curso-online
Beste jarduera batzuk
Ekainaren 30etik aurrera

Online arte-ikastaroa: Artea eta neurozientzia. Edertasunaz haratago: artistaren adimen sortzailea eta dibergentea

Prezioa

60 € Lagunek / 80 € publikoak oro har (hiru hilabeteko harpidetzako prezioa)

Neurozientziaren bidez, ikas ezazu artean ez dagoela edertasun unibertsalaren eredu bakar bat, esperientzia estetiko indibidualen hainbat eredu baizik.

Edertasunaren pertzepzioaren bilakaera etengabe elikatu (eta moldatu) dute gorabehera fisiologikoek eta koiunturalek, eta horiei lotutako emozioek.

Artean, “edertasunaren” edo ederra denaren nolakotasunaren pertzepzioa interpretazio jakin bati lotuta egon ohi izan da: objektu edo adierazpen artistikoa osatzen duten atalen arteko eta inguruarekiko oreka eta harmonia egon behar da eta erakarpena eta ongizate emozionala eragin behar ditu. Horrela izan zen batez ere mendebaldeko artean, XVIII. mendeaz eta Ilustrazioaz geroztik. Hala ere, XX. mendearen hasierako abangoardia historikoek edertasun tradizionalaren ideiaren subertsioa ekarri zuten, batez ere Dadaismoak, mundua ikusteko eta ulertzeko dugun moduan izandako paradigma-aldaketa gertatu baitzen.

Horri guztiari artista bakoitzaren buru sortzailea eta dibergentea gehitzen zaio, eta batzuetan horrek gain hartzen du.

Ikastaroa Mara Dierssenek emango du. Neurobiologian doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa da eta neurobiologiaren eta artearen arteko harremanarekiko interes handia du.

Dedikazioa: 6 ordu, zeure erritmora
Publikoa: heldua, arte garaikidean interesatua
Hizkuntza: gaztelania.
Sarbidea: online plataforma bidez
Ziurtagiria: automatikoa, ikastaroa amaitu ondoren

4 modulu, 16 bideo-saio eta material gehigarriak

ZER IKASIKO DUGU?

  1. Arte garaikidearen baitan edertasunaren eta ederra denaren esperimentazioa ikuspegi neurozientifikotik aztertuko dugu.
  2. Artea egiten duenaren (artistaren) papera aztertuko dugu; baina, normalean egin ohi den bezala, haren sormen-prozesua bakarrik aztertu beharrean, haren adimen dibergentea ere kontuan hartuko dugu.
  3. Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma eta, oro har, artea diziplina anitzeko ikuspegi batetik aztertuko dugu.
  4. Arte garaikidearen ikuspegi “iragazkor” eta “demokratikoagoa” izaten ikasiko dugu, esperientzia estetiko anitz eta askotarikoak bistaraziz eta horiek eragiten dituzten arrazoiak zeintzuk diren zorroztasun zientifikoz azalduz.

PROGRAMA

Gaikako lau modulu eta artisten zenbait adibide proposatzen dira ikastaro honetan:

II. modulua: Artearen neurobiologia

Giza garuna adimenaren organo gisa ulertzen badugu eta artea, berriz, garunaren antolaketaren eta haren portaera sozialaren emaitza gisa, neurozientziak zenbait gako eman ditzake hori ikuspegi zientifiko eta biologikotik ulertzeko.

Modulu honetan, zientziako pertsonen lana ezagutuko dugu, arlo horretan ospetsuak izan direnena, eta gaur egun edertasunaren kontzeptua zein anitza den aztertuko dugu, tradizionalki bakar edo kanoniko gisa ulertzen bazen ere.

  1. Bideoa: Santiago Ramón y Cajalen neuronen marrazkiak
  2. Bideoa: Pertzepzioa artean
  3. Bideoa: Edertasun unibertsala existitzen al da?
  4. Bideoa: Semir Zeki eta neuroestetika

II. modulua: Adimen artistikoa I: Sormena eta dibergentzia

Hamaika adimen sortzaile mota daude, eta arte moderno eta garaikidean gaitasun disruptibo eta dibergentea dutenak nabarmentzen dira, tradizioarekin hausteagatik, teknika berriak aurkezteagatik edota ohiko edertasun-kanonarekiko paradigma-aldaketa bultzatzeagatik.

Artista eta obra batzuk ikusiko ditugu; hala nola,

  1. Bideoa: Claude Moneten Nenufarrak eta Pablo Picassoren Poeta (Errealitatearen ikuspegi zatikatua)
  2. Bideoa: Marcel Duchampen Botila-lehorgailua eta Andy Warholen Coca-Cola (Eguneroko objektua objektu artistiko gisa)
  3. Bideoa: Jackson Pollocken Baso sorgindua eta Helen Frankenthalerren Santorini [margotzeko teknika berriak: dripping (tantak isurtzeko teknika) eta soak-stain (busti eta zikindu)]
  4. Bideoa: Jean Dubuffeten Botere-borondatea eta Louise Bourgeoisen Ama (edertasuna itsusiak eta arrotzak diren gauzetan)

III. modulua: Adimen artistikoa II: Sinestesia

Sinestesia duten pertsonek mundua beste modu batera ikusten eta hautematen dute; haien sistema sentsorialean, zentzumenetako batek estimulu bat jasotzen duenean gutxienez beste zentzumen bat pizten da aldi berean. Artearen eremuan eta zenbait sormen-prozesutan ere gerta daiteke fenomeno hori.

Modulu honetan pintura sinestesikoak aztertuko ditugu, ondorengo artistenak:

  1. Bideoa: Vincent Van Gogh (Kolorearen soinua)
  2. Bideoa: Vasily Kandinsky (Inprobisazioak eta Konposizioak)
  3. Bideoa: Joan Mitchell (“Ezkutuko magia”)
  4. Bideoa: David Hockney (Eszenografiak: kolorea, argiztapena eta musika)

IV. modulua: Artea eta emozioak

Zer sentitzen dugu obra bati begiratzean? Beste pertsona batzuek antzeko zerbait sentitzen al dute sorkuntza beraren aurrean? Artistek adierazitako emozioek, edo emozioak ez adierazteak, hainbat efektu eragiten dituzte begiratzen edo bizitzen dituenarengan.

Guggenheim Bilbao Museoaren Artetik: From the Art hezkuntza-proiektua abiapuntutzat hartuta, obren adibide batzuk erakutsiko dira, begiratzen dituzten ikusleengan sortzen dituzten emozioekin duten loturaren arabera.

  1. Bideoa: Anish Kapoorren Zuhaitz handia eta begia (lilura); Cristina Iglesiasen Sareta (jakin-mina); Gilbert and Georgeren Esnatzen (dibertsioa).
  2. Bideoa: Anselm Kieferren Munduaren jakituriaren bideak (nahasmendua); Yoko Onoren Bilborako nahien zuhaitza (harmonia); Gerhard Richterren Marina (lasaitasuna).
  3. Bideoa: El Anatsuiren Itsaso gorakorra (inspirazioa); Jose Manuel Ballesterren La Medusen almadia (beldurra); Jenny Holzerren Bilborako instalazioa (harridura).
  4. Bideoa: Robert Motherwellen Iberia (asperdura); Jeff Koonsen Puppy (maitasuna); Javier Perezen Sedukzio-maskara (beldurra).

Prezioa

60 € Lagunek / 80 € publikoak oro har (hiru hilabeteko harpidetzako prezioa)