Saint Phallek 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hainbat objektu egin zituen: bitxiak eta lanpara bat (edizio mugatukoak) eta lurrin poto bat. Horietako batzuen salmenten etekinek Garavicchio-ko Tarotaren lorategia (Toscana, Italia) finantzatzeko baliagarriak izan ziren: “Eskultura bat egin nuen merkatu handian saltzeko lurrin baterako, eta lurrinaren etekinek finantzatu zuten lorategia. 1930eko hamarkadara itzuli nahi nuen, eta artistek diseinatu ohi zituzten poto eder horiek gogora ekarri”. Saint Phalle 1978an hasi zen lorategi hori eraikitzen, eta hogei urte eman zuen horretan. 1998an ireki zen, eta artistak egia bihurtutako amestzat jo zuen; zendu arte, 2002ra arte, lan egin zuen lorategian.
Artistak tarot-karten 22 arkano nagusiak bere modura interpretatu zituen eta paisaia paregabea eraiki zuen: bertan arkitektura naturarekin eta espiritualtasunarekin modu zirraragarrian uztartzen da. Hango eskulturen metalezko barne-egiturak tokiko artisauek egin zituzten, eta ondoren hormigoiz estali eta mosaiko koloretsuz apaindu zituzten.