7 urria 2008
Guggenheim Bilbao Museoak Richard Serraren Plow epe luzerako maileguan jaso du
Guggenheim Bilbao Museoak urriaren 7tik aurrera ikusgai izango du XX. mendeko artista gailenetako bat den Richard Serraren (San Frantzisko, Kalifornia, 1939) beste lan bat, bildumagile pribatu baten epe luzerako maileguari esker.
Plow (Goldea, 1992) lana bi metroko aldea eta 25 zentimetroko lodiera duten altzairu herdoilkorrezko bi xafla karratuz osatuta dago; xafla bakoitzak 8 tona inguruko pisua du eta instalazio honetan bost metro eta erdiko aldea dago euren artean. Hortaz, museoan artista estatubatuar horren lan bi izango dira; izan ere, Guggenheim Bilbao bildumaren parte den The Matter of Time (Denboraren materia, 2003-2005) artelana, elkarrekin aurkezten diren formatu handiko zortzi lanez osatua, 2005eko ekainaz geroztik dago ArcerlorMittal aretoan ikusgai.
Artistak erabaki duen legez, lana Museo atzealdeko terrazan jarri da, urmaeletik eta aparkaleku pribatutik gertu; bertan, Atrioaren gortina-hormek eta Frank Gehryk sortutako eraikinaren titaniozko eta harrizko hormek inguratuko dute. Horrela, Plow Abandoibarra etorbidetik eta Salbe zubitik, nahiz Atriotik eta Museoaren ArcerlorMittal aretotik, ikusi ahal izango da.
Museoko espaziotan aldi baterako Richard Serraren lan hau gehitzeak artista horren ibilbidearen gako konstanteak ezagutzen lagunduko dio bisitariari; gako horien artean daude, besteak beste, ikuslearekin elkarrekintza eta espazioaren, mugimenduaren eta denboraren garrantzia. Horrez gain, XX. mendeko eskultorerik aipagarriena hobeto ezagutzeko eta haren lan berritzailean sakontzeko aukera izango dute, gune berean gizaki baten eskalan egindako lan bat (bertikaltasuna, pisua eta grabitatea azpimarratzen dituena), Plow, alegia; eta The matter of time, artistak Museoko gune batentzat bereziki sortutako lana, ikusgai izango baitira. Azken lan hori egin zuenean, Bihurritu eliptikoa 1990eko hamarkadan aurkeztu zen eta unibertsalki eskulturaren bilakaeran aurrerapen handitzat hartu zen artelanarekin garatu zuen hiztegia berreskuratu zuen.
Espazioa funtsa
Plow artelana 1992an ekoitzi zuen artistak eta urte hartan Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíak artista horri eskaini zion erakusketa monografikoan aurkeztu zen; geroago, 2005ean, Art Basel nazioarteko arte azokan egon zen ikusgai.
Richard Serrarentzat espazioa material bat da, beraz, haren lanak non jarriko diren lanok sortzeko eta ulertzeko funtsezko datua da. Eskultura erabiltzen du espazio bat desberdintzeko eta ikuslea espazio-errealitate batekin lotzeko.
Plow lanaren osagaiek forma erregularra duten arren, %3ko inklinazioak eta xaflen alde batean dagoen hondoratzeak irregulartasunaren sentipena eragiten diote ikusleari; nahasmen eta desorekaapur bat sortzen dute eta hala, eskultura-gunea inguratzera eta esperimentatzera gonbidatzen ditu ikusleak.
Richard Serraren ibilbidean zehar Plow-ren eskema estetikoa errepikatzen da; hots, lanaren osagaiak paraleloan daude sarritan, bata besteari aurre egiten diote eta horrela, bertikaltasuna, pisua eta espazioa, hala nola, ikuslearen eta instalazio-gunearen arteko harremana nabarmentzen duten eskultura-guneak sortzen dira.
Eskema horri jarraituz, 1990an Afangar izeneko eskultura-proiektua garatu zuen Islandiako Videy uhartean; bertan, harrizko bederatzi eskultura bikote aurrez aurre jarri baitzituen. Bordeleko CAPC - Musée dart contemporain museoan 1990an aurkeztu zuen Threats of Hell (Infernuko mehatxuak, 1990) lanean ere erabili zituen aurrez aurre eta paraleloan eta Plow lanaren antzeko itxura eta material bera altzairu herdoilkorra zuten eskulturak. Ezaugarri horiek ere badituzte Stacks (Metaketa, 1989) lanak, egun Yale University-ko Louis Kahn eraikinean instalatutakoak; 1983ko Plunge (Erortzea) lanak eta oraintsu Grand Palais-en erakutsitako Promenade (Ibiltokia); azken horrek 17 metroko bost xafla bertikal ditu paraleloan jarrita.
