Ez dago ikusgai

Frakzioa (Mikrobertsoa II) batean

1997Baliabide anitzak zur gainean
170 x 850 x 71,5 cm

"Aurretik aipatutako Guggenheimeko obra, urdin kolorekoa eta begiak dituena, zerbait galaktikoa, kosmikoa dirudi urrunetik begiratuz gero; aitzitik, hurbiltzen zaren heinean, aldatu egiten da eta zainen antzeko zerbait ikus dezakezu. Mikromundutik makromundura egindako bertigozko bidaia baten antzekoa da."

Hitz horiek erabili zituen Darío Urzayk (Bilbo, 1958) 1998an Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean [En una (Microverso I) fracción, 1997] obra deskribatzeko. Obra hori Guggenheim Bilbao Museoko Bildumarako hautatu zuten 1997an. Obra horrekin batera, aldi berean, Frakzioa (Mikrobertsoa II)batean  [En una (Microverso II) fracción, 1997] sortu zuen. Bi obrak analogoak eta homologoak dira eta, bata bestearengandik erabat independenteak izan arren, artistak ikuslea harrapatzen duen irudizko zirkulu baten parte gisa ulertu ditu beti. Zirkulu horrek eragingo lukeen efektua Mark Rothkoren hitz hauek adierazitakoaren antzekoa litzateke: "obra handi bat margotzen baduzu, haren barruan egongo zara. Hori ezingo duzu kontrolatu".

Berriki Frakzioa (Mikrobertsoa II) batean (1997) obra –Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean (1997) obraren  kontrapuntu kromatiko zein bisuala– Museoari dohaintzan eman ondoren, bi obrak taxutu moduan ikusteko aukera eskainiko du Museoak lehen aldiz. 1991ean, Urzayk Camerastrokes seriea abiatu zuen. Artistaren esanetan, serie horretako argazkietan “kameraren bidez espresionismo abstraktuaren keinuak, margolariaren brotxa mugimendua, imitatzean datza; erabilitako ‘materia’ argia da”. Frakzioa (Mikrobertsoa) batean izeneko bi obren alboetako paneletan ikus ditzakegun begien argazkiak teknika hau erabiliz egin ziren, hau da, kameraren irudi finkoak guri begira dauden telebista-pantaila bateko mugimendudun begiak erakusten dizkigu . Gure begirada aurrez aurre dutela, begiek ihes egiten dute eta obra guztiaren argia harrapatzen dute, gorriz eta urdin hutsez dauden zelulak eta organismoak nabarmenduz. Begi horiek bi obretara hurbiltzen garenean besterik ezin ditugu hauteman; urrunetik kolorezko brotxakadez zipriztindutako argi-orban soilak dirudite.

Museoak 1997an eskuratu zuen obran nagusi den kolore urdinak "kosmosarekin eta pentsamenduarekin harremana du" artistaren aburuz; bigarren obraren kolore gorriak, aldiz, odolarekin eta “bizi jario” horrekiko duen interesarekin du lotura. Lehen obra bigarren obraren kolore gorri biziak zikintzen du modu sotilean, baita guri begira dauden begien kasuan ere; bigarren obran, berriz, kolore urdina ez da hainbesteko ausardiaz aplikatzen, pentsamendua barruko sentimenduetan ezkutatuta balego bezala. Bi obren akabera distiratsua eta erdi-islatzailea da eta, hurbiltzerakoan, haien mikroorganismoaren parte bilakatzen gara, gure islak obran parte hartzen ari garela sentiarazten gaitu eta gure pertzepzioak aldatu egiten dira obra horretan rol aktiboa betetzerakoan.

Frakzioa (Mikrobertsoa II) batean  eta [Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean] obretan, instalazioa, pintura eta argazkia harmonia ezin hobean elkartzen dira, eta artistak berak horiek sortzeko unean egindako zirkulua ixten dute, ondoren bi obrei eman zien autonomia kontuan hartu gabe.

Jatorrizko izenburua

Frakzioa (Mikrobertsoa II) batean

Data

1997

Teknika / Materialak

Baliabide anitzak zur gainean

Neurriak

170 x 850 x 71,5 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa