Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.
Ez dago ikusgai

Bilboko zirkulua

2000Delabole-ko arbela
Diametroa: 1.300 cm

Artelanak sortzeko, Richard Long egunetan edo astetan ibiltzen ditu distantzia luzeak lurralde malkarretan zehar. Ingalaterrako, Irlandako eta Eskoziako landazabalak, Nepalgo eta Japoniako mendiak eta Afrikako, Mexikoko eta Boliviako ordokiak dira bera bidaian joandako toki batzuk. Bidaia horiek tamaina handiko argazkien bidez dokumentatu ditu, legendak, mapak eta deskribapen-hitzen zerrenda dakartela, eta lan indibidual moduan jartzen dira erakusgai. Paraje horiek oinez zeharkatzen duen bitartean, Long askotariko atazak jartzen dizkio bere buruari, adibidez, lerro erabat zuzen batean oinez jarraitzea distantzia jakin batez, ibai bat heltzen den arte jarraitzea, edo harri-koskorrak bildu eta bidean tartez tarte erortzen uztea. Bere bidaietan, paisaiarekin ere elkarreragiten du, toki bakoitzeko materialen bidez eskultura soilak eginez eta, hartara, bere presentziaren lekukotza utziz. Urrats errepikakorren bidez edo urertzeraino arrastatutako harri-egurren edo bildutako algen konposizioen bidez osatutako zirkulu edo lerro horiek haizeak, euriak edo mareek disolbatzen dituzte. Hartara, artista gizakiak naturaren gainean daukan nagusitza ukatzen saiatzen da. Eskultura organiko horien argazkiak dira haren existentziaz geratzen den proba bakarra higaduraren efektuen ondoren.

Oinezko ibilaldi horien ondoren, Longek naturarekin izandako bizipen sakonak buztinez egindako eskulturetara eta marrazkietara eramaten ditu, erakusketa-espazio eta bilduma berezietarako sortuak. Pieza horiek, silex, arbela, luma, pinu-orratz, makila eta mendiko beste material batzuez osatuak, ibilitako bideen metafora bihurtzen dira. Kiribilak, zirkuluak eta lerroak (bere lanek ezaugarri dituzten formak) galeria-hormez haraindi luzatuko balira, artistak egin dituen benetako distantziak marraztuko lituzkete. Beraz, eskulturak ez dira naturaren adierazpenak, Longek Lurrarekin daukan konpromisoaren dokumentu estetikoak baizik, baita naturaren edertasun eta handitasunaren ebokazio poetikoak ere.

Bilboko zirkulua (Bilbao Circle) Guggenheim Bilbao Museorako 2000n sortutako lan bat izan zen. Arbel-zatiz osatuta dago, Delabole herriko (Cornwall) harrobi historikotik atereak. Arbel-harrobi horrek Ingalaterran funtzionamenduan den arbel-harrobi antzinakoena izatearen ospea du. Eskulturaren inguru-minguru, ikusleak artistaren beraren itzulingurua bizi dezake bere larrutan. Goitik ikusita, lanak beste mundu bateko interbentzioa diruditen Stonehengeren moduko historiaurreko formazioak edo soroetan agertutako zirkulu misteriotsuak dakartza gogora. Artistak hainbat pieza sortu ditu Ingalaterrako toki zaharrei lotuta, adibidez: Cerne Abbas-eko Erraldoia, Wilmingtongo Gizon Handia eta Silbury Hill, baina betiere Longen lan guztiek lurrarekiko lotura espiritualagoa ezaugarri zuen garai bat erakusten dute.

Jatorrizko izenburua

Bilbao Circle

Data

2000

Teknika / Materialak

Delabole-ko arbela

Neurriak

Diametroa: 1.300 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa