2 urtarrila 2025
2024. urtea oso positiboa izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat publikoaren babesari esker; izan ere, 1.301.343 bisitari izan ditu, errekorra lortu zuen 2023. urtean baino % 2 gutxiago besterik ez. Maiatza eta ekaina inoizko hilabeterik onenak izan dira, eta uztaila eta abuztua, berriz, bigarren onenak. Balantze bikain horrekin arrakastaz amaitu du Juan Ignacio Vidartek Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusi gisa burutu duen ibilbidea.
Jatorri geografikoa kontuan hartuta, handitu egin da atzerritarren ehunekoa aurreko urtearen aldean (guztizkoaren % 67), batez ere Frantziatik (% 16), Alemaniatik (% 8), Britainia Handitik (% 7), Estatu Batuetatik (% 6) eta Italiatik (% 5) etorritakoena. Euskal Autonomia Erkidegoko publikoa % 11 izan da, eta Estatuko gainerako herrialdeetako bisitarien ehunekoa, berriz, % 22. Aurreko urteetan bezala, Katalunia (bisitari guztien % 4) eta Madril (% 4) nabarmendu dira.
2024an Museoak publikoarentzat izan duen interes-gune nagusia programazio artistikoa izan da, zeina anbizio handikoa eta askotarikoa izan baita. Ildo horretan, BBK babesle izan duen Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop artea erakusketak 882.658 pertsona bildu ditu otsailetik irailera bitartean, eta, horrenbestez, Museoko erakusketarik ikusiena izan da bisitari kopuruari dagokionez. Bestalde, ekaina eta azaroa bitartean 648.237 pertsonak gozatu ahal izan dute BBVA Fundazioak babestutako Yoshitomo Nara erakustaldiaz, eta Occident babesle izan duen Martha Jungwirth erakusketa, berriz, 549.094 pertsonak bisitatu dute ekaina eta iraila bitartean. Aipatzekoa da ere joan den urritik abian den Hilma af Klint erakusketak (Iberdrolaren babesari esker antolatua) erakarri duen bisitari-kopurua: dagoeneko 212.398 pertsona etorri dira hura ikustera, kopuru nabarmena denbora-tarte honetarako. Era berean, Museoko bisitari guztiek Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak aurkezpenaz gozatzeko aukera izan dute urte osoan zehar BBKren babesari esker.
Eremu digitalean, guggenheim-bilbao.eus webguneak guztira 2.893.452 bisita eta 10.850.342 orrialde-ikustaldi izan ditu 2024an. Sare sozialetan, berriz, Museoak bere komunitatea eta eragina handitzen jarraitu du: 866.431 jarraitzaile ditu Instagramen, 364.820 jarraitzaile X sarean —Twitter zenean— eta 389.315 Facebooken.
Hezkuntza-programei dagokienez, 2024an 80.192 pertsonak parte hartu dute Museoak eskainitako aurrez aurreko eta online jardueretan, eta 1.015.742 izan dira programazio artistikoaren osagarri diren gune didaktikoak erabili dituztenak. Urteko berritasunen artean, honako hauek nabarmendu dira: Museoko boluntario-programa berritu da, 65 urtetik gorako publikoarentzako jarduera berriak sortu dira, hala nola Arte-gosariak, eta belaunaldi-arteko topaketak antolatu dira. Eskaintza zabaldu egin da haurrentzako jarduera berriekin ere, tartean jolas sentsorialekin, naturari eta jasangarritasunari buruzko tailer espezifikoekin, eta nerabezaroaurreko gazteentzako proposamen berriekin, besteak beste, irudi digitalari buruzko ikastaroarekin. Eskola-arloan, 25.965 haurrek eta Hezitzaileen Communityko kidek bisitatu dute Museoa. Familia eta hezitzaileei zuzendutako aktibitateek hurrenez hurren, ITP Aero eta Occident dute babesle. Horrez gain, irakasleentzako doako online komunitate hori 4.744 kidera iritsi da, hau da, % 27 hazi da 2023az geroztik.
Bestalde, programa sozialen atalean, Museoak are zentro gehiagorekin kolaboratzen du orain, eta, hala, zaurgarritasun- edo desgaitasun-egoeran dauden 3.116 pertsonari eskaintzen die Museoa bisitatzeko eta beren erresilientzia eta integrazioa sustatzea helburu duten sormen-jardueretan parte hartzeko aukera. BBK da kultura inklusibo eta integratzaile baten eredua sustatzen duten programa hauen babeslea.
Komunitate zabala
Museoaren banakako kideei dagokienez, 345.185 dira Community (Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitatea) osatzen duten pertsonak. Taldeka banakatuta, 23.690 Museoaren Lagunak dira (Museoa ireki zenetik izandako kopururik handiena da, eta horrek agerian uzten du kolektibo hori zenbateraino dagoen errotuta gertuko ingurunean); 321.060 Jarraitzaileak dira, hau da, Museoarekin harremana izateko doako modalitateko kideak; eta 497 langabeei Museora doan etortzeko aukera eskaintzen dien Erdu programaren onuradunak dira.
2024an, Museoak aparteko babesa izan du enpresen aldetik. Ildo horretan, aipagarria da kolaborazio estrukturalek gora egin dutela 129 Kide Korporatibo biltzeraino. Gainera, erakusketa eta jarduera ugarik enpresen babesletza jaso dute. Aurten ere, ekarpen ekonomiko horiek guztiak funtsezko laguntza izan dira urteko aurrekontua finantzatzeko.
Motor ekonomikoa
Guggenheim Bilbao Museoaren jardunak 2024an bere inguruan izan duen eragin ekonomikoari buruzko emaitzak honako hauek dira:
Beste behin ere, autofinantzaketa-mailari dagokionez, Guggenheim Bilbao Museoak lider izaten jarraitu du Europako erakunde kulturalen artean, 2024an % 78 ingurukoa izan baita.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.