Prentsa Eremua

2 urtarrila 2026

1.305.003 pertsonak bisitatu dute Guggenheim Bilbao Museoa 2025ean

museo

Publikoaren babesari esker, 2025. urtea oso positiboa izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat; izan ere, 1.305.003 bisitari izan ditu, 2024. urtean baino 3.660 gehiago. Maiatza, ekaina eta uztaila inoizko hilabeterik onenak izan dira, eta horri esker aurtengo uda Museoaren historiako bigarren udarik onena izan da, 2023. urtekoaren atzetik. Museoak Miren Arzalluz Zuzendari Nagusi berriaren zuzendaritzapean ekindako bidea ezin hobeto hasi dela berresten du balantze bikain horrek.

Jatorri geografikoa kontuan hartuta, atzerritarren ehunekoa handitu egin da aurreko urtearen aldean (guztizkoaren % 69 izan dira), batez ere Frantziatik (% 15), Alemaniatik (% 9), Britainia Handitik (% 9), Estatu Batuetatik (% 6) eta Italiatik (% 5) etorritakoena. Euskal Autonomia Erkidegoko publikoa % 10 izan da, eta Estatuko gainerako herrialdeetako bisitarien ehunekoa, berriz, % 21. Aurreko urteetan bezala, Katalunia (% 4) eta Madril (% 4) nabarmendu dira.

2025ean Museoak publikoarentzat izan duen interes-gune nagusia programazio artistikoa izan da, zeina anbizio handikoa eta askotarikoa izan baita. Ildo horretan, otsaila eta ekaina bitartean 354.872 pertsonak bisitatu dute Tarsila do Amaral erakusketa; eta otsaila eta maiatza bitartea ikusgai egondako Budapesteko paper gaineko maisulanak erakusketa, berriz, 340.043 pertsonak bisitatu dute. Partner gisa 1OF1, partner teknologiko gisa Euskaltel eta laguntzaile gisa Google Cloud izan zituen in situ: Refik Anadol erakusketak 891.460 pertsona bildu ditu martxotik urrira bitartean, eta, horrenbestez, Museoko erakusketarik ikusiena izan da bisitari kopuruari dagokionez. Apirila eta iraila bitartean, aldiz, 810.145 pertsonak gozatu ahal izan dute BBVA Fundazioak babestutako Helen Frankenthaler: Araurik gabe margotzen erakustaldiaz, hau da, Museoak orain arte antolatu duen bosgarren erakusketarik ikusienaz. Film & Video programaren baitan aurkeztutako Vito Acconci / Sergio Prego. YOU  instalazioa 750.233 pertsonak ikusi dute apirila eta iraila bitartean; eta 657.086 pertsonak gozatu ahal izan dute Occident etxeak babestutako Barbara Kruger erakusketaz. Bestalde, urrian inauguratu zenetik, 201.589 pertsonak ikusi dute Maria Helena Vieira da Silva: Espazioaren anatomia. Azkenik, aipatzekoa da 2025ean Museora hurreratu diren 1.305.003 bisitariek aukera izan dutela BBK Banku-fundazioak babestutako Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak erakustaldiez gozatzeko.

Eremu digitalean, guggenheim-bilbao.eus webguneak guztira 2.722.205 bisita eta 10.341.267 orrialde-ikustaldi izan ditu 2025ean. Sare sozialetan, berriz, Museoak bere komunitatea eta eragina handitzen jarraitu du: 899.546 jarraitzaile ditu Instagramen, 339.065 X sarean —Twitter ohian— eta 394.558 Facebooken.

Hezkuntza-programei dagokienez, 2025ean 81.220 pertsonak parte hartu dute Museoak eskainitako aurrez aurreko eta online jardueretan, eta 1.221.366 izan dira programazio artistikoaren osagarri diren gune didaktikoak erabili dituztenak.

Programa publikoen esparruan, berriz, egonkortu egin dira 65 urtetik gorako publikoarentzako jarduerak, hala nola Arte-gosariak, eta lankidetza berriak taxutu dira TopARTE programaren baitan, besteak beste Open Bilbao eta Bideotikan jaialdiekin, teknologia berriek artegintzan izan ditzaketen aplikazioak ardatz hartuta. Azpimarratzekoak dira ere Wellbeing programak barne hartzen dituen jarduerak eta edukiak, artearen bidez ongizatea sustatzeko helburuz sortuak.

Eskola-arloan, 27.133 haurrek bisitatu dute Museoa. Familientzat antolatutako jardueretan, berriz, 7.618 pertsonak hartu dute parte, eta Hezitzaileen Community —irakasleentzako berariaz sortutako online kolektiboa— 5.836 kidera iritsi da, hau da, % 23 hazi da 2024az geroztik.

Bestalde, programa sozialen atalean, Museoak zaurgarritasun- edo desgaitasun-egoeran dauden 3.047 pertsonari eskaini die Museoa bisitatzeko eta beren erresilientzia eta integrazioa sustatzea helburu duten sormen-jardueretan parte hartzeko aukera. BBK Banku-fundazioak babesten dituen programa guzti horiei esker kultura inklusibo eta integratzailearen eredua bultzatu nahi da. Azkenik, Wellbeing programak 480 parte-hartzaile izan ditu, haurrak nahiz helduak.

Komunitate zabala
Museoaren banakako kideei dagokienez, 426.143 baino gehiago dira jada Community (Museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitatea) osatzen duten pertsonak. Taldeka banakatuta, 24.393 Museoaren Lagunak dira (Museoa ireki zenetik izandako kopururik handiena da, eta horrek agerian uzten du erakundeak zenbaterainoko babesa duen gertuko ingurunean); eta beste 401.127 Jarraitzaileak dira, hau da, Museoak eskainitako erakusketa eta jarduerei eta beste onura batzuei (aurre-salmentak, online edukiak, etab.) buruzko informazioa aldizka jasotzen duten kideak. Bestetik, 2025. urtean 623 langabeei Museora doan etortzeko aukera eskaini zaie Erdu programaren onuradunak direlako.

2025ean, Museoak aparteko babesa izan du enpresen aldetik. Ildo horretan, aipagarria da kolaborazio estrukturalek gora egin dutela 140 Kide Korporatibo biltzeraino, 2024. urtean baino 11 enpresa gehiagorekin. Gainera, erakusketa eta jarduera ugarik enpresen babesletza jaso dute. Aurten ere, ekarpen ekonomiko horiek guztiak funtsezko laguntza izan dira urteko aurrekontua finantzatzeko.

Motor ekonomikoa
Guggenheim Bilbao Museoaren jardunak 2025ean bere inguruan izan duen eragin ekonomikoari buruzko emaitzak honako hauek dira:

  • Museoaren jardueraren ondorioz Euskadin sortutako eskaria 782,3 milioi eurokoa izan da guztira.
  • Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 676,7 milioi eurokoa izan da.
  • Kopuru horiek 106,1 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak ekarri dizkiete Euskadiko Ogasun  Publikoei.
  • Museoaren jardunak 14.319 enplegu mantentzen lagundu du.

Beste behin ere, autofinantzaketa-mailari dagokionez, Guggenheim Bilbao Museoak lider izaten jarraitu du Europako erakunde kulturalen artean, 2025ean % 78 ingurukoa izan baita.

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.