ERAGIN HANDIKO IDATZIAK
ERAGIN HANDIKO IDATZIAK

Didaktika proiektuaren baitan, Museoak hezkuntza-jarduerak eta -eremuak diseinatzen ditu, erakusketen osagarri gisa, eta jarduera eta eremu horiek tresna ugari eskaintzen dituzte, bai erakusketa-aretoetan, bai online, jendeak hobeto uler ditzan artistak eta haien lanak.

Eremu didaktiko honetan, Vasily Kandinskyren bizitzan eta jardun artistikoan eragina izan zuten pertsona, toki eta gertakariek hartzen dute garrantzia. Errusian trebatzen eman zituen urteetatik Alemanian eta Frantzian pasatu zituen denboraldi emankorretaraino, Kandinskyk jakin-min intelektuala eta abangoardiarako joera zuela erakutsi zuen. Hemen, haren marrazki esperimentalak, koloreen eta soinuen arteko erlazioari buruzko ikerketa, haren irakaspen eta idatzi teorikoak eta termino nagusien glosario bat eskainiko dizkiogu jendeari. Inflexio-puntu horiei esker, oro har, Kandinsky XX. mendearen hasieran arte abstraktua edo ez-figuratiboa garatzen aitzindaria izan zen.

ERAGIN HANDIKO IDATZIAK

Kandinskyk adimen teorikoa eta jakin-min handikoa zuen eta, pintatzeaz gain, kolore eta forma desberdinak gogo-aldarte desberdinekin bat nola zetozen aztertzen zuten entsegu ugari idatzi ere egin zituen. Úber das Geistige der Kunst (Espirituzkoa artean, 1912) izan zen gaiari buruz egin zuen argitalpen garrantzitsuena, eta, gero, Punkt und Linie zu Fläche. Beitrag zur Analyse der malerischen Elemente (Puntua eta lerroa planoaren gainean. Elementukoen analisiari egindako ekarpena, 1926). Lehenengo lanean, kezka psikologiko eta espiritual barru-barrukoenak adierazteko koloreak zer ahalmen duen aztertu zuen Kandinskyk; eta bigarrenean, berriz, margolanak sortzean hainbat indarrek lerro eta puntuetan eragiten duten barne-efektua.

1913an, Kandinskyk Klänge (Soinuak) argitaratu zuen, 56 xilografiaz, prosan idatzitako poemez eta tipografiaz osatutako liburu bat. Hark esandakoaren arabera, «musika-album» bat zen. Idatzi horiek eta beste batzuek garbi erakusten dute zer ahalmen zuen Kandinskyk adierazpide berriak aurkitzeko eta etengabe gauzak aurkitzen ematen zuela denbora.

SOINUAREN ETA PINTURAREN ARTEKO LOTURAK

XX. mendearen hasieran, aldaketa sakona izan zen musikan. Arnold Schönberg konpositore austriarra izan zen musika arau tradizionaletatik urrunduz sortzeko modu berriak ikertzen aritu ziren guztietatik garrantzitsuenetako bat. Sistema dodekafonikoaren egilea izan zen, eta 1911n lan iraultzaile bat argitaratu zuen: Traité de l’harmonie (Harmoniako tratatua). Horretan atonaltasuna proposatu zuen musika-konposizioaren etorkizun gisa.

Schönbergek eta Kandinskyk margolaria Munichen egon zen azken denboraldian ezagutu zuten elkar. Betiko lagun bihurtu ziren, eta gutun asko bidali zizkioten elkarri; biek zuten gustuko esperimentatzea, baita adierazpide berriak bilatzea ere. Kandinskyren jardunean eragin handia izan zuen musikarekin ikasitakoak eta bizi izandakoak. Artistaren ustez, pinturak musikak bezain abstraktua izan behar zuen, eta behatzailearengan erantzun emozional bat eragin, gai bereizgarri bat irudikatu beharrik gabe.

Entzun al duzu inoiz «sinestesia» hitza? Entzumenari eta ikusmenari dagokienez, sinestesiari esker, koloreak hauteman ditzakete pertsona batzuek musika entzuten duten bitartean, edo, bestela, soinuak entzun ditzakete koloreei begiratzean. Kandinskyri asko interesatzen zitzaion fenomeno hori, eta taula sinestesiko bat ere garatu zuen koloreen eta orkestra bateko instrumentuen arteko korrespondentziak ezartzeko.

ANTZERKIA ERE BAI

Denboraren poderioz, Kandinskyri beste arlo batzuk ere interesatzen hasi zitzaizkion; besteak beste, antzerkia. 1909 eta 1914 artean, «tonua eta kolorea zuten lau pieza» sortu zituen genero horretarako. Pieza horiek kolorearekiko erantzun psikologikoan eta fisiologikoan oinarrituta zeuden kontzeptualki. Tamalez, piezak ez ziren inoiz antzeztu artista bizirik zela: Der gelbe Klang (Soinu horia), Der grüne Klang (Soinu berdea), Schwarz und Weiß (Beltza eta zuria) eta Violett (Morea).

Akuarelaz egindako zirriborroak ere diseinatu zituen Kandinskyk Modest Mussorgsky musikari errusiarraren Erakusketa baterako koadroak (1874) pianorako konposizioaren antzerki-bertsio baten eszenografiarako. 1928an aurkeztu zen ikuskizuna, Dessauko Friedrich antzokian, eta, 2012an, berriro eskaini zen, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum museoan, Mussorgskyrengan oinarritutako multimedia-performance baten zati gisa. Hemen, eszenako elementu desberdinen jatorrizko diseinuen bertsio digital bat duzu. Elementu horiek gaur egungo teknologiari esker animatu dira, eta musikarekin sinkronizatu, Kandinskyk eta Paul Klee artistaren seme Felix Klee zuzendariak eman zituzten prestatzejarraibideen arabera [Paul Klee oso garrantzitsua izan zen Europan modernitatea garatzen, eta Kandinskyren lankidea eta oso laguna ere bai Bauhaus eskolan].