Une honetan ikusgai (305 aretoa)

Noeren ikuspegia II

1970

Al Held (1928–2005) margolari estatubatuarra, Hard Edge abstrakzioaren aitzindaria, New Yorkeko Eskolako bigarren belaunaldiko figura nagusietako bat izan zen. Bere mugimendukide gehienak bezala, hasierako urteetan keinu bidezko abstrakziotik igaro zen, eta pigmentu lehorra erabiliz nahastutako olio-geruza trinkoko mihiseak egin zituen. Geroago, pintura akrilikoa baliatu zuen, eta, azkar lehortzen den bitartekoa izanik, esparru esperimentalean sakontzeko aukera eman zion. Forma gero eta geometrikoagoak eta garbiagoak egiten joan zen, eta muturreraino handitu zuen bere lanen eskala. 1950eko hamarkadaren amaiera aldera, Held eta haren garaikideak, tartean, Helen Frankenthaler, Kenneth Noland eta Frank Stella, espresionismo abstraktutik haragoko pintura-estilo berrien bila hasi ziren, eta arte ez-objektiboarekiko zuten interesa landu zuten.

Heldek 1960ko hamarkadaren hasiera aldera egindako margolanak, adibidez, Alfabeto-pinturak (Alphabet Paintings, 1961–67) sailekoak, kolore lauz eta forma geometrikoz osatutako abstrakzio zehatzak dira, formatu handikoak. Erakusketa garrantzitsuetan parte hartu zuen, nola diren Geometric Abstraction in America (The Whitney Museum of American Art, New York, 1962), Toward a New Abstraction (The Jewish Museum, New York, 1963), Post Painterly Abstraction (Los Angeles County Museum, 1964) eta Systemic Paintings (Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 1966). Hamarkadaren amaiera aldera, berriz, paleta zuri-beltzera mugatzen hasi zen Held, eta espazioa eta bolumena ikertzeari ekin zion ihespuntu ezberdineko forma geometriko elkarlotuak eginez. Forma haiek definizioa hartuz joan ziren ingerada beltz, lodi eta garbien bidez, eta mihisearen ertz-ertzean mozten zituen artistak, planotik haratago hedatzen direla emateko. Efektu horrek eremu bolumetriko irekia proposatzen du, pintura espazioarekin lotuta ikustea eta ulertzea eskatzen duen eremua. 1968an, Helden obrari museo batean eskainitako lehen erakusketa antolatu zuten San Francisco Museum of Arten eta, ondoren, beste bat Pennsylvaniako Unibertsitateko Institute of Contemporary Arten. 1970eko hamarkadaren amaiera aldera, paleta oparo eta koloretsuari heldu zion berriro, eta bere ibilbidearen amaieran, Errenazimentuko artean eta fisika teorikoan inspiratutako espazio sakonak sortu zituen.

Noeren ikuspegia II (Noah’s Focus II, 1970) Zuri-beltza (1967–78) pintura-saileko funtsezko obretako bat da. Lerroaren, formaren eta kolorearen sinpletasunak, ikuspegi anitzek eta eskala monumentalak artistak plano piktorikoaren barruko elementuen eraikuntzaren eta deseraikitzearen inguruan egindako ikerketa artistikoa ematen dute aditzera. Etengabe eraldatzen ari dela dirudien irudiak irakurketa anbiguo bezain anitzak iradokitzen ditu, eta ikusleek modu konplexuan antolatutako informazio bisual gisa hautematen dute artelana. Noeren ikuspegia II lanak erabat gorpuzten du Heldek mihisearen mugen eta eremu piktorikoaren amaigabetasunaren arteko tentsioaren inguruan egindako ikerketa. Gainera, artistak lodiera ezberdinetako ingerada beltzak egin zizkien forma geometrikoei, eta forma laukizuzenak eta kubikoak ez ezik lerromakurrak ere txertatu zituen; hartara, artelanak aldaketa handia zekarren artistak sail berean ordura arte eginak zituen gainerako piezekin alderatuta. Forma geometriko ugari —bolumen angeluzuzenak, zilindrikoak eta triangeluarrak— ageri dira bata bestearen aurrean, tartean edo atzean, hondo zuri baten kontra aurrera edo atzera doan espazio bat sortuz: ez dago ezer finkorik, eta lehen planoa desagertu egiten da.

Jatorrizko izenburua

Noah’s Focus II),

Data

1970

Teknika / Materialak

Akrilikoa mihise gainean

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa. Donación Al Held Foundation, Inc.