titulurik gabea, 85–065 zk. objektu espezifiko bat da, aluminiozko xafla margotuekin egina. Espazioa eta kolorea aztertzen ditu, eta horretarako ekoizpen industrialari dagozkion teknikak eta materialak erabili dira.
Preguntas
Begiratu arretaz artelana. Zeintzuk dira bertan ikusten dituzun forma geometrikoak? Zer materialarekin eginda ote dago? Zerk ematen dizu atentzioa artelan honetan? Nola daude kokatuta laukizuzenak, nahiera edo irizpide bati jarraituz? Zergatik? Arrazoitu zure erantzuna. Artistak horman muntatzeko diseinatu zuen lan hau. Berdintsu ikusiko al zenuke beste modu batera kokatuta balego? Desberdina izango al litzateke idulki baten gainean balego? Eta zuzenean zoruaren gainean balego?
Artistak dioenez, bere lehenengo lanak sortu aurretik, eskulturak beti erakusten ziren idulki gainean museoetan, ez zen ezer ere zoruan zuzenean jartzen [10]. Artelanak berdin ikusten direla uste duzu idulki batean edo zoruan egonda? Lan hau ikusten duzun modua nola aldatuko litzateke idulki batean, horman zintzilik edo zoruaren gainean jarrita balego? Zer nahiago zenuke eta zergatik? Artistak erabaki behar al du zure ustez bere lanak nola egon behar duen kokatuta? Edo erakusketa-aditu batek erabaki behar al du?
1985eko bere artelanetako asko Juddek asmatu eta bere agindupean Texaseko (AEB) estudioan egin zituzten. Sarritan, laguntzaileak edo fabrikatzaile industrialak izaten omen zituen, artistaren jarraibideak betez bere artelanak eraikitzen zituztenak; berak ez omen zituen ukitzen. Zer iruditzen zaizu Judden lan-prozesua? Zeintzuk dira izan ditzakeen alde onak eta txarrak? Zergatik erabaki ote zuen horrela lan egitea? Garrantzitsua al da zure ustez artelanaren eraikuntza-prozesuan artistak fisikoki parte hartzea? Ezagutzen al duzu horrela lan egiten duen edo lan egiten zuen beste artistarik?
Donald Juddek zioenez: “Norbaitek esaten badu bere lana artea dela, orduan artea da”[11]. Pentsatu ikaskideekin batera zer esan nahi duen horrekin. Ados al zaudete edo ez? Zergatik?