Réquiem
1992Akrilikoa mihise gainean179,1 x 243,8 cm
Helen Frankenthaler (1928–2011) Estatu Batuetako XX. mendeko artista garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Espresionismo Abstraktutik Kolore Eremuen Pinturara, 50 urtetako bilakaera piktorikoak konbentzio plastiko tradizionalak desafiatu zituen. “Busti eta zikindu” teknika berritzailea erabiltzen hasi zen 1952an, disolbatzailearekin diluitutako olio-pinturarekin, eta, ondoren, 1962tik aurrera, akrilikoarekin, bultzada berri bat eman zion abstrakzioari, pigmentua pintzelarekin aplikatuz, isuriz, tantaka botaz, belakiekin maneiatuz edo prestatu gabeko mihisearen gainetik arrastan eramanez, estudioaren zoruan jarrita. Kolorea eta espazioa menderatzen zituen, eta horri bat-batekotasun intuitibo batek erraztutako sormen-prozesua gehituta, mihise eta paper gaineko pinturen corpus oparoa sortu zuen.
1950eko hamarkadan, pintore gazteak bizitza bohemioa zuela, Clement Greenberg arte kritikari estatubatuarraren bitartez, New Yorkeko Eskolako beste artista batzuk ezagutu zituen; hala nola, David Smith, Lee Krasner, Jackson Pollock, Willem eta Elaine de Kooning, Franz Kline, Adolph Gottlieb edo Barnett Newman. Pollocken lana lehendabiziko aldiz New Yorkeko Betty Parsons Galleryko erakusketan ikusi zuen 1951n, eta Springs-en, East Hamptonen (Long Island) zuen estudiora bisita egin ondoren, horrek guztiak izugarrizko eragina izan zuen Frankenthalerrengan. Zuri-beltzeko esmaltearekin eginda zeuden Pollocken garai horretako obrak, eta keinuz eta sinboloz beteriko keinuzko abstrakzioa inspiratu zuten margolariarengan. Pollocken antzera, Frankenthalerrek mihisea prestatu eta inprimatu gabe jartzen zuen lurrean zuzenean, eta pintura modu ez oso konbentzionalean aplikatzen zuen, pintzelekin, belakiekin edota atzamarrekin ere manipulatuz. Bustitzeko eta zikintzeko teknika artistarekin batera eboluzionatzen joan zen, baina pintura abstraktu on batek espazio-sentsazio dinamiko bat lortu behar zuela uste zuen, eta hori etengabe mantendu zen haren ibilbidean.
Frankenthalerrek 1990eko eta 2000ko hamarkadaren artean egindako lan berantiarraren zati handi batek kolorea itsasoz eta paisaia abstraktu eta atmosferikoen bidez bideratzen du. 1974 eta 1997 urte artean, artista New York eta Shippan Point (Stamford, Connecticut) artean bizi izan zen eta horietan lan egin zuen. Gainera, 1990 eta 1991 urte artean, udako eskola magistralak eman zituen Mexiko Berriko Santa Fe Art Instituten. New York hiriko zalapartatik urrun, Long Islandeko itsasartetik hurbil edo San Fe inguratzen zuen lurralde zabalean, Frankenthalerrek bere estudioan egin zuen lan inguruan inspirazioa bilatuz.
Réquiem (Requiem, 1992) lanaren izenburua hildakoen mezaren genero musikaletik hartuta dago, eta lan horretan, Frankenthalerrek konposizio abstraktu bat sortu zuen kolore trinko eta iluneko joko baten bidez —gorri-morea, purpura, marroiak eta urdinak—, espazio mugagabe batek sakoneran ainguratuta. Pinturak heriotza ekartzen du gogora, eta, aldi berean, mihisetik igotzen diren pintura-geruzen bidez altxatzen du. 1992an, Frankenthaler akrilikoarekin nahastutako gelarekin esperimentatzen hasi zen, arraspa, paleta, espatula, belaki eta zurezko koilarekin maneiatuz, eta, horrela, emaitza benetan eskultorikoak lortu zituen. Réquiem obraren azalera larriak—gogorra, estua, zaila— artistaren ekoizpen berantiarraren inguruko gai existentzialak sorrarazten ditu.
Jatorrizko izenburua
Requiem
Data
1992
Teknika / Materialak
Akrilikoa mihise gainean
Neurriak
179,1 x 243,8 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa