Une honetan ikusgai (306 aretoa)

Napoliko gizona

1982Akrilikoa eta collagea zur gainean
124 x 246,7 x 3,5 cm

Napoliko gizona (Man from Naples, 1982) Jean-Michel Basquiaten obra enblematikoa da, produktibitate handieneko garaian egindakoa. Garai horretan, haren piezek karga pertsonal eta politiko handia dute, arte zuriaren munduan artista gazte beltza izateagatik oso baldintzatua.

1970eko hamarkadaren amaieran, Basquiatek New Yorken egindako grafitiak eta metroko grafitigileen ikurrak desberdinak ziren, literaturarekiko, historiarekiko, anatomiarekiko eta hizkuntzekiko interesa erakusten zuten erreferentzia kultu eta epigrama kriptikoak izateagatik. Laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, grafitiaren arloko iragan hori estudioan praktika artistikoak ematen zion sormen-esperientzia berriarekin trebeki uztartzen hasi zen, eta, horrela, grina berarekin hizkuntza eta irudiak integratuko zituen estilo propioa garatu zuen.

Napoliko gizona obran, elementu figuratiboak bigarren mailakoak dira, testu-ugaritze oparoarekin alderatuta. Hizkuntza-baliabideak ere agerian geratzen dira errepikapenen, aldaketen, zirriborroen eta ortografia-akatsen bidez, esanahi konbentzionalak desitxuratuz, nabarmenduz edota kontraesanean jarriz.

1982an, Basquiat Italiara joan zen bakarkako lehen erakusketa egitera, eta, horren ondorioz, obra hau artistak Italiako arte-merkatariarekiko sentitzen zuen erresuminetik egindako kritika zorrotza da. Merkatari horri pork merchant (txerriki-saltzailea) deitzen zion. Gai horretan, txerri burua azpimarratzen du, komiki-estiloarekin konposizioaren erdigunean baitago. Besteak beste, mercante di prociutto (urdaiazpiko-merkataria), pig selling (txerri-salmenta) edo pork chops (txerri-txuletak) bezala zirriborratutako adierazpenak mihise osoan zehar errepikatzen dira, tonu zorrotza azpimarratuz. Artearen komertzializazioa eta artista kontsumo-ondasun bihurtzea diruaren inguruan idatzita agertzen diren erreferentzien bidez islatzen dira. Modu horretan, Napoliko gizona obran Basquiaten ekoizpenean behin eta berriz agertzen diren gai asko ikus daitezke —hala nola, pertsona eta jabetza, edukitzea eta esklabotza, aberastasuna eta pobrezia, merkataritza eta kontsumo-ondasunak—, izaera unibertsalekoak; gai horiek  zuzenean eragiten zioten, eta gaur egun ere garrantzitsuak izaten jarraitzen dute.

Jatorrizko izenburua

Man from Naples

Data

1982

Teknika / Materialak

Akrilikoa eta collagea zur gainean

Neurriak

124 x 246,7 x 3,5 cm

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Ikuspuntuak

Jean-Michel Basquiaten Napoliko gizona

Jean-Michel Basquiaten Napoliko gizona (Man from Naples, 1982) funtsezko obra da Andoni Luis Aduriz sukaldariarentzat, gastronomiari eta kaleko bizimoduari buruzko erreferentziaz gainezka baitago. Adurizek, Lekha Hileman Waitoller arte-arduraduna lagun duela, indar adierazkor itzeleko pintura horrek bereizgarri dituen umoreaz, ironiaz eta primitibismoaz hausnartuko du.