Puppy-curso-online
Ikastaroak eta tailerrak
Azaroaren 25etik aurrera

Online arte-ikastaroa: Lorategia arte garaikidean

Prezioa

Hiru hilabeteko harpidetza: 60 € Lagunek / 80 € Jarraitzaileek eta publikoak oro har

Museoak gaur egungo sorkuntzako lorategiaren inguruko ibilbide hau aurkeztuko du, eta lau moduluko programa baten bidez emango da.

Artearen historian lorategiak duen ikuspegi osoa baino gehiago, ikastaro honek zenbait gako eta adibide eskaintzen ditu, artista batzuentzako inspirazio-iturri, esku hartzeko gune eta ekintza gisa nola balio izan duen azaltzeko.

Gizakiaren eta lorategiaren arteko harremana duela milaka urtetakoa dela esan daiteke, Edengo lorategiaren eta Babiloniako lorategien garaikoa. Tipologia honek eskaintzen dituen alderdi iradokitzaileetako batzuen artean honako hauek aurkitzen dira: Ingalaterrako lorategien itxurazko askatasuna, Japoniako zen lorategietan kontenplazio-faktorearen garrantzia, Versaillesko lorategien edertasun liluragarria edo baratze xumeen xarma.

Tradizionalki, lorategia landare-espezieak (loreak, landareak, zuhaitzak, fruituak, etab.) landatzen diren lursailtzat hartu da, eta horiei beste dekorazio-elementu batzuk gehi dakizkieke, zentzumenen gozamenerako edo asmo sinboliko eta erabilgarriarekin jarrita.

Lorategien diseinuak eta erabilerak aldatzen joan dira denboran zehar, eta garai bakoitzeko testuinguru politiko, filosofiko, sozial, ekonomiko eta teknikoak islatu dituzte. Natura “antolatzen” duen leku baten antzera, lorategiari lotutako kontzeptu batzuk naturarena berarena, paisaiarena eta lurrarena dira.

ZER IKASIKO DUGU?

  • Artearen eta lorategiaren arteko harremanaren bilakaera, batez ere XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arte.
  • Artisten eta funtsezko obren adibide zehatzak.
  • Testuinguru artistikoaren erreferentziak eta elkarrekiko erlazioak. Ingurumen-iraunkortasunak arte garaikidean duen garrantzia.
  • Testuinguru horretako emakume artisten lana eta artearen historian dagokien lekua.

Ikastaroa Lola Duran Ucarrek emango du, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren eskutik Artearen Historian eta Kultura Bisualean doktorea, erakusketen komisarioa eta arte-kritikaria denak.

Dedikazioa: 6 ordu, zure neurrira

Publikoa: heldua, arte garaikidean interesa duena

Hizkuntza: gaztelania

Sarbidea: online plataformaren bidez

4 modulu, 16 bideoklase eta material gehigarriak

Ziurtapena: automatikoa, ikastaroa amaitu ondoren

PROGRAMA

I. Modulua: Sarrera eta aurrekariak
Antzinako artean, lorategiak dekoratu huts gisa agertzen dira, eta eszenatoki horietan, adibidez, ikonografia erlijiosoko eszenak jasotzen ziren, bereziki Erdi Aroan. Paisaia, genero artistiko gisa, eta lorategiaren irudikapena, Errenazimenduan sortu ziren, eszenen edo erretratuen atzealde gisa. Fideltasuna, orduan, ez zen aginduzkotzat jotzen natura irudikatzerakoan, eremu horretan agerian geratzen baitzen gizakiaren eta jainkotiarraren arteko loturaren garrantzia.

Barrokoan, berriz, hiriak obretan sartu ziren (Villa Médici), Rococoarekin natura oparoa izatera iritsi zen, eta Erromantizismoak naturaren ikuspegi oso sentikorra erakutsi zuen lorezaintzaren eta paisaiaren bitartez.

XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasiera aldera, lorategiak inspirazio-iturri eta irudikapen-gai gisa nagusitu ziren. Artista inpresionisten eta postinpresionisten obran, lorategiak naturaren eta subjektibotasunaren arteko lotura, argiaren eta kolorearen atzemate zuzena, eguneroko bizitza, intimitatea eta modernitatea islatzen ditu.

  1. bideoa. Edengo lorategitik Delizietako lorategira. Lorategiaren irudiak mundu islamiarrean eta Asia ekialdean.
  2. bideoa. Artifizio barrokotik naturalismo erromantikora (Diego Velazquez, Jean-Honoré Fragonard, John Constable, Claude Lorrain).
  3. Bideoa. Hausturak eta begirada modernoak: Inpresionismoa eta Postinpresionismoa (Claude Monet, Camille Pissarro, Pierre – Auguste Renoir, Vincent Van Gogh).Lorategiaren irudikapena emakumeen begiradatik zabaltzen duten ilustratzaileak (Maria Sibylla Merian, Marianne North)
  4. Bideoa. Lorategi oniriko eta irudimenezkoak: Abangoardietatik Surrealismora (Henri Matisse, Vasily Kandinsky, Salvador Dalí, René Magritte, Remedios Varo).

II. Modulua: Lorategia memoriaren, eraldaketaren, metaforaren eta sormenaren sinbolo gisa
Lorategia memoriaren eta eraldaketaren sinbolo ere bilakatu zen XX. mendeko artean. Autore askok honako hauekin loturiko gaiak aztertzeko erabili zuten: identitatea, galera, existentziaren hauskortasuna, berreraikuntza eta bilakaera; eta beste batzuek, ikusten dutenengan inplikatzen duen edo pizten duen guztiaren metafora gisa. Era berean, aldi berean lorezain izan eta beren lorategi propioak sortu zituzten artista batzuk nabarmentzen dira, gaur egun museo edo horien parte bihurtuak.

  1. Bideoa. Memoria (Louise Bourgeois, Paloma Navares, Miquel Navarro, Doris Salcedo, Kapwani Kiwanga).
  2. Bideoa. Eraldaketa (Patrick Blanc, David Hockney, Jeff Koons, Yayoi Kusama).
  3. Bideoa. Metafora (Cristina Almodovar, Chus Garcia Fraile, Françoise Vanneraud, Daniel Verbis).
  4. Bideoa. Artista lorezainak eta lorategi-museoak (Vanessa Bell eta Bloomsbury taldea, Derek Jarman, Roberto Burle Marx, Claude Monet, Alejandra Riera, Daniel Spoerri).

III. Modulua: Lorategia esku hartzeko eta ekintzarako espazio gisa

1960ko hamarkadan, Land Art bezalako mugimendu  artistikoak sortu ziren; hots, naturara jotzen dutenak, espazio material eta sortzaile moduan, esperientzia murgiltzaileak eta gogoetatsuak sortuz. Bestalde, arte ekofeministak emakumeen gaineko nagusitasunaren eta naturaren menderatzearen arteko lotura bat ezarriko du. Pixkanaka, klima-aldaketarekiko eta baliabide-eskasiarekiko sentikorrak diren proposamen artistiko berriak agertzen joango dira.

  1. Bideoa. Land Art eta Arte Kontzeptuala (Agnes Denes, Hans Haacke, Robert Smithson).
  2. Bideoa. Ekofeminimosaren lorategia (Yto Barrada, Fina Miralles, Mierle Laderman Ukeles).
  3. Bideoa. Lorategiak eta klima-aldaketa (Daniel Steegmann Mangrané, Olafur Eliasson).
  4. Bideoa. Lankidetzako kolektiboak eta proiektuak (Campo Adentro, Futurefarmers, Guerrilla Gardening, Gabriel Orozco).

IV. Modulua: Lorategia multimedia artean eta arte digitalean
Lorategia multimedia artean eta arte digitalean naturalaren eta teknologikoaren arteko ikerketa, metafora, elkarrizketa eta eztabaida gune bat da, eta gune horretan gizakiaren eta makinaren arteko elkarreraginak naturaren eta kulturaren arteko harremana birdefinitzen du. Lorategiak asmatu eta eraldatzeko gaitasunak naturarekin dugun konexioa birpentsatzera eta XXI. mendeko artean sormenerako eta esperimentaziorako modu berriak aztertzera gonbidatzen du.

  1. Bideoa. Postnatura (Thomas Demand, Violet Forest, Allora & Calzadilla).
  2. Bideoa. Lorategia multimedia espazioa eta espazio birtual gisa (Jennifer Steinkamp, Miguel Chevalier, teamLab).
  3. Bideoa. Lorategia arte digitalean eta sormen kolektiboa (Esther Rollinson).
  4. Bideoa. Arte Sortzailea (Andy Lomas).

Prezioa

Hiru hilabeteko harpidetza: 60 € Lagunek / 80 € Jarraitzaileek eta publikoak oro har