Guggenheim

2014an, Guggenheim Bilbao Museoak Ernesto Neto: naraman gorputza aurkeztu zuen, 1964an Rio de Janeiron jaio zen artista honen lanari buruzko atzera begirako erakusketa paregabea. Brasilgo sortzaile garrantzitsuenetako bat da Neto, eta nazioarteko oihartzuna du, haren eskultura organikoengatik; askotan, eskultura horiek tamaina izugarria dute, poliamida elastikozko ehun erdi-garden bat erabilita eginak dira, eta, batzuetan, era guztietako materialez beteta egoten dira.

25 urte baino gehiagoan, Netok egundoko lan-inbentarioa osatu du, marrazki finetatik tamaina handiko instalazioetaraino doazen lanekin. Zeharkatzeko, sentitzeko nahiz usaintzeko edo haietan bizitzeko sortu dira pieza horiek, piezak eta ikusleak elkarrekintzan aritu daitezen, gorputzarekin eta zentzumenekin esperimentatuz, beti gogoan izanda, giza gorputza bezalaxe, pieza horiek hauskorrak eta delikatuak ere badirela.

1990eko hamarkadaren erdialdera, hasierako lanetako hizkuntza geometrikoa erabiltzeari utzi zion Netok, eta aurrez jositako poliamida-ehunezko piezak era guztietako materialekin betetzen hasi zen (besteak beste, poliestireno-aparrezko bolak, irina eta espeziak), gorputz edo organismo biziak gogorarazten dituzten formak sortzeko.

2014an Guggenheim Bilbao Museoan egin zuen erakusketako pieza bat (Gertaeren hiperhorizontea) osatzen zuten elementuetako batean oinarrituta dago Burbuila zuria (White Bubble, 2013/17) lana; oraingoan, ordea, artistak berriro konfiguratu du, Frank Gehryk diseinatutako eraikineko gune ikonikoetara berariaz egokitzeko. Lan hau esplorazio eta hausnarketa garrantzitsua da giza gorputzaren mugei buruz, tradizioz bisuala izan den artearen esperientzia zentzumen guztiak zirikatzen dituen une bihurtzen baitu; gure arreta benetako sentsazioetara bideratzen du, egileak sortutako unibertsoaren gainazalak zeharkatzen eta arakatzen ditugun heinean. Horrela, Netok obraren eta ikuslearen arteko fusio-sentsazioa lortu nahi du, eta ikusleek esperimentatzea topaketa intimo horiek nola eraldatzen gaituzten, beharbada geu baino handiagoa den zerbait bihurtzeraino. Obra dagoen gunean barrenako ibilbideari ekiterakoan, bisitariak sentituko du egitura gardena aldatzen doala gorputzaren pisuarekin, eta hark uzten duen aztarna ere eraldatu egingo dela, ondoren etorriko diren gorputzen arrastoaren eraginez.

Horrela, Burbuila zuria esplorazio eta hausnarketa garrantzitsua da giza gorputzaren mugei buruz, eta, Ernesto Netok dioen bezala, obren erakusketak poesiarako toki bihurtzen du museoaren espazioa: «Uneoro informazioa jasotzen dugu, baina, hemen, pentsatzeari uztea nahi dut».