202 aretoa

Lurraren arteak erakusketaren baitako ibilbidea borobiltzeko, areto honek abstrakzio artistikoa hartzen du gogoetagai, beren gorentasun isilean diren materialekin bat egiteko estrategia izan daitekeen heinean. Hemen jasotako lanetako batzuk amestutakoaren eta dagoeneko bizi izandakoaren erdibideko etorkizun bati dagozkio, eta, horietan, materiaren bilakaerarekin berarekin nahasten da artegintza. Hosto metaketek, adar txirikordatuek zein enbor adarkatuek kontraste nabarmena egiten dute berez jariakorrak diren gaiek —adibidez, argizariak edo latexak— duten plastikotasunarekin, baita tradizioz eskulturaren kanonari lotuta egon diren jatorri mineraleko zenbait materialekin ere, hala nola brontzearekin edo beirarekin. Izan ere, egitura organikoen potentzialak landare-, animalia- eta mineral-jatorriko zer ororen arteko etengabeko metamorfosia irudikatzeko aukera ematen du. Luma, larru edo hezur itxura harturik, landare-konposizio horiek ekosistemaren eta ametsaren arteko elkarrizketa zirkularra iradokitzen dute.
