BERRIKUNTZA IRAKASKUNTZAN
BERRIKUNTZA IRAKASKUNTZAN

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.

Eremu didaktiko honetan, Vasily Kandinskyren bizitzan eta jardun artistikoan eragina izan zuten pertsona, toki eta gertakariek hartzen dute garrantzia. Errusian trebatzen eman zituen urteetatik Alemanian eta Frantzian pasatu zituen denboraldi emankorretaraino, Kandinskyk jakin-min intelektuala eta abangoardiarako joera zuela erakutsi zuen. Hemen, haren marrazki esperimentalak, koloreen eta soinuen arteko erlazioari buruzko ikerketa, haren irakaspen eta idatzi teorikoak eta termino nagusien glosario bat eskainiko dizkiogu jendeari. Inflexio-puntu horiei esker, oro har, Kandinsky XX. mendearen hasieran arte abstraktua edo ez-figuratiboa garatzen aitzindaria izan zen.

BERRIKUNTZA IRAKASKUNTZAN

Bauhaus (Alemania) arte-, arkitektura- eta diseinu-eskola bat izan zen, eta, bertan, irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren inguruko ikuspegi berritzaile bat landu zen XX. mendearen lehenengo erdialdean. Diziplinarteko eredu bat erabili zen, eta eredu horretan irakasle eta ikasleek zeregin garrantzitsua izan zuten. Bauhaus «moderno izateko toki» bihurtu zen.

1922an, Kandinskyk irakasle-postu bat onartu zuen bertan eta, ikuspegi pedagogiko berri horretan aitzindari ziren beste artista batzuekin eta lankideekin batera (esaterako, Anni eta Josef Albers, Marianne Brandt, Gertrud Grunow, Johannes Itten eta Paul Klee), garai horretako komunitate esperimentalenetako baten parte bihurtu zen. 1933an, itxi egin behar izan zuten Bauhaus, nazismoaren gorakadak eraginda Alemanian zegoen egoera politiko gogorraren ondorioz.

KOLOREEN, FIGUREN ETA FORMEN ESPERIMENTAZIOA

Kandinskyk kolorea eta haren efektu psikologiko eta espiritualak ikertu zituen, eta geometrian oinarritutako formaren teoria bat garatu.

Haren aburuz, horiak urduri jar dezake jendea, eta urdinak, berriz, ondo sentiarazi, oinak lurrean dituztela. Halaber, haren ustez, triangeluak ekintzarekin eta indarkeriarekin erlazionatutako emozioak irudikatzen ditu; karratuak, bakea eta lasaitasuna; eta zirkuluak, espiritualtasuna. Azken batean, figura zatitu eta formarekin esperimentatzeak abstrakzioaren bidean kokatu zuen.