Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.
Prentsa Eremua

27 maiatza 2011

Guggenheim jatetxeak

image

Guggenheim Bilbao Museoak gastronomia eskaintza zabaldu du: banatutako bi gune ditu orain

Nerua-k, Josean Martínez Alijaren ardurapeko goi-mailako sukaldaritza jatetxeak, eta Guggenheim Bilbao Bistrotak nazioarteko eta kalitateko eskaintza zabalduko dute

Guggenheim Bilbao Museoak Nerua jatetxea inauguratuko du. Goi-mailako sukaldaritza eskainiko du eta itsasadarraren ondoan dago; Museoaren barruan dagoen arren, Richard Serraren Denboraren materia instalazioaren alboan, sarrera independentea du kaletik. Gune hori taxutzen lagundu du, teknologia-lankide gisa, Fagor Industrialek. Horrez gain, orain arte jatetxea egon den lekuan, Guggenheim Bilbao Bistrota dago. IXO Taldeak kudeatzen du eta jatetxe berezi eta dinamikoa izango da: goi-mailako sukaldaritzaren prêt à porter jakiak emango ditu. Museoak gastronomia eskaintza zabaldu du beraz, eta nazioarteko, askotariko, kalitate handiko eta publiko guztiontzako proposamenak eskainiko ditu.

“Nerua hamahiru urteko lanaren emaitza da. Horietan Museoko jatetxea gastromonia-erreferente izan da gure bisitarientzat. Eraikinak sorrarazten duen gozamen estetikoa abangoardiako gune honetara eraman dugu”, esan du Juan Ignacio Vidartek, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusiak.

Guggenheim Bilbao Museoaren irekieratik jatetxea egon da; jatetxe horrekin batera, gune berean, kafetegia eta bistrota zeuden. Gaurtik aurrera, Nerua jatetxeak helburu izango du Museoak sorrarazten dituen zirraran mahaian ere zirraraztea.

Bestalde, Guggenheim Bilbao Bistrotaren eskaintza informalagoa izango da, baina aldi berean arretaz hautatua eta bikaina. Nortasun handiko jakiak izango dira eta bereizgarri izango dute goi-mailako gastronomia-ukitua. Era berean, Bistrota Bilboko gaueko aisialdi-eskaintzari gehituko zaio; izan ere, bilgune aparta izango da bilbotar eta bisitari gauzaleentzat.


Nerua, txoko berezia Bilboko itsasadarraren ondoan

Nerua jatetxea ArcelorMittal aretoaren ondoan dago, hain zuzen, Richard Serraren Denboraren materia lanaren ondoan. Bertatik sar daiteke jatetxera, nahiz eta sarrera nagusia itsasadarraren parean egon. Horrela Abandoibarra etorbidearen inguruak dinamizatuko dira: bilbotarrentzako eta bisitarientzako aisiarako leku nagusietako bat izango da.

Izan ere, itsasadarrak leku berezia du jatetxean. Izena zor dio. Nerua erromatarren garaiko latinezko testuetan agertzen da Bilboko itsasadarrari esateko.

Arkitekturari begiratzen badiogu, sarrera nagusia itsasadarraren ondoan dago; harmailetatik gora egin behar da eta gero titaniozko atondora sartu. Barrualdea espazio neutro eta orekatua da, eta jantokia eta sukaldea batzen ditu; bada, azken horren luzapen eta interpretazio gisa taxutu da. Bi guneak uztartzeko material eta kolore berak erabili dira: astigarrezko zura eta zulatutako xafla laua.


Josean Martínez Alijaren sukaldaritza

Josean Martínez Alija (1978) 17 urte zituela hasi zen sukaldari profesional. 1997an Guggenheim Bilbao Museoko Jatetxearen ardura hartu zuen eta 2000. urtean Sukaldari Gazte Onenari Saria jaso zuen. Harrezkero sari ugari eman dizkiote haren estilo iraultzaile, eta aldi berean purista, dela eta; izan ere, usain, testura eta zaporez betetako jakiak prestatzen ditu.

“Badakigu gune berezi batean gaudela eta abangoardiako gastronomia eskaini nahi dugu, bihotzbihotzetik ateratzen den sukaldaritza baina. Bilborekin eta Guggenheim Bilbao Museoko bisitariekin bat etorri nahi dugu, eta, era berean, gure izaera mantendu”, azaldu du Martínez Alijak. Adituen iritziz, Martínez Alijaren sukaldaritzak ez du aurrekaririk, nortasun handia du eta iraultzailea da.


Fagor Industrial

Nerua jatetxea egiteko eta abian jartzeko Fagor Industrial izan du Museoak teknologia-lankide. Fagor Industrial prestigio handiko enpresa da eta era guztietako konponbideak ematen dizkie ostalaritza eta sukaldaritza guneei. Jatetxe berrirako neurrira egindako hiru sute —Inoxferan egin ziren— eta hiru ke-xurgagailu egin zituen; azken horien itxura suteetara egokitu zen. Sukaldea eta jantokia batzeko eta gune harmoniatsuak izan zitezen propio diseinatu ziren altzariak, baita neurrira egin ere.

“Teknologia, diseinua eta kalitatea eskaini nahi izan dugu; izan ere, horiexek dira nazioarteko ikur bihurtu gaituzten baloreak askotariko ostalaritzarako hornikuntza moduak egitean” esan du Julián Errartek, Fagor Industrialeko Presidenteak. “Merezi izan du ahaleginak, emaitza bat datorrelako abangoardiako kokagunearekin”.


IXO Taldea

IXO Taldeak goi-mailako sukaldaritza du espezialitate. Bertako kide dira honako jatetxe hauek: Mugaritz (Errenteria), Ni Neu eta Bodegón Alejandro (Donostia) eta Nerua eta Guggenheim Bilbao Bistrota (Bilbo). Taldeak helburu du kultura sortzea eta horretarako gastronomia jorratzen du gogotsu eta jakin-min handiz.

Sukaldaritzaz gain, zientzia-ikerketan, jakintzaren garapenean, liburugintzan, enpresetarako trebakuntza eta aholkularitza lanetan aritzen da taldea, betiere asmo duela kalitate bikaina eta bezeroarekin harreman estua lortzea.

IXO Taldeko buru dira Andoni Luis Aduriz eta Bixente Arrieta eta talde horretan daude sukaldaritza lengoaiatzat duten pertsonak; 12 urteko esperientzia dute eta, haientzat, sukaldaritza mundua ulertzeko adierazpide da

Argibide gehiagorako:

Guggenheim Bilbao Museoa
Komunikazio eta Marketing Arloa
Tel.: +34 944 35 90 08
www.guggenheim-bilbao.eus / media@guggenheim-bilbao.eus

Nerua Jatetxea
Tel.: +34 944 00 04 30
www.nerua.com / info@nerua.com

Bistró Guggenheim Bilbao
Tel.: +34 944 23 93 33
www.bistroguggenheimbilbao.com / info@bistroguggenheimbilbao.com

Fagor Industrial
Komunikazio Arloa
Tel: +34 943 71 80 30
www.fagorindustrial.com / pmartin@fagorindustrial.com

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.