Guggenheim

TRAUM SCHALLPLATTEN

00:00: DOMINIK EULBERG (TRAUM, Herzblut, Cocoon, Alemania)
Estiloa: elektronikoa
https://soundcloud.com/dominik-eulberg

1993tik, Dominik Eulbergek natura erabiltzen du bere ekoizpenetarako inspirazio- eta dramaturgia-iturri gisa. Nazioarteko DJ izateaz gain, Westerwaldeko ornitologoa, flora eta faunaren behatzailea eta kontraesan adiskidetuen maisua da. 2003an lehenengo diskoa kaleratu zuenetik Traum Schallplatten diskoetxearekin, ekoizleak bere esperientzia ekologikoa eta txorien abestien soinua erabili ditu bere pistetan. Basoan zeharreko paseo bat da abiapuntua musika zirraragarria sortzeko: txaradiko zurrumurru bat musika-lerro bihur daiteke; soinu guztiak dira garrantzitsuak, eta dantzalekurako behar den bizitasuna ematen dute.

2007an, Eulbergek Preis der Deutschen Schallplattenkritik jaso zuen bere bigarren albumagatik, Heimische Gefilde; sari horrek ospe handia eman zion teknoaren esparruan. Halaber, DJ gisa sortutako lanek eta hainbat artistarentzat egindako nahasketek (besteak beste, Hot Chip, DJ Hell, Tiefschwarz, Nathan Fake eta Roman Flügel) askotan jaso dituzte sariak.

23:00: RON FLATTER (TRAUM, Katermukke, Hive Audio, Alemania)
Estiloa: elektronikoa
https://soundcloud.com/ron-flatter

Hamar urtez baino gehiagoz, Ron Flatter house eta tekno musikaren panorama aberastuz joan da bere ekoizpen zuzen eta indartsuekin eta saio bero eta oldarkorrekin. Beti aldatuz eta esparru berriak aztertuz, pista ezin hobe eta berritzaile ugari ekoitzi ditu, soinu-diseinu berezikoak eta melodia freskokoak, hainbat diskoetxerekin; besteak beste, Pour La Vie, Still vor Talent eta Traum Schallplatten. Danbor astunak eta piano arin eta emoziozkoak konbinatzen ditu, eta gutxien espero diren unean hunkitzen eta harritzen zaituzten etenaldi egokiak erabiltzen; esaterako, «Stupid World» eta «Desert» abestietan.

DJ gisa, Flatterrek zehatz-mehatz daki zer jarri noiz. Europako klub eta jaialdi garrantzitsu guztietan aritu da, eta erresidentzia bat du bere jaioterrian, Hallen (Alemania). Esparru horretan gustatzen zaio entzuleekin interakzioan aritzea, haien beharrak irakurtzea eta haien pasioekin jolastea, generoak nahasiz; adibidez, deep housea eta teknoa. Flatterrek 26 EP eta single baino gehiago eta 50 nahasketa baino gehiago ditu, eta bere kutsu berezia eman dio soinuen hautapen kultu bati.

22:00: BEWARE OF WOLF (Garage Club, Bilbo)
Estiloa: elektronikoa
https://soundcloud.com/bewareofwolf

Beware of Wolf-en atzean Iker «Lobo» dago, musika oso gustuko duen bilbotar bat, zeinak laurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdian agertu baitzuen musika elektronikoko alderdi ugariekiko interesa. Bartzelonan ibili ondoren, Bizkaian aritu da lanean azken 15 urteetan, talde ugarirekin, era guztietako ekitaldiak antolatzen; esaterako, Fever Club-eko Bunch festak, La Carolinako (Plentzia) 2Late Nights (Juan Solorekin batera) edo Garage Club, zeina beste batzuekin batera sortu baitzuen eta 2019ko urtarrilean hamar urte bete baitzituen, Stereorocks-en ospatuz.

2012ko amaieratik, Zarata aldizkariaz arduratzen da; hau da, Mondo Sonoro musika-aldizkariaren Euskadi, Nafarroa eta Errioxarako edizioaz. Duela gutxi, Basques On Decks kaleratu du, Euskal Herriko DJ kulturari buruzko hedabide digital berri bat. Haren saioetan, rocka, elektro-funka, nu-diskoa, deep housea, teknoa, acida eta house ilun eta sendoa entzun daitezke, besteak beste.