GALDERAK

Ba al zenekien…? atal honetan, galderak izan dira abiapuntua. Bertan, Georg Baselitz artistaren lanen inguruko informazioa topatuko duzu; lan horiek Museoaren 105. aretoan daude une honetan ikusgai: tartean dago Heroiak saila, 1965–66 urteetan sortutakoa, bai eta Remix saila ere, Heroiak saileko gaiak berrinterpretatzeko 2007–08ko bilduma; halaber, horren guztiaren aurrekari den 1962ko margolan bat ere hartzen du erakusketak, Zelaia (Acker), Städel Museum-ena. Gainera, pieza horiek gorpuztu ziren garaiko testuinguru sozial, politiko eta kulturalaren inguruko edukiak ere hautatu ditugu.

Atal honetan artista bera ikusteko aukera ere izango duzu, 2010ean ekoitzi genuen bideo-zati batean; Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumakoa den Baselitzen Lenin andrea eta urretxindorra lana erakusgai ipini zela-eta egin genuen ikus-entzunezko hori.

1. Zer eragin izango luke gugan gerra bat bizitzeak? Nola eragingo liguke artistak izango bagina?

Baselitz 1938. urtean jaio zen nazien gobernupean zegoen Alemania batean. Bere haurtzaro eta gaztaroan zehar Bigarren Mundu Gerra (1939─1945) bizitu zuen, bai eta garrostea ere, eta bere ekoizpen artistikoan islatzen dira bi esperientzia traumatiko horiek.

Alemaniak amore eman ostean, nazio aliatuek lau zatitan banatu zuten garaitutako herrialdea: AEBk, Erresuma Batuak eta Frantziak Mendebaldeko Alemaniaren gaineko kontrola hartu zuten; SESBk, berriz, Ekialdeko Alemaniaren gainekoa.

Herrialdea bitan hautsi zen, bi sistema politiko-ekonomiko eta ideologiko desberdinetan banatuta: mendebaldean, Alemaniako Errepublika Federalaren sistema kapitalista zegoen, merkatu-ekonomia nagusi zuela; ekialdean, berriz, Alemaniako Errepublika Demokratikoaren sistema komunista zegoen, planifikatutako ekonomiarekin.

“Suntsitutako ordena batean jaio nintzen, suntsitutako herri batean, suntsitutako gizarte batean. Eta ez nuen ordena hori berrezarri nahi: ordena zeritzon horretatik nahikoa ikusi nuen”. Georg Baselitz

2. Zer sentimendu eta bizipen berri sentitu ote zituen Baselitz gazteak Ekialdeko Alemaniatik Mendebaldeko Alemaniara bizitzera joan zenean? 

1956an, Baselitz ekialdeko Berlingo Arte Ederren Akademian hasi zen ikasten, baina “heldugabetasun politikoa” zela-eta, bota egin zuten; 1958an, atzera matrikulatu zen Arte Ederretan, baina oraingoan mendebaldeko Berlinen. Askatasun bila zebilela, gizarte zatikatu batekin egin zuen topo, eta banaketa hori are nabarmenago bilakatu zen 1961ean, Harresiaren eraikitzearekin batera. Horrek hiria zatitu zuen 28 urtean zehar, 1989ko azaroan bota zuten arte.

3. Artistak izango bagina eta gure lanak zalantzan ipiniko balituzte, nola sentituko ginateke? 

1963an, Werner & Katz galeria zabaldu zen mendebaldeko Berlinen, eta Baselitzen lanen hautaketa bat izan zen irekieran protagonista; obra horietako batzuk eskandalagarri eta immoraltzat jo ziren, tartean Gaualdi handia zapuztu zen (1962–63) lana, tamaina handiko zakil tente bat agertzen baitzen bertan. Baselitzek artista desberdin gisa definitu izan du bere burua beti: haize kontra joan da, moda, ideologia, estilo eta mugimenduetatik at, hala nola, Europako Informalismoa eta AEBko Espresionismo Abstraktua.

