Ez dago ikusgai

Gerra bat egon zen

2019Lau aldeko RGB LEDezko errotulu bertikala
228,6 x 14 x 14 cm

Jenny Holzerren lana Museoaren parte izan da hasiera-hasieratik; Bilborako instalazioa (Installation for Bilbao) dugu horren adibide. 101. aretoan dago, eta 1997an sortu zuen artistak, berariaz kokapen horretan jartzeko.

Lau hamarkadatan baino gehiagotan zehar, artista estatubatuarrak garraztasuna bereizgarri duten ideia, argudio eta minak aurkeztu ditu nazioarteko erakusketetan eta mundu osoko espazio publikoetan; esaterako, 7 World Trade Center-en, Veneziako Bienalean, New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim Museoetan, Whitney Museum of American Art-en eta Louvre Abu Dhabi-n. Holzer New Yorken bizi da, eta bertan egiten du lan. Sari ugari jaso ditu; besteak beste, Veneziako 44. Bienaleko Leone D’Oro (1990), Munduko Ekonomia Foroaren Crystal Award saria (1996) eta AEBko Estatu Departamentuaren Medal of Arts saria (2017). Honoris causa doktorea da Williams College, Rhode Island School of Design, The New School eta Smith College unibertsitateetan.

Holzerrek zalantzan jartzen ditu arte tradizionalaren ohiturak, eta idatzizko hitza erabiltzen du adierazpide nagusi gisa, umorez, gupidaz eta balentriaz. Nahiz eta haren sailetako testu asko berak sortutakoak diren, bere lanean beste egile batzuen poesia eta prosa ere erabiltzen ditu, baita artxiboko material garrantzitsua ere. Haren mezuak kamisetetan, plaketan, errotulu elektronikoetan edo paisaien eta forma arkitektonikoen gaineko argi-proiekzioetan agertzen dira. Karga politiko eta emozional handikoa izaki, Holzerren obrak ezustean harrapatzen du jendea tokirik susmagaitzenetan; aparteko esperientzia sortzen du, eta gai zailen inguruan hausnartzera bultzatzen ditu ikusleak.

2019an, gure aretoetan Jenny Holzer. Zera deskribaezina erakusketa egon zen urte berean, artistak hiru obra eman zizkion dohaintzan Guggenheim Bilbao Museoari, eta lehendik ere Bilduma Propioan zeuden bost piezen osagarri berebizikoa dira.

Haietako bat, GERRA BAT EGON ZEN (THERE WAS A WAR), lau aldeko LED errotulu bat da, eta aretoko sabaitik esekitako egitura robotizatu batetik kulunkatzen da. Lan hau egiteko, Holzerrek dokumentazioa bilatu zuen Siriako gaur egungo gerra zibilari, hark biztanleengan dituen ondorio suntsitzaileei eta errefuxiatuen nazioarteko krisiari buruz; tartean, Human Rights Watch eta Save the Children erakundeek 2011 eta 2016 artean jasotako 131 pertsonaren lekukotzak baliatu zituen artistak. Assaden erregimenak atxilotu, preso hartu eta torturatutako aurkari zibilekin eta Siriako armada- eta inteligentzia-agentzietako desertoreekin izandako elkarrizketek Siriako Udaberri Arabiarraren promesa gauzatu gabea hobeto ezagutzen laguntzen digute. Haur siriarren eta haien gurasoen baieztapenek ahotsa jartzen diete azken zortzi urteetan haien etxeak utzi eta orain erronka izugarriei aurre egin behar dieten familia ugariei.

Jatorrizko izenburua

There was a war

Data

2019

Teknika / Materialak

Lau aldeko RGB LEDezko errotulu bertikala

Informazio gehiago

Testua: Human Rights Watch eta Save the Children erakundeek jasotako herritar eta errefuxiatu siriarren lekukotzak

Neurriak

228,6 x 14 x 14 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa