IN FOCUS
IN FOCUS

HAIZE KONTRA

Didaktika proiektuaren barruan, Museoak gune didaktikoak, online edukiak eta jarduera bereziak diseinatzen ditu erakusketa bakoitzaren osagarri izateko. Horrela, ikusgai dauden obrak balioesten laguntzen duten tresnak eta baliabideak eskaintzen dira.

In Focus: haize kontra izena eman zaion hezkuntza-gune honek, Alice Neel: pertsonak lehenbizi erakusketarako diseinatuak, informazio gehigarria eskaintzen du pintore estatubatuarraren lanari buruz. Garaiko pinturaren joera oro alde batera utzita, Neelek 1930eko eta 1980ko hamarkada bitartean New York hirian bizi ziren pertsonak dokumentatu zituen, bizitasun handiko testuinguru politiko eta soziokultural batean. Artistak beretzat posatzen zutenen kemena eta arima jaso zituen iruditan: gehienak ezezagunak (outsiders) eta, azken urteetan, baita New Yorkeko eszenako pertsona ezagunak ere.

Grina, duintasuna, inklusioa, aktibismoa edo sexualitatea behin eta berriro ageri dira bere ibilbidean, eta gune honetan, hain zuzen, alderdi horiei buruzko azalpenak jaso ditugu. Bertan Alice Neel filma ere aurkituko duzue, Andrew Neelek zuzendua eta artistaren Legatuak ekoiztua. Filmak, New York hiriaren erreferentziak biltzeaz gain —berrogei urte baino gehiagoko denbora-tarte zabal batean— autore honen artxibo pertsonalaren dokumentazioa ere barne biltzen du; artista bera ageri da, baita bere seme Hartley eta Richard Neel ere.

GRINA

Landu zituen askotariko generoetatik —hiriko eta etxeko paisaiak eta natura hilak, besteak beste— Alice Neel pintorearen benetako grina, ororen gainetik, erretratua edo “pertsonen irudiak” ziren, mota horretako obrei horrela deitzea nahiago izaten baitzuen hark.

XX. mendearen bigarren erdian AEBetan sorkuntzaren arloan goraldian ziren joeretatik kanpo —batez ere Espresionismo Abstraktua, Pop Artea, Arte Kontzeptuala eta Fluxusa— lan egin zuen Neelek.

Pintore figuratiboa izan zen, New Yorkeko aldirietako gizarte multietniko, askotariko eta xumearen erretratugilea, Neelen garaikide ziren artistek oso gutxitan erretratatutako pertsonena.

DUINTASUNA

Alice Neelek depresio ekonomikoak, Bigarren Mundu Gerrak eta Gerra Hotzak markatutako garai batean lan egin zuen.

Bere erretratuak psikologikoak dira, protagonisten fisionomian soilik oinarrituak baino gehiago. Halako bakardadea eta tristezia antzematen zaie haiei, baina, aldi berean, baita duintasuna eta borroka ere zoritxarraren aurrean. Oztopoak oztopo, “izatea” eta “egotea”, ikuslea aurrean dela.

INKLUSIOA

Gutxiengoen eta “ikusezinen” defendatzaile, Neel jende anonimoa gaitzat hartuta lan egin zuen: immigranteak, langile-klasekoak, prostitutak, homosexualak eta transgeneroak, baita artistak, galeristak, arte-arduradunak eta abar ere; haien jatorria edo estatus soziala edozein izanda ere.

AKTIBISMOA

Beti izan ez bazen ere Alderdi Komunistako kide, sarritan erakutsi zuen alderdiaren idealekiko begikotasuna. 1930eko hamarkadan hasi zen giro komunistetan maiz ibiltzen, eta alderdiko hainbat lider eta hurbileko intelektualak erretratatu zituen. Neelek justizia soziala arlo guztietan lortzeko kezka irmoa zuen, eta ildo horretatik, eskubide zibilen defentsa agerikoa da bere obran; izan ere, historia-pinturatzat har liteke.

SEXUALITATEA

Bikoteek, gizonek eta, batez ere, emakumeek unibertso piktoriko bat osatzen dute, non naturaltasunez eta aurreiritzirik gabe erakusten diren sexualitatea eta biluztasuna. Ikuspegi femenino eta gordin batetik, mendebaldeko artean ordura arte existitzen ez zen batetik, Neelek bere koadroetan tabu ziren gaiei heltzen die, besteak beste: erditzea, haurdunaldia, amatasuna, erotismoa eta desio sexuala.

Alice Neel bere estudioan New Yorken, 1960 inguruan
Argazkia: The Estate of Alice Neel
© The Estate of Alice Neel, Bilbo, 2021