4. Non sortu ziren Heroiak ? 

1965ean Florentziako Villa Romana egoitzan ikasteko beka bat jaso zuenez, Baselitzek aukera izan zuen XVI. mendeko maisu manieristen obrak ikertzeko, bereziki buru txikiko gorputz biluzi eta bihurrituak erakusten zituzten lanak, esperimentazioaren emaitza zirenak. Giuseppe Maria Mitelli-ren grabatuak ere izan zituen inspirazio iturri; XVII. mende amaieran garaiko lanbideak dokumentatu zituen artista hark. Italiako bizipenek eragin handia izan zuten Baselitzen obran, bai une hartan bai gerora ere, eta Heroiak sailaren pizgarri izan ziren.

5. Zer kolore eta formatu nabarmentzen dira Heroiak eta Remix sailak osatzen dituzten obretan? 

Urtebete eskasean, 1965 eta 1966 artean, Baselitzek 60 pintura (guztiak tamaina berekoak, tonu gris eta marroiekin), 130 marrazki eta 38 grabatu egin zituen; lan-multzo hori Tipo berriak izenburupean ezagutuko zen, baina 1973 arte ez zuen katalogo batean bilduko: Heroien pinturak liburuan, hain zuzen. Remix zikloa geroago heldu zen, 2007–08 urteetan, eta tonu hotz eta biziagoak izan zituen ezaugarri.

6. Zer esanahi du zuretzat heroi terminoak? Garai desberdinetako heroiak izendatzeko gai zara, garai klasikotik gaur egun arte? Egiazko heroiak dira, ala alegiazkoak? 

Baselitzen Heroiak, duela 50 urte baina gehiago sortuak, pentsakor ageri dira, zaurgarri; zaurituta daude, galduta. Batzuk artzainak dira, besteak matxinoak, margolariak edo tipo berriak. Gehienek uniformea daramate soinean, hautsia, zikina, tonu tristeekin: arratoi-grisa edo sepia-okreak pertsonaia horien zorigaitzak islatzen dituzte. Heroi horiek gerraosteko tentsio-giroaz blai daude; pertsonaia zaurgarriak dira, era berean oldarkortasun eta inpotentziaz beteta daudenak.

7. Zergatik uste duzu etorri zela Pintura hautsiak saila Heroiak sailaren atzetik? 

1966an, Baselitzek Pintura hautsiak saila osatu zuen; bertan, heroien gaiarekin jarraitu zuen, baina oraingoan objektuen formak eta pertzepzioa ziren garrantzitsuenak, edukiaren gainetik. Sail horretako lanetan banaketa fisiko eta erreala gertatu zen: Baselitzek bizpahiru zerrenda horizontaletan banatzen zuen mihise bakoitza, eta modu independentean lantzen zituen atal horiek; ondorioz, lanketa horren emaitza ez zen irudi bateratu bat halabeharrez.

8. Zer iradokitzen digu Remix hitzak ?

105. aretoan erakusgai dauden lanetako zazpi 2005 urtearen ostean sortutako sail batekoak dira, Remix sailekoak hain zuzen. Lan-multzo berri horretan, Baselitzek Heroiak saileko gaiak berrinterpretatu zituen, baina kutsu berri bat eman zien, beste tonu batekin, kolore biziagoekin eta lana azkarrago eginaz, ia bat-batean. Remix gaur egungo terminoa da, eta, artistak dioen moduan, “gazteen kulturatik dator”.

9. Zein da Guggenheim Bilbao Museoak bere Bilduman daukan lanaren izena, Lenin eta Stalin-i erreferentzia egiten diena? 

Lenin andrea eta urretxindorra (2008) formatu handiko hamasei margolanez osatutako multzo bat da; 2010ean eskuratu zuen Museoak, bere Bildumarako. Lan hori konposizio-egitura baten errepikapenean oinarritzen da: bi gizonezko ageri dira buruz behera, bata bestearen alboan eserita, eta zakilak erakusten dituzte, eskuak izterren gainean dituztela. Otto Dix-en Artistaren gurasoak II (1924) margolan ospetsua du inspirazio iturri. Baselitzen lan askotan gertatu ohi den moduan, artearen historiako aurrekari bati egiten dio erreferentzia artistak, eta berrinterpretatu egiten du; kasu honetan, jatorrizko konposizioko irudiak Lenin eta Stalin diktadoreekin ordezkatu zituen. Buruz behera ageri dira biak, eta tonu desberdinetan irudikatu zituen Baselitzek: mihise batzuetan kolore biziz, beste batzuetan, grisez, hondo zuri eta beltzen gainean.