Une honetan ikusgai (undefined)

Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria

2020Ispilu-beira, zura, led argiztatze-sistema, metala eta taula akrilikoa
293,7 × 417 × 417 cm

Yayoi Kusama (Matsumoto, Nagano, 1929) artista eta idazle japoniarra ahots berezia da artegintzan eta, ahanzturan egon ondoren, artearen historiak dagokion lekua eman dio, ikono kultural global bihurtzeraino. Azken zazpi hamarkadetan, Kusamak tinko heldu dio bere ikuspegi abangoardistari, eta bere bizi-filosofia islatzen duen estetika pertsonala biribildu du. Sorkuntza garaikideko figura aitzindaria eta nabarmena izaki, gizartea eraldatzeko bitarteko moduan ulertzen du artea, eta hainbat diziplina lantzen ditu horretarako, hala nola performancea, pintura, marrazkia, eskultura, literatura, bai eta bere murgiltze-instalazio ezagunak ere: Infinituaren isla-gelak.

Kusama loredi zabalen artean bizi izan zen haurtzaroan; Infinitu-sareak (Infinity Nets) ezagunak egiteko inspirazioa, ordea, Ozeano Barea ikusteak ekarri zion, 1950eko hamarkadaren amaieran Estatu Batuetara hegazkinez egin zuen lehen bidaian. Pintura horietan, keinu bakar eta azkar batekin margotutako zirkuluerdi txiki pila batek modu obsesiboan estaltzen dute mihisea, eta sarez eta elkarri lotutako puntuz osatutako eredu espresionista bat eratzen dute elkarrekin. Obra horien monumentaltasuna areagotuz joan zen pixkanaka-pixkanaka; hainbeste, non 1961ean tamaina ikaragarriko Infinitu-sare batek goitik behera estali baitzuen New Yorkeko Stephen Radich Gallery-ko horma bat.

Infinitu-sareak izeneko margolan haien ondoren, Kusamak patroi errepikakorreko collage eta eskultura bigunak egiteari ekin zion berrerabilitako materialak metatuz. Joera obsesibo-konpultsibo gisa edo errepikapenerako grina gisa baino, bere sormen-ikuspegia zabaltzeko irrika moduan ulertu daiteke Kusamaren arteak berezkoa duen metaketaren ideia. Obra horiek eguneroko elementuak eraldatzen dituzte —esaterako, eserleku bat—, jositako betegarridun falo-formako konkor mordoa gehituz eraldatu ere; konkor horiek objektua bera eta haren funtzioa desagerrarazten dituzte.
izeneko margolan haien ondoren, Kusamak patroi errepikakorreko collage eta eskultura bigunak egiteari ekin zion berrerabilitako materialak metatuz. Joera obsesibo-konpultsibo gisa edo errepikapenerako grina gisa baino, bere sormen-ikuspegia zabaltzeko irrika moduan ulertu daiteke Kusamaren arteak berezkoa duen metaketaren ideia. Obra horiek eguneroko elementuak eraldatzen dituzte —esaterako, eserleku bat—, jositako betegarridun falo-formako konkor mordoa gehituz eraldatu ere; konkor horiek objektua bera eta haren funtzioa desagerrarazten dituzte.

1963an, Kusamak metaketan oinarritutako pieza horietako bat aurkeztu zuen New Yorkeko Gertrude Stein Gallery-n: jositako oihalez egindako ehunka konkor betegarridunez mukuru betetako arraun-txalupa bat, Aggregation: One Thousand Boats Show erakusketaren erdi-erdian. Aretoko hormak eta sabaia paper margotu beltzez estalita zeuden, eta paperean behin eta berriz errepikatzen zen txaluparen irudia, zuriz margotuta, patroi gisa. Handik bi urtera, Kusamak bere lehen isla-gela egin zuen: Infinituaren isla-gela – Zakil-soroa (Infinity Mirror Room – Phalli's Field, 1965). Obra hori ispiluen bidez biderkatutako gune txiki baten zorua bete-bete egin arte pilatutako ehunka konkor bigunez osatuta zegoen, eta konkor horiek Kusmaren hain bereizgarri diren tamaina ezberdinetako tanto gorriz jositako oihal zuriz eginda zeuden.

Hirurogeiko hamarkada sasoi emankorra izan zen artistarentzat, baina errekonozimendu ofizialik ez izatearen eta bere lan-jardun frenetiko eta etengabeak eragindako nekearen ondorioz krisi bat pairatu zuen; horrek bultzatuta, Japoniara itzuli eta esfera publikotik aldendu zen. Garai hura baliagarri izan zitzaion artea terapia gisa berreskuratzeko eta bai arte plastikoak bai literatura lantzen jarraitzeko. Laurogeiko hamarkadaren amaiera aldera hasi zen haren lana nazioarteko aintzatespena lortzen eta jendaurreko erakusketetan agertzen. 1991n, Kusama Infinituaren isla-gelak lantzen hasi zen berriz ere, eta hogeita hamarren bat egin ditu orain arte, batzuk edizio bakarrekoak eta beste batzuk edizio anitzekoak, baina beti ere mugatuak.

Infinituaren isla-gela – Gizakiontzako zorion-guraria unibertsoaz harainditik igorria (Infinity Mirrored Room – A Wish for Human Happiness Calling from Beyond the Universe, 2020) da Yayoi Kusamak egin duen azken lanetako bat. Pieza horren bidez, laurogeita hamar urtetik gorako artistak murgiltze-esperientzia batean sartzen gaitu berriro, bere unibertso obsesiboaren partaide egiten gaitu, eta “auto-obliterazioaren” beharra transmititzen digu. Era horretan, gela infinitu horretako ispilu-hormetan azkengabe biderkatzen diren koloretako argien dar-dar jokoan desagertzera gonbidatzen gaitu.

Jatorrizko izenburua

Infinituaren isla-gela – Gizakientzako zorion-guraria, unibertsoaz harainditik igorria

Data

2020

Teknika / Materialak

Ispilu-beira, zura, led argiztatze-sistema, metala eta taula akrilikoa

Neurriak

293,7 × 417 × 417 cm

Kreditua

©YAYOI KUSAMA