Guggenheim

2020(e)ko abenduak 3 - 2021(e)ko Otsailak 21

“Nire ustez, jendeak gehiegi hitz egiten du; hori horrela da. Ez dut hitzetan sinesten. Jendeak hitz gehiegi erabiltzen ditu, eta, askotan, oker. Ziur nago, etorkizun urrunean, jendeak askoz ere gutxiago hitz egingo duela, eta gauza funtsezkoagoak esateko”. —Michelangelo Antonioni, 1969

Hutsak inguratzen gaitu, presentzia ezberdinen bidez egin ere: gaixotasuna, tristura, bakardadea… Baina barne-exiliorako aukera ere ematen digu, norberaren mamuei aurre egitekoa; amodioaren adierazpen gorena ere izan daiteke, edo bizitzako alderdirik garrantzitsuenak diren bizitasunarena eta pentsamenduarena. Une bakoitzeko tentsioa iraganeko eta oraingo egoerei erreparatzeko eta itxaropenez betetako etorkizunaz hausnartzeko gonbidapen moduan hartzera behartzen gaitu proiektu honek.

Argazkien bidez, José Manuel Ballesterrek denbora kapsulatu nahi du, geldiarazi, bizitzaren joanari atseden eman, ikuslea ez-eremu arkitektonikoetan murgilaraziz. Ballesterri toki hutsak interesatzen zaizkio, eta jendea argazkitan hartzeko haien arrastoak eta islak harrapatzea du gustuko. Haren obrak norbanakoaren bakardadea eta gaur egungo munduaren kontraesanak aztertzen ditu hiri-inguruneen bidez; eguneroko eremuak eszena denboragabe bihurtzen dira, eta, eremu horietan, ezkutukoa eta agerikoa, publikoa eta pribatua, bipolarra, giza izaera agerian jartzen duten alderdiak dira.

Ekimen honetan, José Manuel Ballesterrek apirileko hiru egunetan, pandemia betean, atera zituen argazkietako batzuk daude ikusgai. Honakoa dio artistak haiei buruz: “Kalean ez zebilen inor, eta horrek eszena harrigarriak jartzen zizkidan begien aurrean. Errepideak, etorbideak eta plazak hutsik zeuden, baina gehien artegatu ninduena biztanle guztiak han zeudela jakitea zen, ni negoen tokitik metro gutxi batzuetara, etxeko hormen atzean babes hartuta. Hain gertu geunden arren, isiltasuna zen nagusi”.

Ezohiko irudiotan, Bilbok eta munduko beste hiri askok itxialdian zehar bizi izan zuten errealitatea islatzen da eta, Guernica abiapuntu, 2009/2020 lanarekin batera, gertaera historikoaren eta giza zorigaitzaren ikuspegi leial baina eguneratua eskaintzen digute, eta gerren zein pandemien gisako gertaerek dituzten ondorio izugarriei buruz hausnartzera garamatzate.

 

KOLABORATZAILEAK:

                                    

EXPERIENTZIA DIGITALA

Museoan ikusgai dagoen Jose Manuel Ballesterren [2020/03/15] proiektua osatzen duen esperientzia digitalaz gozatzera gonbidatu nahi zaituztegu.

ARTISTA

“Arteak ezin du errealitatea bera aldatu, baina hura ulertzeko modua aldatzen saiatu daiteke behintzat, eta hori lehenengo urrats itxaropentsua da”.

José Manuel Ballester

Bertso-saioa Hustuari Hitzak