Prentsa Eremua

21 iraila 2012

Webgune berria

image

Webgune berria, www.guggenheim-bilbao.eus, aurkeztu du Guggenheim Bilbao Museoak

Diseinu modernoa du, atsegina eta erabilerraza, askotariko telefono eta tableta gailuetara egokitzen dena

15. Urteurrena dela eta, webgune berria kaleratu du Guggenheim Bilbao Museoak: www.guggenheim-bilbao.eus. Diseinu modernoa du, itxura atseginekoa, eta erabilerraza da; izan ere, edonolako publikoak sareko edukiez albait hoberen gozatzeko prestatu da. Bisitariek, Museoaren Lagunek, Kide Korporatiboek, ikasleek, irakasleek eta beste hainbatek modu intuitiboagoan erabili ahal izango dituzte multimedia eduki eta tresna berriak; gainera, elkartruke gehiago egiteko aukera izango dute.

Gune berria Museoak eta UTE LIN3S eta BA! Creativos enpresek garatu dute. Lau hizkuntzatan eskuragarri dago eta askotariko euskarrietara egokitu da diseinua (responsive web design), hots, telefono, tableta zein ordenagailu bidez bistara daiteke behar bezala, pantaila bereizmen guztietara egokitzen baita. Horrela errazten da informazioa eskuratzea.

Bisita prestatzeko baliabideek dute leku gailena. prestatu zure bisitaldia atala berritu egin da: errazago hel daiteke askotariko informazio baliagarrira, hala nola, ordutegiak, sarreren prezioak, zerbitzuak eta abar. Era berean, azpiatal bat eskaini zaio (“Baliabideak”) bisitaldia osatzen laguntzen duten euskarriei: liburuxkak, aldizkariak eta telefonoetarako aplikazioa, besteak beste. Bestelako informazio interesgarria eskaini da “Turismoa” azpiatalean; bertan, bidaia-gida txiki modura, Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko toki turistikoen eta jarduera erakargarrien ingurukoak azaltzen dira.

Zer ikusi da beste atal garrantzitsu bat, interfaze atsegin eta irakurterrazekoa. Bertan, erakusketen, Guggenheim Bilbao Bildumaren eta eraikinaren gaineko edukiak daude, hurrenez hurren, azpiatal hauetan: “Erakusketak”, “Bilduma” eta “Eraikina”. Arte-egitaraua azaltzeko euskarri multimedia dinamikoagoa aukeratu da, mikroguneak, hain zuzen, informazio zabalagoa eskaintzeko; etorkizuneko erakusketen ingurukoak zein aurreko erakusketen biltegia eskuragarri daude atal horretan. Guggenheim Bilbao Bildumaren artelanetan sakontzeko taxutu da “Bilduma”: irudiak bereizmen handian eta kalitate hobezinean ikus daitezke, bistaratze formatu aberatsa dela eta. Azkenik, “Eraikina” atalean bideoak eta argazkiak daude, eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea, baita eraikuntza, jasotzen dituztenak; Frank Gehryren lanaren txoko guztiak ezagutzeko aukera izango dute erabiltzaileek, baita euren iritziak partekatzeko ere, Twitter-eko iritziak bertan jasoko baitira —hala, Museoaren hedabide digitalen arteko elkarrekintza handituko da—.

Zer ikasi eta jarduerak ataletan hezkuntza-ekimenak daude, dataren, publikoaren eta jarduera-motaren arabera sailkatuta. Horrek nabigazioa erosoagoa egiten du. Jardueren azpiatalaren barruan, tarte bat eskaini zaio Art After Dark saio arrakastatsuari: horren inguruko multimedia euskarriak daude eta erabiltzaileek bertan eros ditzakete sarrerak, izena eman ondoren. Atal horren diseinua gazteei zuzendu zaie eta dinamikoa eta bizia da.

Babesleak eta kideak atalean bai Kide Korporatiboek bai Museoaren Lagunek haien txokoa dute. Azken horiek “Azken ordua” azpiatal berriaz goza dezakete.

Sareko denda ere berritu da: diseinua eta e-commerce funtzionaltasuna hobetu dira, aiseago aurki ditzaten erabiltzaileen salgaiak eta eskaintza bereziak.

Azkenik, aipatzekoak da sare sozialak erabiltzeko botoiak (Twitter, Google+ eta Facebook) gehitu direla “bilduma” eta “jarduera” ataletan. Horrela, edukia arnas batean edonora zabaltzeko aukera eskaintzen da.

Webgune berria W3C HTML5 eta CSS3 ereduen arabera garatu da eta WordPress da kudeatzailea.

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.