Ez dago ikusgai

Familiarteko konplota. Bigarren bertsioa

1993–95Zura, kristala, soka eta argazkiak
Kokapen zehatzeko neurriak

Txomin Badiolak, Pello Irazurekin batera, Euskal Herriko eta Espainiako eskulturaren berritzeari ekin zion 1980ko hamarkadaz geroztik, eta berritzapen horren irudi gailenetakoa da. Artisten belaunaldi horrek eskulturaren sintaxia beste ikuspegi batetik lantzen jardun zuen, tradizio modernoan sustraitutako jarreratik alegia. Historiaren mitoak desegin zituzten, eta orainaldian modernotasunaren asmakuntza formal jakin batzuk eraberritu zituzten. Krisialdi garai hartara —errepresentazioa eta ornamentazioa beheraldian zeuden— moldatutako formak eta diskurtsoak lantzea zuten helburu.

Badiolak eszenatoki bitxiak eraikitzen ditu, eta horietan ezohiko gertaerak izaten dira; topaguneak dira, eta gaizkiulertuak izaten dira. Eremu zabal-zabala hartzen dute eta esangura ulertzeko aukera anitz ematen dizkiote ikusleari; izan ere, asmakuntza-jokoez beteta daude. Osagai horiek guztiak azken urteetan artista lotu zaion hizkuntzaren hibridazio eta nahasketa prozesuari dagozkio.

Familiarteko konplota. Bigarren bertsioa (Complot de familia. Segunda versión, 1993–95) funtsezko lana da Txomin Badiolaren ibilbidean. Bertan, elkartu egiten dira elementu eraikitzaileak —ibilbide osoari hain estu lotutakoak—, arkitekturan, diseinuan, altzarietan edo antzerkiko dekoratuetan duen interesa, eta zinema, telebista, fotonobela, komiki eta beste iturri batzuetatik hartu eta barneratutako erreferentziak. Izenak adierazten duen moduan, beste lan baten bigarren bertsioa da hau; lan hori 1994an, New Yorkeko erakusketa batean, aurkeztu zuen.

Lan hau, aldiz, 1995eko Madrilgo erakusketa batean egon zen ikusgai. Erakusketan hainbat fikzio (hainbat alegoria) irudikatu ziren. Errealitatea zalantzan jartzen zuten egoeretatik edaten zuten alegoriok; Badiolaren hitzetan nekez gerta zitezkeen zentzugabeak ziren, baina errealitate horiek pertsona errealek bizi zituzten. Hortaz, "ingurune materiala eta espaziala sortzen dute azkenean". Antzerkiko eszenografia eta zinema ukitua du artelanak, bien arteko kutsua dario, eta zabaldu egiten ditu eskulturaren mugak; aldi berean, baliabide postmodernoen eremuan barrena sartzen da.

Objektuak, eraikuntzak eta argazkietako jendea biltzen dira artelanean; itxuraz elkarrekin batere zerikusirik ez duten arren, oroipen ugari eragiten dizkigute osagaiok, eta, ondorioz, horiek guztiak denboran eta espazioan antolatzeko halako bultzada sentitzen dugu. Horretarako asmatutako egoera edo ekintza bat datorkigu burura, eta, halaxe, ikusleen esku-hartzeaz, amaitzen da lana. Ikusleak ematen dio zentzua instalazioari, gune eszenografikoak eta bertako eta inguruko objektuak eta irudiak batu eta elkartzen dituenean, hots, batak bestearen izatearen zergatia agerian uzten duenean.

Jatorrizko izenburua

Familiarteko konplota. Bigarren bertsioa

Data

1993–95

Teknika / Materialak

Zura, kristala, soka eta argazkiak

Neurriak

Kokapen zehatzeko neurriak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa