
Mark Leckeyren lan ugari musikaren inguruan egituratuta daude. Bere lehen bideo-lanetako batzuetan —esaterako, Fioruccik egin ninduen hardcore (Fiorucci Made Me Hardcore, 1999)— eta eskala handiko hainbat instalaziotan —besteak beste, Soinu-sistema (Sound System, 2011) edo HozkailuEkintzaPantailaBerdean (GreenScreenRefrigeratorAction, 2010)—, artistak erritmoa erabili izan du narrazioari laguntzeko; eta musika elektronikoa eta haren inguruko nostalgia zein kultura herrikoia maiz baliatu izan ditu bere lanaren gai nagusi gisa. Artistaren bideo-edizio estiloak agerian uzten du hori, DJ teknikak erabiltzen baititu, hala nola sampling (sanpleatzea), looping (buklean jartzea) eta errepikapenaren bidez tentsioa sortzea.
Leckeyk sarritan esan izan du musika izan zuela kulturara sartzeko atea. Zirkulu artistikoetatik urrun hazi zen, eta rave festak zein irrati piraten inguruko kultura bezalako esperientzia kolektiboak izan zituen prestakuntza estetiko eta emozionalerako gune. 2016az geroztik, DJ saioak egiten ditu hilean behin musika elektronikoari eskainitako plataforma digital ireki baterako (NTS Radio). Saiootan, Leckeyk askatasun osoz partekatzen du bere gustu eklektikoa erreprodukzio-zerrenda tematikoen eta hainbat artistarekin egindako kolaborazioen bitartez.
Leckeyren prestakuntza plastikoaren zati handi bat bideo musikaletatik, gaueko telebista-saioetatik, aldizkarietatik, grabazio eta irrati piratetatik eta Internetetik dator, horiexek eskaini baitzioten hezkuntza formalaren bidez lortu ezin izan zuena: kulturarako sarbidea eta pertenentzia-sena. Hain zuzen ere, ildo alternatibo horren isla da bere lana, artearen historiako irudiak eta kanon akademikotik at dauden erreferentziak uztartzen baititu intuizioan oinarritutako ezagutza emozionala eta ez-ofiziala sustatzeko.
Gustu kontua izango da, baina, niretzat, ukigarri den zerbaitera murriztea da.
Musika bera zerbait materiala bihurtzea.
Reggaeak oso modu nabarmenean egiten du hori baxuen bidez; gorputzari fisikoki
eragiten dioten maiztasunen bidez. Baina ez dakit musika “non” dagoen. Adierazi
ezinezkoa eta gorputzik gabea omen da, baina musika entzuten duzunean,
grabazio bat da azken finean, zeharkako esperientzia bat. Musikak oso izate
nahasgarria du.
Mark Leckey
Mark Leckey, 2025. Argazkia: Alessandro Raimondo.
