Ez dago ikusgai

Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean

1997Baliabide anitzak zur gainean
170 x 850 x 71,5 cm

Darío Urzay mihise hiperrealistak pintatzen hasi zen pintura abstraktura jo aurretik; gero, bere lanak 1990eko hamarkadatik aurrera ezaugarri izan duen mintzaira pertsonala garatu zuen. 1980ko hamarkadaren amaieran, Gerhard Richter-en obra aurkitu zuen: haren pinturek alderdi abstraktuak eta figuratiboak txandakatzen dituzte, eta hori jakitea garrantzitsua izan zen. Urzayren obra egungo pinturaren joera baten eredua da: bideo eta argazki digitalaren moduko bitarteko berrien ugalketak eta pinturaren alderdi kontzeptualari lehentasuna ematen dion diskurtso kritikoak eragina dute harengan. Aitortzen duenez, ontologikoki, mundua guztiz benetakoa edo fikziozkoa ez den modu batean antolatuta egon daiteke, eta pintzel batez edo kamera batez horrelako mundua irudika daiteke. Horrenbestez, artista garaikide ugarik pintura eta argazkilaritza txandakatu dute, eta beste batzuk, berriz, bi arteen hibridoak sortu dituzte. Hain zuzen, Urzayren lan asko hainbat generoren nahasketa dira. Hormetatik eskegitako edo zoruan jarritako zurezko hainbat panel baliatuz, artelan ugari sortu ditu, eta horiek hurbilago daude eskulturatik eta instalaziotik pinturatik baino. Gainera, pintura eta argazkilaritza uztartzen ditu; hainbeste, non sarritan nekez jakin daitekeen emaitzako irudia nola lortu duen. Haren lanen izaera bereziki zientifikoak eta futuristak zientzia fikzioaren eta psikodeliaren unibertsoetara garamatza. Surrealismo eta mistizismo ukituak ere baditu, baita kontzientzia-egoera sakonagoei buruzko erreferentziak ere.

Frakzioa (mikrobertsoa I) batean [En una (Microverso I) fracción, 1997] artistaren lan itzelenetako bat da, bere helduaro artistikoko lehenengo aldikoa, eta zinema-pantaila antzeko bat eratzen duten bost panelek osatzen dute. Erdiko hiru panelak margolanak dira; aldiz, muturretakoak argazkiak dira. Gainazal guztia berniz oso distiratsu batez estalita dago. Erdiko hiru panel urdinen irudia Urzayren aldi horretako lanen ezaugarri da. Espazioaren ikuspegi ia fotografikoa aditzera ematen duen irudi anbiguoa da; aldi berean, material organiko mikroskopiko bat aurkezten du, estilo ia fotografiko bati lotuz baita ere. Urzayk, irudia sortzeko, zurezko taulen gainera materialak (adibidez, pigmentuak eta beste hauts, txirbil metaliko eta eranskari likido batzuk) isuri eta, gero, materialen fluxua eta materialen mugimendu magnetikoa eragiteko, taulak mugitu zituen. Alboetako bi panelen argazkien paperean antzeko mugimendu bat egin zuen. Kasu honetan, telebista-pantaila batean erakusten den bideoz grabatutako begi baten aurrera mugitu zuen kamera. Urzayren ustez, irudi horiek argazkia ateratzen duen subjektua argazkiz ateratako objektura eramateko (begiak parez pare) modu bat dira eta, metaforikoki, argia hautemateko ahalegina dokumentatzeko modua. Artistari, argazkilaritzan zein pinturan, fisikaz haraindiko diskurtso bat sortzeko oinarri fisiko bat erabiltzea interesatzen zaio.

Iturria:
Juncosa, Enrique: "Darío Urzay", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Jatorrizko izenburua

Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean

Data

1997

Teknika / Materialak

Baliabide anitzak zur gainean

Neurriak

170 x 850 x 71,5 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa