Prentsa Eremua

2 abendua 2010

2010eko abenduko Patronatoaren bilera

image

Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak 2011ko arte programazioa onetsi du

Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuak 2010. urteko bigarren saioa izan du gaur; Lehendakaria, Patxi López jauna, izan da mahaiburua eta ondorengoek parte hartu dute: José Luis Bilbao  jauna, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazioaren Batzorde Betearazlearen Presidentea; Blanca Urgell andrea, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburua; Josune Ariztondo andrea, Kultura Diputatua; Iñaki Azkuna jauna, Bilboko Alkatea; Richard Armstrong, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en eta Foundation-en Zuzendaria; Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia, eta Fundazioaren gobernu-organo gorena osatzen duten enpresen eta erakundeen ordezkariak.

Bilera honetan 2011. urterako aurrekontua ontzat hartu da. Egungo egoera ekonomiko zailaren ondorioz diru-sarrerek behera egitea aurreikusten da; hori dela eta, 2010ekoarekin alderatuz % 0,7 gutxitu da datorren urterako aurrekontua, eta 2009koari so egiten badiogu % 9. Azken bi urteotan, aurrekontuak behera egin du ia 2,5 miloi eurotan. Gastuei dagozkienez, Programazio artistikorako eta bestelako funtzionamendurako diru-kopurua murriztu da, aurreko ekitaldietan hasi zen euste-politikari jarraiki.

Era berean, 2011. urterako Programazio artistikoa onetsi da. Gastuen murrizketa dela eta, 2010ean baino erakusketa bat gutxiago izango dela aurreikusi da. Hala ere, egoera hori orekatzeko, Guggenheim Bildumen funtsen aurkezpen gehiago izango da.

Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936 otsailean aurkeztuko den erakusketa da. Ezagutzera emango ditu bi mundu gerren arteko garaian gailendu ziren arte adierazpideak —pintura, eskultura, argazkigintza, arkitektura, zinema, moda eta dekorazio arteak— eta Fernand Léger, Pablo Picasso, Giorgio de Chirico, Mario Sironi, Oskar Schlemmer eta Otto Dix moduko artisten lanek agerian jarriko dute garai hartako artistek aurreko urteetako nolanahiko berriztapena baztertu zutela eta ordena eta klasizismoa berreskuratu zituztela.

Apirilean, Bitarte argitsua erakusketa irekiko da, D. Daskalopoulos Collection bildumaren artelanek osatutako lehen aurkezpen publikoa. Izan ere, munduko arte garaikideko bilduma handienetakoa da hori eta askotariko baliabidez egindako lanak barne hartzen dituen arren, eskulturak eta instalazioak nabarmentzen dira. Erakusketa horretan ikusgai izango dira azken hiru hamarkadetan 30 artistek egin dituzten tamaina handiko hirurogei bat lan garrantzitsu. Egileen artean irudi gailenak daude Matthew Barney, Louise Bourgeois, Martin Kippenberger, Robert Gober, Mike Kelley eta Annette Messager, besteak beste, baita Paul Chan, Guyton/Walker, Nate Lowman eta Wangechi Mutu talentu gazteagoak ere.

AEBko eta Europako abstrakzioa 1950eko eta 1960ko hamarkadetan izango da ekainetik aurrera, 2011ko Guggenheim Bildumen lehen aurkezpena. Erakusketa horrek AEBn eta Europan artegintza tradizionala alde batera utzi eta keinu-pinturaren alde egin zuten mugimendu garrantzitsuenak aztertuko ditu: Espresionismo abstraktua, Kolore-eremu pintura eta Pop artea izan ziren joera nagusiak AEBn, eta CoBrA taldea, Tatxismoa eta Informalismoa Europan. Ikusgai izango diren artista gailenen artean daude, besteak beste, Jackson Pollock, Willem de Kooning, Ellsworth Kelly, Robert Rauschenberg, Karel Appel, Alberto Burri, Antoni Tàpies, Yves Klein, Jean Tinguely eta Piero Manzoni.

Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II Museoaren funtsak ezagutzera emateko antolatuko den bigarren aurkezpena izango da. Erakusketa horrek 1980ko eta 1990eko hamarkadetako artean sakonduko du. Garai hartan adierazpen artistikoaren esparru pertsonalagoa berreskuratu zuten artistek: pintzelkada bortitzagoa erabiliz, Por artetik eta Minimalismotik aldendu ziren. Jean Michel Basquiat, Anselm Kiefer, Miquel Barceló, Julian Schnabel, Juan Muñoz, Cristina Iglesias, Miquel Navarro, Juan Luis Moraza eta Francesc Torres moduko artisten lanak izango dira ikusgai.

Amaitzeko Brancusi-Serra erakusketa, XX. mendeko eskulturaren bi irudi gailenetakoei eskainiko zaiena, izango dugu urrian. Artista bakoitzaren hogeita hamar bat lanek agerian utziko dute mende oso baten zehar biek erabilitako materialak: Brancusi marmolaz, zuraz, zementuaz, igeltsuaz eta brontzeaz baliatu zen, eta Serra altzairuaz, kautxuaz, berunaz eta neonezko tutuez. Oro har, haien artelanak uztartzeak eskulturaren indar unibertsal eta iradokitzailea ulertzen lagunduko du.

 

Bilbon, 2010eko abenduaren 1ean

 

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.