Une honetan ikusgai (304 aretoko balkoia)

Arno bikotea

2010Marmol zurizko banku makotuak
274,3 x 89 x 46 cm cm bakoitzak

Jenny Holzer Ohio estatuko Gallipolis hirian jaio zen 1950ean, eta Estatu Batuetako artista kontzeptual ezagunenetako bat da. 1977an New Yorkera joan, eta Whitney Museum of American Art museoko ikasketa independenteen programan sartu zen bertan, hizkuntzaren inguruko ikerketari ekiteko. Urte hartan bertan, Topikoak (Truisms) sortu zuen; bere lan nagusietako bat da, hitz idatzian oinarritua, eta zenbait testu ditu idatzita folio zurien gainean inprenta-letra beltzez. Testu horiek inprimatu eta Manhattan osoan barrena jarri zituen, legez kanpo. Bi urte geroago, Colab taldearekin bat egin zuen, Jean-Michel Basquiat ere kide zuen taldearekin; biek zuten gustuko hiri handietako espazioak arte publikoaren eremu gisa erabiltzea, aire zabaleko museo batean integratzeko.

Jenny Holzerrek arte-adierazpenerako bitarteko bihurtzen du hitza. Darabiltzan aforismoek gure hizkuntza sinplea eta zuzena dela gogorarazten digute; egia nabariak, kaletik hartutako esaldiak, gerra, politika, heriotza eta indarkeriari lotutako segida luze batean. 1960ko hamarkadan, objektu artistikoak hura gauzatzeko beharrezkoak diren ideia eta ekintzaren araberako balioa duelako nozioa zabaldu zen. 1970eko hamarkadatik aurrera, artistak kartel, horma-irudi, elastiko, esku-paper edo preserbatibo-paketeetan sortu zituen testuak. 1980ko hamarkadan, New Yorkeko kaleak argiztatzen dituzten publizitate-panel handien artean sartu zituen bere esaldiak, eta, handik gutxira, beste baliabide batzuk esploratzeari ekin zion, besteak beste, bideoa edo kartel argidun handiak. Objektua ez baizik eta hura sortzen duen buru-prozedura garrantzitsuagoa delako hipotesitik abiatuta, artistak prozesu horretan jarri zuen arreta, eta hausnarketa huts bihurtu zuen ekintza hori.

Gero eta jende gehiagorengana eta desberdinagoarengana zabaltzen den mezu baten garraio bihurtu da artea, eta haren protagonista hizkuntza da, ziztatzailea, baiezkoa eta faktikoa. Helburua da pertsonak ustekabean harrapatzea, erreakzio bat, pentsamendu bat, arrazoibide bat, esperientzia kokatzeko toki bat izan dezaten iradokitzea, eta, aldi berean, haiek ustekabeko tokietan harrapatzea. Ikusleak esaldi horiek irakurtzen ditu, eta nondik datozen galdetzen dio bere buruari; egilearengandik guztiz urruntzen den jarrera bat hartzeko gonbidapena luzatzen zaio ikusleari, eta egilea bigarren planoan kokatzen da. Egilearen eta testuaren arteko lotura haustea da asmoa, komunikazio bizia sortzeko. Holzerrek gaitasun handia du mezu horiek zabaltzeko, eta horiekin giro biziki iradokitzailea sortzeko. Bakarrik gaude eremu ireki baten bakardadearen aurrean, jendez inguratuta. Hitzak eta kontzeptuak geure buruari giza harremanen inguruan galdetzeko material bihurtzen dira, gure esperientzia finkatzeko eta kontzientzia bera aztertzeko, ohikoa ez den beste leku batean: dimentsio handi eta xarmagarri bat, agerian jartzen duena zeinen indartsua den hizkuntza.

Artistak bildumari dohaintzan eman zion obrak —Arno bikotea, 2010— ezin hobeki osatzen du Bilborako instalazioa (1997/2017). Aforismoak, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Arno testuaren aldaera bat dira. Jatorrian, Arno HIESa ikertzeko dirua biltzeko proiektu baterako idatzitako testua izan zen, eta Florentzian kanpoan instalatutako proiektu baterako egokitu zen gero. Arno bikotea bankuetan, pasarte horiek gaurkotasuna izaten jarraitzen dute, eta hemen euskaraz soilik daude. HIESaren gaiak testuinguru hurbila eta tragikoa eskaini arren, , hitzek gai unibertsalak gogora ekartzen dizkigute —«ZURE IZENA ESAN DUT» eta «ZURE ARROPAK GORDE DITUT»—: intimitatea, heriotza eta galera, besteak beste. Sortzen duen kaleko artea museoen testuingurura eramatean, Holzerrek oinezko arruntenaren aldean oso bestelakoa den ikusleengana zuzentzen ditu bere mezuak. Hala ere, lanaren zati handi batean gertatzen den bezala, alderdi pribatuaren eta publikoaren arteko muga hauskor eta tirabiratsuari buruz ere hausnartzen du.

Jatorrizko izenburua

Arno Pair

Data

2010

Teknika / Materialak

Marmol zurizko banku makotuak

Neurriak

274,3 x 89 x 46 cm cm bakoitzak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa