Hockney aitzindari izan da beti artegintzan teknologia harrigarriak erabiltzeko orduan: urrenez urren baliatu da Polaroid kameraz, faxaz, iPhoneaz 2009an, iPadaz 2010ean eta definizio handiko DVRaz azkenekotan. Izan ere, iPadak zirriborroen koadernoak ordeztu ditu hein batean.
Hockneyk oso gustuko du iPad gailuak ematen dion bat-batekotasuna, oso azkar lan egitea ahalbidetzen baitio eszena bat irudikatzean gertatzen diren argi eta egurats-aldaketak jasotzeko. Atal honetako irudietan Hokney begi aurrean duena marrazten ikus daiteke gailuaren Brushes aplikazioaz baliatuz. Jarduteko modu horrek inpresionistek naturan, “en plein air”, margotzeko zuten ohitura ekartzen du gogora; gai bera ikuspegi berberetik baina eguneko ordu edo urtaro desberdinetan irudikatzen zuten. Hokneyk orduak ematen ditu naturan margotzen baliabide askotan, urtaro guztietan.
Kaliforniako Yosemite bailara gaitzat hartuta 2011n egin zituen iPad bidezko marrazkien inprimaketak paisaia sublimearen azterketak dira. Hauetan eta antzeko beste lanetan Hokneyk XVIII. mendean egindako edertasunaren eta gorena edo sublimearen arteko bereizketa aditzera eman nahi du. Filosofo eta politikari Edmund Burkek proposatu zuen bereizketa hori eta ondoren Kant filosofo alemaniarrak argitu zuen Kritik der Urteilskraft (“Judizioaren kritika”, 1790) liburuan. Ideia horien arabera edertasuna objektuarekin formari lotzen zaio eta ondorioz mugak ditu; gorena edo sublimea, aldiz, formarik gabeko objektuetan bilatu behar da, hau da, mugagabetasunean adierazten da.
Marrazkiak tamaina desberdinetan ekoiztea ahalbidetu dio. Are gehiago, gailu honek artegintzarako aukera berriak eskaini dizkio Hockneyri.