Segundo-frakzioa (Ispilua) IV
2022Anthony McCall (St. Paul’s Cray, Erresuma Batua, 1946) aitzindaria izan da zinema, eskultura eta marrazkia bezalako diziplinak konbinatzen, eta “argi trinkoaren” bidez egindako instalazioengatik da ezaguna, horien bitartez, pertzepzioaren izaera eta mugimenduan dagoen irudiaren propietate materialak aztertu baititu bost hamarkadatan. Itxuraz xumeak diren baliabideen bidez McCallek murgiltze-esperientzia hipnotikoa sortzen du eta haren lanak fenomeno eskultorikoak sortzen ditu proiektatutako argia erabiliz. Artistak berak adierazi bezala, “euren fisikotasunera baino ez daramaten” filmekin esperimentatzeko nahiari erantzunez, forma mugikorrez osatutako oinarrizko lengoaia bat sortu du: lerro bihurtzeraino eraldatzen diren puntuak, edo askotan gurutzatu egiten diren ertz zuzen nahiz okerrak. Isilik eta pixkanaka tolestuz eta zabalduz doazen figura horiek espazioan egindako marrazki gisa, eskultura minimalista gisa edo zine abstraktu gisa uler daitezke; hain zuzen ere, hiru praktika horiek 1970eko hamarkadaz geroztik agertu izan dira McCallen lanean. Erakusketa-espazioan argi-planoak modu kontrolatuan proiektatzen ditu jolas-eremu ukiezina sortzeko, eta, horren baitan, bisitariak harrituta geratzen dira laino finez egindako entitate ikusgarrien interakzioaren aurrean.
Anthony McCall. Segundo-frakzioa erakusketaren esparruan estreinatua, Segundo-frakzioa (Ispilua) IV [Split Second (Mirror) IV, 2022] obra argi-proiekzio horizontal bikoitza da, bi ispilu handi, bi proiektore eta bi pantaila zeharrargi dituena. Elementu horiek nolabaiteko zatiketa edo mozketa bat eragiten dute aretoan simetrikoki kokatuta dauden argizko bi bolumen konikoetan, batak bestearen mugimenduak islatu edo biderkatu nahiko balituzte bezala. Forma horien arteko hartu-emana fenomeno bidimentsional edo argi-marrazki gisa hauteman daiteke sarrerari begira dauden pantailen aurrealdean; bestaldean, aldiz, proiektatutako planoek bisitariek etengabe esploratzeko moduko gune bizi-biziak sortzen dituzte. Aretoan aurrera egin ahala, ohartzen gara argi-sorta horien proiekzioa ezinezko leku batetik egiten dela, eta erakusketa-gunea bat-batean biderkatu egin dela ispiluen eta proiekzio-pantailen interakzioa medio.
Jatorrizko izenburua
Split Second (Mirror) IV
Data
2022
Teknika / Materialak
Bideo-proiekzio bikoitza, ispiluak, laino artifiziala. 16 minutu, etengabe proiektatuta
Kreditua
Guggenheim Bilbao Museoa