Ez dago ikusgai

Autoerretratua

1982–84Akuarela paper gainean
121,5 × 151 cm

Esperientzia pertsonala lengoaia plastiko bilakatzeko bidean, Martha Jungwirthen lanak memoriaren eta irudikapenaren tarteko espazioa betetzen du. Haren pinturak kategorizazio guztiei desafio egiten die, eta abstrakzio- eta figurazio-zantzuen artean modu arinean mugitzen da. Keinu-bidezko pintzelkadei eta oihartzun emozional aberatsak dituen kromatismoari esker Jungwirthek ukigarriaren eta atzemanezinaren, presentziaren eta galeraren arteko tentsioak aztertzen ditu.

Jungwirthen lehen lanek ikuspegi intuitiboa eta erraietakoa dute, eta Espresionismo Abstraktuaren zenbait elementu energia landugabe eta berehalakoarekin batzen ditu. Denborarekin, artistak esperimentazio zabalagoa garatu zuen, akuarela eta olioa sartuz, kontrolaren eta bat-batekotasunaren mugak gainditzeko. Sentsibilitate abstraktua izan arren, erretratua haren lanean behin eta berriz agertzen den gaia da, modu konbentzionalean lantzen ez badu ere. Irudikapen zehatza egin ordez, Jungwirthek erretratugaiaren esentzia eta izaera laburtzen ditu, forma fisikoa pintzelkada espresiboetan eta ur-koloretan disolbatuz. Hark adierazitakoaren arabera: “Inoiz ez diot garrantzirik eman jendeak nire margolanetan agertzen diren gauzak zer diren jakiteari. Ez identifikatzeko moduan margotu nahi izan ditut gauzak, beste zerbaiti lekua emateko moduan, keinuzko alderdia eta nire izaera pertsonala adieraztera heltzeko moduan”[1].

Jungwirthen autorretratuek, bereziki, haren nortasunaren azterketa erabat introspektiboa eskaintzen dute, 1982 eta 1984 urte artean sortutako Autorretratua (Selbstporträt) obrak ondo erakusten duen moduan. Akuarelaz egin zuen paper hori zurbil baten gainean, eta piezak argi erakusten ditu bitarteko horren arintasuna eta emaitzak aurreikusteko ezintasuna. Olio-pinturak ez bezala (zuzentzeko aukera ematen du teknika horrek), akuarelak arrasto atzeraezina uzten du, eta prozesua eta emaitza ezin dira bereizi. Artistak bere burua tonu arreetan margotu du hemen, eta konposizioa soila izan arren emozioak gain hartzen du. Aurpegiera paperean disolbatuta dagoela dirudi: ilea iradokizun hutsa da, eta eskuak eta gorputza ez dira agertzen. Aurpegia begien eta sudurraren irudikapen lauso baten bidez iradokitzen da; artistaren gorri-more koloreko ezpain bereizgarriak dira obraren xehetasunik pertsonal eta bereizgarriena.

Hala ere, nortasun-ezaugarri hori bera ere ezegonkorra da. Paperean iragazi den pigmentu gorri-moreak eskuineko begiaren azpiko aldea zikindu du eta makillaje ezabatuaren antzeko arrastoa utzi du, negarra iradokiz. Efektua kezkagarria da: identitatea gorabeheratsua eta ez iraunkorra denaren ideia indartzen du. Autorretratuaren itxura amaigabeak baieztatzen du, hain zuzen ere, bere izaera irekian datzala bere indar espresiboa. Formen ekonomia erradikal horren bidez, Jungwirthek bere buruari buruzko irudi aldi berean intimoa eta iheskorra erakusten digu, identitatearen beraren hauskortasunari eta aldakortasunari aurre egitera gonbidatuz.

[1] Hans-Ulrich Obrist-ekin egindako elkarrizketa, Martha Jungwirth: Panta Rhei. Verlag für modern Kunst, Viena, 2019, 122. or. Ed. eusk.: Martha Jungwirth, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 2024, 162. or.

Jatorrizko izenburua

Selbstporträt)

Data

1982–84

Teknika / Materialak

Akuarela paper gainean

Neurriak

121,5 × 151 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa