Gazte zela, Thomas Struth sarri joan ohi zen bere jaioterritik hurbil dagoen Koloniako Ludwig Museora. Artistak toki lasai gisa oroitzen du museoa, bisitari gutxi batzuekin. Hala, inolako distraziorik gabe “entzun” zitzakeen bertan erakutsitako obrak.
Handik urte batzuetara, 1980ko hamarkadaren amaieran, artelanei begira edo artelanak “entzuten” dauden pertsona taldeak erretratatzen hasiko zen, Erroman, Londresen edo Parisen. Beranduago, 2013. urtean, Atlantako (Georgia, Amerikako Estatu Batuak) akuarioko bisitariak fotografiatuko zituen. Publikoa eta Museo-argazkiak izeneko multzo horietan, munduko museo garrantzitsuenetako batzuetako artelanen aurrean erretratatuko zituen Struthek bisitariak. Batzuetan ikusleen erreakzioak baino ez zituen erakutsiko; bestetan, erreakzio horien sortzaile ziren lanak ere bai.
Irudi horiek Struthen begirada jasotzen dute argazki-kameraren bitartez, baina, aldi berean, ikusle horien begirada ere jasotzen dute, eta baita pertsona horietako bakoitzak obra jakin batzuekin konektatzeko duen modua ere, nork bere ikuskera eta perspektibatik. Sortze-prozesua berriz abiatzea ekar lezake horrek batzuetan, partekatutako begiradatik eta etengabe elkar elikatzen den prozesu dinamiko horretatik abiatuta ideia berriak sortzen direlako.
Ildo horretan, arreta ematen digu 207 aretoan dagoen obra oso berezi batek: Alte Pinakothek, Autorretratua, Munich 2000. Nori egiten dio erreferentzia argazkiaren izenburuak? Koadroan, markoaren barruan agertzen den Alberto Durero pintoreari? Hari begira lepoz dagoen Thomas Struth argazkilariari? Geure buruei? Gure islari begiratzeko ispilu ote da artea? Bere burua pintura zehatz horri begira fotografiatzeak zer esaten digu Struthen inguruan? Durerorekin identifikatzen dela? Bere obrarekin? Haren garaiarekin? 207 aretoan, obra horren inguruan dauden irudietan, Struthek fotografiatutako ikusleen erreakzioak eragin zituzten artelanak ere ikus daitezke. Orain gu geu gara horiei begira gaudenak. Zein emozio pizten dizkigute? Eta inork justu momentu honetan fotografiatuko bagintu, zer islatuko litzateke gure aurpegian? Struthen Publikoa multzoko obrei begira zaudenean, gogoratu une hau.
Argazkia: Uffizi Gallery Museum. Getty Images Archive