
Solomon R. Guggenheim
Solomon R. Guggenheim (Filadelfia, 1861–New York, 1949) New Yorken bizi zen metalurgia-arloko industrialaria izan zen.
Hilla Rebay margolariak aholkatuta, 1929tik aurrera Europako abangoardiako arte transgresorearen aldeko apustua egin zuen, eta artista abstraktuen lanak eskuratu zituen, besteak beste, Kandinskyrenak.
1937an, Guggenheimek fundazio bat sortu zuen New York hirian museo bat sortzeko asmoz: eraikina Frank Lloyd Wrightek diseinatu zuen, eta Bosgarren etorbidean jarri zuten.
Solomon R. Guggenheim Museoak 1959an ireki zituen ateak, eta erakundeak hasieran zuen 150 artelaneko sortze-bilduma handituz joan da egun dituen 2.000 piezetara iritsi arte.
Peggy Guggenheim
Peggy Guggenheim (New York, 1898–Venezia, 1979), Solomon R. Guggenheimen iloba, artezale amorratua izan zen gaztetatik. Hartu-eman estua izan zuen europar artistekin:
erakusketak eskaini zizkien Londresko bere galerian, eta haien artelanak eskuratzen zituen Parisen, “egunean artelan bat bildumatzea” helburu. Horrela, artelan ugari nazismoaren mehatxutik babestu zituen 1930eko hamarkada amaieran.
Gerrak behartuta, New Yorken erbesteratu zen, eta museo/galeria bat zabaldu zuen bertan: Art of This Century (1942–1947). Haren bitartez, sortzaile europar exiliatuak eta Estatu Batuetako belaunaldi berriak sustatzen jarraitu zuen, tartean espresionista abstraktuak. Jackson Pollock (1912–1956) margolariaren mezenasa izan zen, eta babes hori erabakigarria izan zen artistaren ibilbidean.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Peggy Guggenheim Europara itzuli zen. 1947an Venezia ezarri zuen behin betiko bizitoki, eta bere bilduma osatzen jardun zuen buru-belarri. 1951tik aurrera, etxeko ateak ireki zituen, bere arte-bilduma pribatua jendaurrean ezagutzera emateko. 1970ean, Solomon R. Guggenheim Fundazioari eman zion ohaintzan Palazzo Venier dei Leoni, eta 1976an, berriz, bere bilduma.
