Santorini
1965Akrilikoa mihise gainean269,2 x 175,3 cm
Helen Frankenthaler (1928–2011) Estatu Batuetako XX. mendeko artista garrantzitsuenetakotzat jotzen da. Espresionismo Abstraktutik Kolore Eremuen Pinturara, 50 urtetako bilakaera piktorikoak konbentzio plastiko tradizionalak desafiatu zituen. “Busti eta zikindu” teknika berritzailea erabiltzen hasi zen 1952an, disolbatzailearekin diluitutako olio-pinturarekin, eta, ondoren, 1962tik aurrera, akrilikoarekin, bultzada berri bat eman zion abstrakzioari, pigmentua pintzelarekin aplikatuz, isuriz, tantaka botaz, belakiekin maneiatuz edo prestatu gabeko mihisearen gainetik arrastan eramanez, estudioaren zoruan jarrita. Kolorea eta espazioa menderatzen zituen, eta horri bat-batekotasun intuitibo batek erraztutako sormen-prozesua gehituta, mihise eta paper gaineko pinturen corpus oparoa sortu zuen.
1950eko hamarkadan, pintore gazteak bizitza bohemioa zuela, Clement Greenberg arte kritikari estatubatuarraren bitartez, New Yorkeko Eskolako beste artista batzuk ezagutu zituen; hala nola, David Smith, Lee Krasner, Jackson Pollock, Willem eta Elaine de Kooning, Franz Kline, Adolph Gottlieb edo Barnett Newman. Pollocken lana lehendabiziko aldiz New Yorkeko Betty Parsons Galleryko erakusketan ikusi zuen 1951n, eta Springs-en, East Hamptonen (Long Island) zuen estudiora bisita egin ondoren, horrek guztiak izugarrizko eragina izan zuen Frankenthalerrengan. Zuri-beltzeko esmaltearekin eginda zeuden Pollocken garai horretako obrak, eta keinuz eta sinboloz beteriko keinuzko abstrakzioa inspiratu zuten margolariarengan. Pollocken antzera, Frankenthalerrek mihisea prestatu eta inprimatu gabe jartzen zuen lurrean zuzenean, eta pintura modu ez oso konbentzionalean aplikatzen zuen, pintzelekin, belakiekin edota atzamarrekin ere manipulatuz. Bustitzeko eta zikintzeko teknika artistarekin batera eboluzionatzen joan zen, baina pintura abstraktu on batek espazio-sentsazio dinamiko bat lortu behar zuela uste zuen, eta hori etengabe mantendu zen haren ibilbidean.
Hirurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, Frankenthaler oliotik akrilikora igaro zen, kolore ez hain garden eta opakoagoetara, askoz azkarrago lehortzen ziren, eta busti eta zikintzeko teknika arrakastaz egokitzea lortu zuen, emaitza bikainekin. Santorini (1965) obraren izenburua Egeo itsasoaren ikuspegi zabalengatik ezaguna den greziar uhartearena da; Frankenthaler bertan izan zen Motherwellkin eta Lise eta Jeannie bi alabekin batera egindako bidaian, 1965eko udan. Bidaia hartan, Paris, Venezia eta Londres ere bisitatu zituzten.
Pintura hau Frankenthalerren abstrakzio poetikoen adibide bikaina da; forma zehaztugabe eta geometrikoak ditu, lurra, itsasoa edo zerua bezalako elementuak iradokitzen dituen konposizio labur batean jarrita. Santoriniri egiten dion erreferentziak eta itsasoaren neurrigabetasunarekin eta kostalde malkartsu batekin duen antzekotasunak anbiguotasunez betetako irudi abstraktu baten sarrera eskaintzen dute.
Jatorrizko izenburua
Santorini
Data
1965
Teknika / Materialak
Akrilikoa mihise gainean
Neurriak
269,2 x 175,3 cm
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa. Dohaintza: The Helen Frankenthaler Foundation, Inc.