Guggenheim

Museoak Aste Nagusiko ospakizunekin bat egingo du: bere ateak zabalduko ditu, ikusleek erakusketez gozatu eta gau bakoitzean jazz-emanaldi bat entzuteko aukera izan dezaten.

Programa:

Asteartea 20: Michael kanan trio
BBK Jazz Guggenheim Gauak hasiko dira New Yorkeko jazz eszenako piano-jotzaile onenetako baten eskutik: Michael Kanan. Harekin batera arituko dira Guillem Arnedo bateria-jotzailea eta Dee Jay Foster kontrabaxu-jotzailea. Michael Kanan Bostonen jaio zen, Massachusetts estatuan, eta 1991n New Yorkera joan zen. Han hasi zuen bere ibilbide profesionala, Kurt Rosenwinkel, Mark Turner eta Jorge Rossy bezalako musikariekin jotzen eta grabatzen. 1996an Jimmy Scott abeslari ospetsuaren taldean sartu zen, eta 2001ean jazz garaikideko abeslaririk ezagunenetakoa den Jane Monheit-en laguntzaile eta moldatzaile moduan hasi zen.

Asteazkena 21: Lucía Pulido eta Miguel “Pintxo” Villar
Juan Pablo Balcazar kontrabaxu-jotzailearekin eta Juan R. Berbin bateria-jotzailearekin osatzen duen hirukotea aurkeztuko digu Lucía Pulidok. New Yorken bizi den abeslari kolonbiarrak Miguel “Pintxo” Villar saxofoi-jotzaile nafar handia izango du artista gonbidatu moduan. Ahots indartsu eta sofistikatudun abeslariak Kolonbiako genero tradizionalak interpretatuko ditu, hala nola, Kostalde Atlantiarreko cumbia eta bullerenge-a, Pazifikoko currelao-ak, ekialdeko Los Llanos eskualdeko joropo-ak, edo Kolonbiako behizainen kantuak.

Osteguna 22an: Itxaso 4et
Itxaso euskal kantariak bere laukote-formatuko azken proiektua aurkeztuko du Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan. Nazioarteko sona duten hiru musikari ditu bidelagun: Daniel Pérez gitarra-jotzailea, Gorka Benítez saxo-jotzailea eta Borja Barrueta bateria-jotzaile getxoztarra. Itxaso euskal jazz munduko ahotsik finkatuenetakoa da, eta hainbat talderekin lan egin izan du: Luis Canal, Joan Monné, Albert Sanz, Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Jon Urrutia, Tereza Zabalza, Gontzal Mendibil, Amaya Uranga, Kepa Junkera edo Diego Vasallo, besteak beste.

Ostirala 23: Myriam Latrece 4et
Myriam Latrece abeslariak “Quiero Cantarte” disko berria aurkeztuko du nazioarteko musikariz lagunduta: Pablo Martin Caminero kontrabaxu-jotzailea, Michael Olivera maisu kubatarra bateria jotzen, eta estilo ezberdinetan aritua den Marco Mezquida piano-jotzailea. Abeslari madrildarrak kultura ezberdinen eragina duten abestien sorta mestizoa ekarriko digu, eta miresten dituen artistek, esate baterako Lole y Manuel, Serrat, Djavan eta Camarónek, bere abeskeran utzitako lorratza agerian utziko du.