Hitzak tentuz hautatzen dituen pertsona da Jenny Holzer. 1970eko hamarkadaren hondarrean heldu zen New Yorkera, iraultza kultural eta politikoaren garaian. Feminismoa, arraza desberdintasuna, pobrezia, Vietnamgo Gerra eta HIESaren izurria ziren garai hartako giltzarrietako batzuk. Holzerren inguruan garatzen ziren elkarrizketei egindako ekarpena izan ziren haren Truisms (1977–79): ehunka baieztapen labur eta sarritan kontraesankor dira, gai sozial, ekonomiko, pertsonal eta politikoak lantzen dituztenak. Kaleko poster anonimoetan aurkeztu ziren, eta oinezkoei gelditzeko eta sozialki onartutako egien konplexutasuna zalantzan jartzeko gonbidapen gisa diseinatuta zeuden.
“Testua [...] gehiegikeriaz erabil daiteke edo egiazkoa izan daiteke. Nork zer eta zergatik egiten duen, horren arabera”
1979 eta 1980an, Collaborative Projects artisten kolektiboaren kide zelarik, Times Square Show eta Manifesto Show erradikaletan parte hartu zuen Holzerrek; azken hori Colen Fitzgibbon zinema-artista esperimentalarekin batera antolatu zuen. Erakusketa demokratiko eta autugestionatu horiek desafio egiten zieten hainbat baieztapeni: zer da artea, norentzat egiten da, non instalatzen da eta zer egin dezake jendartearen alde. Beste artista kontzeptual batzuen antzera, artearen mugei erronka egin die Holzerrek. Idaztea du baliabide eta publikoa ikus-entzule. Bere testuak objektu arruntetan inskribatu ditu: kamisetak, galtzetak, kikarak, erretiluak, kondoiak eta postalak (horietako batzuk gune didaktiko honetan daude ikusgai); horien bitartez, ezustekoa, probokazioa eta kritika ekarri ditu Holzerrek
eremu publikora.
“Jendeak begiratzen duen edozein tokitan edukia ipintzea gustatzen zait, eta izan daiteke kikara baten hondoan edo kamiseta batean edo kapela batean edo ibai baten azalean edo eraikin oso baten gainean”
1980ko hamarkadatik, Holzerrek teknologia garaikideak erabili ditu hizkuntza eraldatzeko, argia, kolorea eta mugimendua baliatuta. LEDezko instalazioek —101 aretoan ikusgai dagoen 1997ko Bilborako instalazioa barne— artistaren hitzak kaletik museo barrura ekarri zituzten. Eraikinetan eta erreferentziazko beste gune batzuetan egindako proiekzioek ere testua aire zabalera eta hirira eraman zuten; hala nola, Arno ibaia Florentzian (1996), Louvreko piramidea Parisen (2001) eta Londresko City Hall edo udaletxea (2006). Proiektu horietako asko ikus ditzakezu gune honetako monitorean. Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa honek argi-proiekzio berriak hartuko ditu: Museoaren kanpoko fatxadarako propio sortu ditu artistak, eta martxoaren amaieran egongo da horiek ikusteko aukera, ilundu ostean. Holzerrentzat, errotulu elektronikoak eta argi-proiekzioak espazioei bizia emateko moduak dira, hizkuntzaren boterea baliatuta.
“Arteak edo idazketak funtzionatzen dutenean, ideiak planteatu eta ukigai egiten dituzte, eta ezagutza eta sentimendu horiek ekintza duin baten oinarria izan daitezke”
Bere ibilbideko aro guztietan, Holzerren arteak elkarrizketa piztu du unean uneko kezken inguruan; izan gatazka politikoa, gerra, justizia soziala edo genero berdintasuna. Haren ikuspegi feministak oraindik ere aribidean den giza eskubideen aldeko borrokaren inspirazio izaten darrai, eta haren jatorrizko Truisms delakoek oihartzun egiten dute ekintzaile eta defendatzaileen belaunaldi berriaren baitan. Artistak hala eskatuta, 205 aretoko Truisms esapideak publikoaren parte-hartzeari zabalik daude, 1970eko hamarkadan bezala. Orain, beti bezala, Holzerren arteak publikoari engaiatzeko gonbita luzatzen dio, eta eztabaidarako gune bat zabaltzen du.
“Irakurri egunkaria. Egon adi inguratzen zaituenari. Ziurtatu zure barruan oihartzun egiten duela”
I WOKE UP NAKED, 2019
LEDezko errotulua, diodo urdin, berde eta gorriekin
358,1 x 14 x 14 cm
Testua: Elkarrizketak militar estatubatuar beteranoekin, Protect Our Defenders eta Interchange Productions erakundeek gauzatuak© 2019 Protect Our Defenders Foundation. Protect Our Defenders-en baimenarekin erabilia. Izenak aldatu edo esan gabe utzi dira, identitateak babesteko.
© 2019 Jenny Holzer, member Artists Rights Society (ARS), NY
Bideoa: Killstress Designs
I WOKE UP NAKED, 2019
LEDezko errotulua, diodo urdin, berde eta gorriekin
358,1 x 14 x 14 cm
Testua: Human Rights Watch (HRW) erakundeak gauzatutako elkarrizketak, © 1992–2017 HRW. HRW-ren baimenarekin erabilia. Izenak aldatu edo esan gabe utzi dira, identitateak babesteko.
© 2019 Jenny Holzer, member Artists Rights Society (ARS), NY
Bideoa: Killstress Designs
Holzer Duet...Truisms, 1985
Dantza performancea (Larry Goldhuber, Bill T. Jones)
Testua: Truisms, 1977–79
Joyce Theatre, New York, 1985
© 2019 Jenny Holzer, member Artists Rights Society (ARS), NY
Bideoarekin batera, Bill T. Jones koreografo entzutetsuaren aipua azaldu nahi genuke, Holzerren Truisms testuetan sortu baitzuen hark pieza hura:
“Gogoan dut Jenny entseguetara etorri zenean (uste dut une horretan baino ez zuela ikusi obra); egin zigun iruzkin bakarra izan zen, nahiago zukeela gatazka gehiago ikusi izan balu. Larryren izaera fisikoaren eta nirearen arteko desberdintasuna iradokitzeko diseinatuta zegoen lana. Atorra eta galtzak ditu berak soinean, nik dantzari/atleta dirudit; bera handia da, ni argala; bera zuria da, ni beltza… Kontraste horiek haustura bat iradokitzen zuten, zeina zalantzan jartzen baitzuen gure arteko kooperazioak, elkarri heldu eta elkar ukitzeko genuen moduak. Jennyrentruisms delakoak kontrapuntu ironiko eta ‘konplizea’ dira gure gorputzak ardatz dituen erritual honentzat”. –Bill T. Jones