Richard Serra eta Guggenheim Bilbao Museoa
Richard Serraren lan bat epe luzerako maileguan izateak garrantzia berezia du Guggenheim Bilbao Museoarentzat, artistaren eta erakundearen arteko harremana sendotzen baitu; artista horrekin dagoen harremana Snake lana erostean hasi zen, Museoa inauguratu aurretik, alegia; artelan hori 1997ko Guggenheim Bilbao Museoaren inaugurazio-erakusketan izan zen, hau da, Museoak eta mende honetako artea. Geroago, 1999an, Richard Serra erakusketa monografikoa izan zen museoan, kritikaren eta ikusleen aldetik arrakasta handia izan zuena. Carmen Giménez izan zen erakusketa horren komisarioa eta artistak 1985 eta 1999 bitartea sortu zituen eskulturak zeuden ikusgai.
Arte garaikide munduan berebiziko garrantzia duen artista horren aldeko apustua sendotu zuen Museoak 2005ean, Guggenheim Bilbao Bildumarako The matter of time erosi zuen-eta. Lan horrek zortzi osagai ditu, honako hauek: hiru espiral, bihurritu eliptiko bakun bat, elipse bihurritu bikoitz bat, esferez eta toruez osatutako bi atal eta Snake lanaren kurba konikoak. Multzo eskultoriko hau, azken hamarkadetako museologian historia-zedarria, hedabide orokorretan eta berezietan laudatu zuten, besteak beste, The New York Times egunkarian azken berrogeita hamar urtetako artelanik handienetako bat zela zioen eta The Independent egunkarian zortzi eskultura erraldoien gainean hauxe zioen: historian aurrekaririk ez duten eskala eta asmo handiko eskulturak .
Richard Serra San Frantziskon jaio zen 1939an eta 1961ean Ingeles filologian lizentziatu zen University of California, Berkeley unibertsitatean. Urte horretan bertan Arte Eder ikasketak hasi zituen Yale Universityn; 1964an lizentziatu zen eta ikasle zela, Philip Guston, Robert Rauschenberg, Ad Reinhardt eta Frank Stella ezagutu zituen. Unibertsitate-ikasketak amaitzean Europan zeharbidaiatu zuen bi urtez: lehenengo Parisera joan zen, Yale Universityk emandako bidaia-beka bati esker, eta ondoren Florentzian izan zen Fulbright beka bat lortu zuelako.
1966an eskulturan ezohikoak ziren materialak erabiltzen hasi zen, hala nola, kautxua eta beirazko zuntza. Urte hartan, AEBra itzuli zen eta New Yorken bizilekua finkatu zuen. Bertan, hainbat artistekin harremana zuen, esaterako, Carl André, Walter de Maria, Eva Hesse, Sol LeWitt, Robert
Smithson, Robert Morris eta Bruce Nauman. 1969a urte garrantzitsuan izan zen haren ibilbidean, One-Ton Prop (House of Cards) [Tona bateko eskora (Karta-gaztelua)] lana sortu baitzuen. Lan hori berunezko lau xaflez osatuta dago, zutik daudenak eta bata bestearen gainean jarrita oreka gordetzen dutenak.
Jaso dituen sari eta ohore garrantzitsuenen artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: American Academy of Arts and Sciences-en kide izendatu izana (1993); Japan Art Association-ek ematen duen Praemium Imperiale saria eskultura alorrean (1994); Oakland-eko California College of Arts and Crafts-ek Arte Ederretan Doctor Honoris Causa izendatu izana (1994); American Academy of Arts and Letters-ek ematen duen Urrezko Medaila eskultura alorrean (2001); eta Orden Pour le Mérite für Wissenschaften und Künste (2002).
Abuztuan eta irailean zehar, eskultura jartzeko terrazan egokitze lanak egin dira: hormigoi armatuko bi mikropilote jarri dira, 20 metroko luzera eta 220 milimetroko diametroa dutenak, lana osatzen duten bi xaflei eutsi diezaioten. Horrela, xaflek eragiten duten 4.000kg/m 2 indarrari aurre egin ahal izango diote.
Guggenheim Bilbao Museoaren inguruko informazio guztia www.guggenheim-bilbao.eus (prentsa- eremua) webgunean eskuragarri. Izena eman email bidezko alerta zerbitzuan.
Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus
Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.
Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu, filmazioa egin aurretik.
Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.
Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.
Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.
Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.
Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.
Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.