Ez dago ikusgai

Titulurik gabea, Australidelphia sailekoa

Untitled, from the series AustralidelphiaOlio-pintura paper gainean
244 × 593 cm

Martha Jungwirth erabat inplikatu da bere lengoaia plastikoan, joera estetiko aldakorrei lotu gabe, eta ahots berezi gisa nabarmendu da pintura garaikidearen barruan. Artista Bigarren Mundu Gerraren ondoren sartu zen Vienako kultura-eszenan, edozein sailkapenari ihes egiten dion praktika pertsonalarekin, zeinak uztartzen dituen Espresionismo Abstraktuaren karga emozional bizia ikuspegi intuitibotik jorratzen duen materialtasunarekin. Bere ibilbide osoan zehar, artistak margotzeko ekintzarekiko konpromiso irmoari lotu zaio bere prozesua, berehalakotasuna eta esperientzia-forma huts bihurtzeko gaitasuna baliatuz.

Haren lana sailetan gauzatzen da askotan, eta horietan gaiak denboran zehar garatzen dituen aldaketa burutsuen bidez aztertzen ditu. Horien artean, Australidelphia (2020) nabarmentzen da, ingurumen-larrialdiari buruzko hausnarketa indartsu gisa. Australian 2019–20an gertatutako sute suntsitzaileetan inspiratuta, sail horretan hondamendiaren eta erresilientziaren gaiak jorratzen ditu, galera eta trauma iradokitzen duen abstrakzioa erabilita. Izenburuak Australiako martsupial guztiak barne hartzen dituen izendapen orokorra gogora ekarri nahi du, benetako “fosil bizitzat” jotzen direlako, milaka urtetan zehar haien ezaugarriak aldaezin mantendu izanagatik. Hala ere, Jungwirth ez da izaki horiengana hurbildu iraganeko aztarna estatikoak direlako, gizakiak eragindako klima-aldaketak eratutako orainaldian harrapatuta dauden izaki hauskorrak direlako baizik.

Australidelphia sailean, Jungwirthek martsupialioen irudiak laburtzen ditu gorri, more, arrosa eta beltz koloreko keinu-eztanden bidez, eta horien pigmentu-fluxuek mugimendua eta disoluzioa iradokitzen dituzte. Pinturak ez ditu animalia horiek zentzu literalean irudikatzen; artistak animali horiek arriskuan bizi direla adierazi nahi du haien esentzia atzematen duten pintzelkada espresiboen bidez. Pinturaren materialtasunaren eta koloreek duten gaitasun iradokitzailearen arteko jolasak bizitasun izugarria ematen dio obrari. Koadroan ikus daitezkeen trazu, pigmentu-orban eta urkolore arinek espezie horiek jasan duten indarkeria transmititzen dute presentzia eta hutsa tartekatzen duten konposizioetan, betiko galdutako edo aldatutako bizitzak islatuz.

Jungwirthen abstrakzioak ez ditu formak eta koloreak ikusizko mundutik hartzen, irudiaren eta keinuaren arteko espazioan kokatzen baita, non margotzeko ekintza bera egungo historiari eta krisiei aurre egiteko modua bilakatzen den. Australidelphia ingurumenaren suntsipenaren aurrean artistak izandako erreakzio guztiz pertsonal eta erraietakoa izan zen. Pintura hemen bizitzaren interdependentziaren eta hauskortasunaren lekukoa da.

Jatorrizko izenburua

Australidelphia

Data

Untitled, from the series Australidelphia

Teknika / Materialak

Olio-pintura paper gainean

Neurriak

244 × 593 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa